Ezarian. Zientzia

Etsaia ondo ezagutu behar

Biocruces institutuko eta EHUko talde batek gaitz zeliakoen genetika ikertzen dihardu; bertako kide Nora Fernandezek aurkezpen bat egingo du bihar Eibarren, Osasun Zientzietako Ikertzaileen Topaketan.

Amaia Portugal.
Donostia
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gaitz zeliakoen genetika gehixeago ezagutzen «tematu» direla dio Nora Fernandez Jimenezek. Ikerketa Funtzionalak Zeliakian izeneko ikerketa taldean dihardu, EHUn eta Biocruces institutuan, Jose Ramon Bilbaoren zuzendaritzapean. Bertan egiten duten lanaren berri emateko, Fernandezek aurkezpen bat egingo du bihar Eibarren, UEUk antolatu duen Osasun Zientzietako Ikertzaileen II. Topaketan.

Glutenarekiko intolerantzia izateak dakarren gaitz autoimmunea da zeliakia, eta populazioaren %2ri eragiten dio. «Zeliakoak sistema immunearen neurriz kanpoko erantzun bat izaten du. Glutena hestera iristen da, eta bertan epitelio ehuna zeharkatzen du. Zenbait prozesuren ostean, glutenaren peptidoak lotzen zaizkie zelula antigenoei (antigorputzen eragileak), eta horiek linfozitoak aurkezten dizkiete glutenaren peptidoei. Hortik aurrera, sistema immunea kitzikatzen duten prozesuak abiarazten dira», dio Fernandezek.

Horrek sorrarazitako sintoma ohikoenak ezagunak dira: goragalea, beherakoa, pisurik hartzen ez duten eta sabela puzten zaien haurrak... Batere arruntak ez diren zenbait kasutan, sintoma neurologikoak eta azaleko erupzioak ere gertatzen dira.

Genetikoki konplexua

«Zeliakiak genetika oso konplexua dauka. Haren herentzia ez da sinplea; ezin dugu aurreikuspen zehatzik egin, zeini transmitituko zaion», azaldu du Fernandezek. Konplexutasun horren korapiloa askatzeko ekarpenak egiten ahalegintzen dira haren taldean. Gaitzaren barrunbeez gehiago jakiteak ez luke sendabide magikorik ekarriko, baina etsaia zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta ahalmen handiagoa egongo litzateke hari aurrea hartzeko: «Adibidez, genetika ezagutzeak ekar lezake diagnosi goiztiarra, eta hori ona litzateke. Askotan umeak ospitalera eramaten dituzte ez direlako hazten eta botaka egiten dutelako, eta une desatseginak pasatzen dituzte. Genetikari buruz gehiago jakinez gero, horrelakoak saihestuko genituzke».

Fernandezek ez du uste inoiz zeliakia sendatzera iritsiko direnik. Izan ere, irtenbide natural eta errazena, ziur albo ondoriorik eragingo ez duena, glutenari uko egitea izango da beti. Hala ere, badaude salbuespen egoera batzuk, eta horietarako inoiz terapia edo pilularik egongo bada, zeliakiaren genetika luze ikertu eta hobeto ulertzea da gakoa.

Salbuespen horietako bat azpimarratu du Fernandezek: «Gaixotasun zeliakoan, oro har, glutena dietatik kentzean sintoma guztiak desagertzen dira. Baina badaude kasuak (oso gutxi dira), zeinetan hori ez baita gertatzen. Nahiz eta glutena dietatik kendu, sistema immuneak aktibatuta jarraitzen du, eta sintomak berdin pairatzen dituzte. Genetikaren mugarri bat izango litzateke talde hori bereziki aztertzea, kasu horretan mereziko bailuke gaixo horiei tratamendu bat ematea».

Ezbeharrak dira Fernandezek aintzat hartu duen beste salbuespena. Zeliako arruntak oharkabean glutena duen edo glutenarekin kutsatuta dagoen jakiren bat irentsiz gero, erreakzioa eteteko aukeraren bat izatea. «Gaixotasunaren patogenesia hobeto ezagututa, genetikak lagundu dezake itu terapeutiko berriak bilatzen, horrelako kasuetan sintomak tratatzeko», esan du.

