Marrazkilaria

Iñaki Martiarena 'Mattin': «Etsipenaren aurrean irria altxagarria, eztigarria eta onuragarria da»

'Irritaia' liburua kaleratu du Mattinek, 84 ilustrazioz osatutako bilduma bat. Umorea erabiliz gizarteko gai askotarikoen inguruko kritika «eraikitzailea» egin nahi izan du marrazkilariak.

Iñaki Martiarena 'Mattin', aste honetan, 'Irritaia' liburuaren azaleko karikatura eskuan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Martiarena 'Mattin', aste honetan, 'Irritaia' liburuaren azaleko karikatura eskuan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Hainbat erabilera ditu umoreak. Horien artean, ongi pasatzea, momentu txarrak alaitzea eta aldarrikatzea ere bai. Aldarrikapena eta umorea historikoki eskutik joan diren kontzeptuak izan dira, eta hori aski ongi daki Iñaki Martiarena Mattin-ek (Donostia, 1967). Euskal Herriko egunkari askotan kaleratu izan ditu bere binetak, eta hainbat liburu publikatu ditu. Oraingoan, gizarteko hainbat gatazka, zapalkuntza edo ohitura irudikatu ditu umore grafikoaren bidez, Irritaia liburuan.

Nola definituko zenuke Irritaia?

Liburu hau umore grafikoko bilduma bat da, zirtoz betea. Ilustrazio batzuk argitaratuak izan dira lehenagotik, baina beste asko berriak dira. Ez nuke esango komiki bat denik. Umore grafikoa jorratzen duten ilustrazioak dira, eta bakoitzak behean testutxo bat du.

Zer jorratzen dute zirtoek?

Orotariko gaiak. Ez dira zehazki gaurkotasuneko gaiak, denetarik aurkitu daiteke. Bizitzako errealitatea irudikatzen saiatu naiz. Ilustrazioek ez dute harremanik haien artean; hau da, ez diote narratiba bati jarraitzen.

Kritikaz beteriko liburua da, beraz?

Hori irakurleak, edo, hobeto esanda, ikusleak erabakiko du [barrez]. Nik uste dut nire jarrera eraikitzailea dela; hau da, ez dut uste soilik alboan dudana kritikatu dudanik. Bortizkeriaz betetako bizitza bat dugu gaur egun, eta hori esan egin behar da.

Liburuak dituen koloreak bortizkeria hori ezkutatzeko dira?

Zuri-beltzean asko egin dut lan, eta uste dut koloreek leuntasuna eta arintasuna ematen diotela liburu honi. Estetikoagoa bilakatu dute. Inkontzienteki aukeratu ditut koloreak, uste dudalako garrantzitsuagoak direla, adibidez, marraztutako marrak, ez baitira perfektuak. Bulkadak du garrantzia.

Azalean eta tituluan igitaia agertzen da, zergatik?

Liburuaren izena hitz joko bat da. Ilustrazioez gain, hizkuntzarekiko lanketa sakon bat ere egin dut, eta liburuko testu txikietan ikus daiteke hori. Irribarrea eta igitaia uztartu ditut, bakoitzak duen esanahiarekin. Igitaia zorigaitza edo tristura mozteko tresna moduan irudikatu dut, eta, gainera, irribarre baten tankerako forma daukala esan dezakegu.

Erronka da herritarrek gizarteko gatazkekin eta zapalkuntzekin barre egitea?

Duela hogei urte baino baldintza hobeak ditugu, eta, printzipioz, horretan hobetu egin beharko genuke, baina botereak ez du atsegin horrelako kritikak egitea, eta hori nabaritzen da. Horregatik, oraindik zailtasun handiak ditugu, eta jendeak beste hainbat aurreiritzi.

Zailtasun horiek nabarmenak dira argitaratzeko orduan ere?

Bai, erabat. Lapurdiko Zortziko argitaletxearen eskutik kaleratu dugu lan hau. Ipar Euskal Herrian horrelako lanak sustatzeko eta irakurtzeko ohitura handiagoa dute. Nire ustez, umore grafikoari ez zaio merezi duen aitortza egiten. Askok zabarkeriarekin lotzen dituzte horrelako lanak, baina ni umore inteligenteago bat egiten saiatu naiz. Lehen, artea oso elitista zen, eta kopiak egiten hasi zirenetik, honelako lanak asko gutxiesten dira.

Jendeak oraindik uste du horrelako lanak umeentzat edo gazteentzat direla?

Baietz uste dut. Guri dagokigu horri buelta ematea, jendearen aurreiritziak aldatzea.

Gai serioen inguruan umorea egin daiteke?

Bai, jakina. Baina umorearen aterki horretan zer sartzen da? Nire kasuan, komunikatu eta adierazi egin dut nik, eta, bide batez, nire oreka emozionala zaindu.

Oreka emozional hori liburuko gaiek baldintzatzen dute?

Hala da. Ongizatea zaintzea oso garrantzitsua da. Liburu honekin jendeari pilula txiki bat eman nahi izan diot, ongizatea altxatzeko formula bat. Etsipenaren aurrean irria altxagarria, eztigarria eta onuragarria da. Liburuaren mezuak esaten duen moduan, amore ez emateko umorea da hau.

84 ilustrazio nahikoa dira munduko gatazka eta ezbeharrak irudikatzeko?

Gutxi dira. Gaur egungo egoerarekin, beste liburu bat ere egin daiteke.

LOTSABAKO

Irritaia-ko orri bat? Denak, baina, bat aukeratzekotan, 81. ilustrazioa.Kolore bat? Turkesa.Liburu bat?Denbora galdu alde [Bitoriano Gandiagarena].Erreferente bat? Nire amona Silberia.Euskal Herriko txoko bat? Ulia lore parkea [Donostia].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.