Etxalde handi batek baino hobeki hiru ttipik

Hogei urte bete ditu Euskal Herriko Laborantza Ganberak. Urteurrenaren ospatzeko bildu dira Anhize-Monjoloseko egoitzan egun, solastatu, ongi jan eta edateko. Lurramak ere hogei urteak beteko ditu azaroan.

Ehun bat jende bildu da goizean, EHLGren Biltzar Nagusira. PATXI BELTZAIZ
Ehun bat jende bildu da goizean, EHLGren Biltzar Nagusira. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Ainhize-Monjolose
2025eko urtarrilaren 18a
16:15
Entzun

«Laborari», «erretretatu», «diputatu», «biharko laborari»... idatzi dute, bilkuran nor hor zegoen jakiteko pasarazi duten fitxaren Lanbidea atalean; horiek denak baitira EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren Biltzar Nagusiko publikoa osatzen dutenak. Bizitza nekazaritzan lanean iragan dutenak, gaur egun oraino ari direnak, gogo horrekin etorkizunari begiratzen diotenak, instituzioetatik ekarpena egin nahi lioketenak... horiek denak EHLGren hogei urteen ospatzeko bildu direnak egun, Anhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea).

Horiek denak eta hurbiletik jarraikitzen dieten militante guztiak ere bai. Elkarrekin, 2005eko urtarrilaren 15ean sortu zen gaur egungo EHLGren ekosistema osatzen dute; ELB sindikatuko laborariek sortu zuten laborantza herrikoi eta iraunkorraren aldeko laborantza ganberarena, hain zuzen.

«Erraten ahal da EHLGk gehiago egin duela hogei urtez Pauekoak [Okzitania] ehun urtez baino». Erraten ahal da, eta erratera ere ausartu da Beñat Molimos EHLGko lehendakarikidea, eta Biltzar Nagusiko asanblearen irria eragin. Segitu du, gero: «Oroitzen naiz Mixelek [Berhokoirigoin, Ipar Euskal Herriko laborari militantea, ELBren eta ondotik EHLGren sortzaileetarik bata] kontatzen zuenaz: Paueko Laborantza Ganberako hautetsi batek erran zion ezin zela lurralde batean anitz izan eta ber denboran uros bizi. Guk, hemen, bestelako hautu bat asumitzen dugu: guretzat, hiru etxalde ttipik anitz gehiago ekartzen baitiote lurraldeari handi batek baino».

«Euskal Herriko Laborantza Ganberak gehiago egin du hogei urtez Pauekoak ehun urtez baino»

BEÑAT MOLIMOSEHLGko lehendakarikidea

Biltzar Nagusia aitzina, EHLGren hainbat erronkaren inguruan solastatu dira: laborantza herrikoiaren bidean instalazioa eta transmisioa, tokiko garapena, ingurumena, laborantza politikak... Izan ere, Peio Dufau EH Baiko diputatua gomitatu dute laborantzaren inguruko politikez mintzatzeko, eta, zehazki, laborantza lurrak zaintzeko aurkeztu berri duen lege proposamenaren aipatzeko.

Lurramak ere urtebetetzea

EHLGrekin batean, nola ez, Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren azokak ere hogei urte beteko ditu aurten, zeren EHLGk sortu baitzuen Lurrama, eta, beraz, urtebetetze bera baitute biek, zenbait hilabeteren aldearekin. Laborantza Ganbera urtarrilean abiatu zen, eta Lurrama azarorako plantatu zuten. Ez zen kasualitatez izan, Francis Poineau EHLGko lehendakarikideak azaldu duen gisara: «Azaro hatsarrean egiten dugu, ez dadin izan turistendako bil lekua, baizik eta tokiko jendearendako aukera: aukera ikusi dezaten tokiko laborantzatik elikatzen ahal dela».

Hots, ospakizun urtea izanen da aurtengoa Ipar Euskal Herriko laborantza munduarendako. Delia Delanne EHLGko animatzaileak esplikatu du urte osorako egitasmoak antolatuak dituztela; egungoa urteroko urtebetetzearen gisakoa da, baina apirilaren 5ean bigarren ospakizun eguna eginen dute Heletan (Nafarroa Beherea): bazkari herrikoia eguerdian, tailerrak arratsaldean, etxalde bisitak... Kontzertu gaualdi batek borobilduko du eguna. «Eta azaroan bukatuko dugu, hogeigarren Lurrama ospatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.