Gaitz zeliakoa ikerketarako bereziki interesgarria dela dio ikertzaileak, «eredu ona delako gaixotasun immuneen artean». Izan ere, ikertzeko askotariko bideak eskaintzen ditu, bai eta bertan ikertutakoa beste gaitz immuneetara estrapolatzekoa ere.

Beste ikertzaile batzuek egindako lanetan zeliakiaren eragile posibletzat jo izan diren geneak aztertu izan dituzte Fernandezek eta taldekideek. Hala ere, bidezidor metaboliko izenekoak jorratzen dituzte gehiago: erreakzio multzoak, gene bakar bat baino gehiago, gaitzaren argazki genetiko orokorrago baten bila.

Biopsiatik abiatuta

«Orain gauzak egiteko moduak aldatu dira, baina duela gutxi arte biopsia bat egiten zen zeliakia diagnostikatzean, eta beste bat bi urte geroago. Biopsia horiek bi argazki ematen zituzten: lehena, gaixotasun aktiboarena, eta bigarrena, gaixoa den baina sintomarik ez duenarena», dio Fernandezek. Bere taldean halakoak erabili izan dituzte bi argazkien arteko desberdintasunak identifikatu eta zeliakiarekin zerikusirik ba ote duten aztertzeko. «Gure taldeak genoma osoko adierazpen azterketa bat egin zuen, eta ikusi genuen bazeudela bidezidor metaboliko jakin batzuk, gaixotasunean asaldatuta agertzen zirenak», gaineratu du.

Hala, biopsiak laborategian in vitro jarri eta glutenarekin estimulatu izan dituzte. Geneen adierazpena ez ezik, haien arteko harremana ere aldatzen dela dio Fernandezek, eta koordinazioa dagoela. Izan ere, bidezidorra partekatzen duten gene batzuek modu bateratuan erantzuten dute estimuluaren aurrean. «Bidezidor jakin baten kasuan, topatu dugu konposatu bat aldaketa horiei guztiei buelta ematen diena. Estimuluak eragiten duen aldaketa hori itzulgarria da konposatu jakin bat sartuta», dio.

Oso zaila eta oso epe luzerako lana izango da balizko terapiaren bat aurkitzea, baina Fernandezek aipatutako konposatu horren gisako ekarpenetan dago abiapuntua. Gainera, zeliakiaren kasuan ikusitako hau beste gaitz batzuentzat aplikagarria izan daitekeela berretsi du: «Geneen arteko koordinazio eta koordinazio aldaketa hori, itzulgarria izate hori... Ziur gaude horrelako mekanismoak beste hainbat bidezidorretan eta beste egoera patologiko batzuetan ere gertatzen direla». Besteak beste, diabetesa, artritisa eta psoriasia aipatu ditu, mekanismoetan zeliakiarekin antza duten gaitzen artean.

Beste lerroak

Fernandezen lerroa adierazpenei lotuta dago bereziki, baina bere taldean jorratzen dituzte zeliakia ikertzeko beste ildo batzuk ere. Esaterako, zeliakoak diren eta ez diren bi talderen arteko genoma osoaren asoziazio azterketa egin, eta nukleotidoei (molekula organiko mota bat) erreparatzea. «Sekuentzia mailan, ikusi dugu nukleotido jakin baten aldaketa maizago gertatzen dela talde batean bestean baino. Pentsa daiteke horrek nolabaiteko eragina duela gaixotasun zeliakoan», azaldu du.

Epigenetikaren bidetik ere ari dira taldekide batzuk, metilazioari lotutako desberdintasunen bila: «Gure zelulen makineriak geneen adierazpena kontrolatzeko duen baliabide bat da metilazioa. Hori askotan ikertu izan da bestelako gaixotasunetan, baina guk lehenbizikoz ikusi dugu, gaixotasun zeliakoen kasuan, aldaketak daudela zeliakoak ez diren pertsonekin alderatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.