Julen Ribas. Komikigilea

«Etorkizunerako erreferentzia da ikusleek duten erreakzioa ikustea»

2010. urtean, Arrasateko Margo Taldeko kide egin zen Julen Ribas. Luis Laskurain margolari bergararra maisu harturik, bere lehen bakarkako erakusketa jarri berri du Baionako Kalastrope aretoan.

BERRIA.
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Paisaiak, figurak, natura hilak... denetariko margolanak ditu Julen Ribasek (Arrasate, Gipuzkoa, 1981) otsailaren 4a arte Baionako Kalastrope aretoen ikusgai dagoen erakusketan. Orain arte, Arrasateko Margo Taldeak urtero egiten duen erakusketan baino ez zituen erakutsi bere margolanak; Baionakoa da Mantangorri-ko komikigilearen lehen bakarkako erakusketa.

Zein motatako margolanak daude zure erakusketan?

Denetarik aurkituko du bertara biltzen denak: paisaiak, figurak, erretratu txikiren bat, baita natura hilak ere.

Margolan bat hasi aurretik, nondik atera ohi duzu inspirazioa, eta, behin hasitakoan, zenbat denbora eskaintzen diozu?

Inspirazioa ez datorkit leku finko batetik. Bizitzan atentzioa ematen didaten gauzei erreparatzen diet; edozer izan daiteke inspirazio iturri: paisaia bat, emakume baten figurak, aurpegi polit bat erretratu baterako... Nire margolanetan koloreek dute garrantzirik handiena, eta horretan jartzen dut arreta. Kontraste handiko edo argitasun handiko paisaiak aurkitzen ditudanean, edota gerizpe politen bat, margotu egiten dut. Denborari dagokionez, lanaren araberakoa izaten da. Badaude lau astetan egiten ditudan lanak, baita bi orduko bi saiotan bukatzen ditudanak ere. Gainera, komikigile lanarekin uztartzen ditudanez, zaila zait denbora zehaztea.

Zure erakusketak zein berezitasun duela esango zenuke, edota zergatik bisitatu beharko luke jendeak?

Nahi dutelako edo ez dutelako beste zereginik, kar-kar. Niretzat oso garrantzitsua da, nire lehenengo bakarkako erakusketa delako eta erakusketaren baloraziotik gauza asko atera ditzakedalako. Etorkizunera begira erreferentzia bat izango da niretzat jendeak pinturen aurrean zer sentitzen duen jakitea. Onak zein txarrak izan, kritikak jasotzea beti da aberasgarria.

Jendeak, oro har, baloratzen du horrelako margolanek atzetik duten esfortzua?

Baloratzen dutela iruditzen zait, baina ez dakit zenbateraino. Ez bazara margolari edo marrazkilari edo mundu horren parte, lanaren zati bat baloratuko dute. Mundu horren inguruan jakitun ez den batek margolanaren zehaztasuna ikusiko du; askotan entzuten den esaldia izaten da argazki bat dirudiela, baina badakien batek azterketa sakonagoa egingo du beti, margolanaz harago doana.

Erakusketan dauden margolanak salgai daude. Oraingo egoera ekonomikoa ikusita, zer-nolako salmenta espero duzu?

Printzipioz, ez dut inolako salmentarik espero. Margolanak salgai daude, eta nahi duenak erosteko aukera dauka. Ez dut inolako fantasiarik egin nahi buruan. Saltzen badira, primeran, eta hala ez bada, aurrera jarraitu beharko da. Argi daukadana da jendeak bizitzeko ez duela pinturarik behar, eta artearen aurretik beharrezko diren beste gauza asko daudela. Hala ere, dirua duenik ere bada, eta momentu ona da inbertitzeko.

Zein ikusle motarentzako erakusketa da?

Ez dago adin jakin bateko jendeari bideratuta. Edonork ulertu eta sentitu ditzakeen margolanak direla uste dut. Ez dago haurrek ikusi ezingo luketen gauza eskandaluzkorik. Ez dira irudi abstraktuak; edonork uler ditzakeen irudi figuratiboak dira, publiko zabalari bideratuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.