Mari Jose Aranguren (Urrestilla, Azpeitia, 1969) Deustuko Ekonomia eta Zientzien Fakultateko ikerlaria da, eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari akademikoa. Krisia Tolosaldean eta ihes egiteko moduei buruz hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zizurkilgo Atxulondo etxean (Gipuzkoa).
Krisiak okerrera joko balu, zer ondorio ekar zezakeen horrek?
Nik uste dut hondoa ukitu samar daukagula. Datorren urterako errekuperazio minimo bat hasikodelakoan nago. Ez dut uste okerrera joango denik, beraz. Hala ere, gure ustez, garrantzitsua da guk zer egiten dugun. Ez da lenengo krisia, gogorra da, baina asko pasa ditugu Euskal Herrian, eta atera gara. Krisiak iraun bitartean hartzen dituzun erabakiak, nola egiten duzun lan, zure jarrera... horrek asko markatzen du krisiaren ondoren nola geratuko den herria. Negozioa gaizki doa, baina zer behar berri daude gizartean? Zer sor dezaket? Hor ikus dezakegu, esaterako, iraunkortasunaren eta ingurumenaren zaintzaren inguruan behar handiak daudela.
Dibertsifikazioa nola egin beharko litzateke?
Durangaldeko [Bizkaia] forja enpresa bat, esaterako, eskiak egiten hasi zen, txinatarrek forjako piezak merkeago egiten hasi zirelako. Zentro teknologikoekin diseinuan hobetu, eta zuk lehendik dakizunetik, beste batzuek dakitenekin, beste produktu bat saltzen hasten zara, eta merkatu berriak irekitzen dituzu. Duela urte batzuk aeronautikan ez zegoen ezer hemen. Motoreetako pieza batzuk egiten zekiten, eta ikusi zuten automozioko merkatuan saltzeaz gain aeronautikan ere saltzeko aukera zegoela. Eta gaur sektore aeronautiko indartsu bat daukagu. Edo automozioa izan ondoren orain osasun arloan aritzen diren enpresak daude. Edo zerbitzuetan, fisioterapiako konsulta bat daukazu, eta, horrez gain, ikastaroak ematen dituzu. Nik egiten dakidan hortatik, zer gehiago egin dezaket? Tolosaldean badaude paper fabrikentzako makinak egin dituztenak, eta makina horien hornitzaileak. Makina horientzako piezak egin beharrean, has daitezke energia eolikoaren alorrerako egiten. Energia berriztagarriena etorkizuneko merkatua da. Zuk bakarrik ez, baina elkarlanean egin dezakezu produktu berri bat.
Gure esku dagoena egitea nahikoa da krisitik ateratzeko?
Urrats hauez gain, krisitik ateratzeko gauza gehiago egin behar dira. Geure jarduna indartuz gero, krisitik ateratzeaz gain, hobeto prestatuak egongo gara, zulotik irtetzen garenean. Ez baldin badugu ezer egiten, jarraitzen baldin badugu etorkizun gutxi duten produktuak egiten, Txinak Indiak, Europako Ekialdeak guk baino merkeago egingo dituzte.
Zein da eredua?
Etorkizunerako eredua ez da soldatak jaistea. Lehiakorrak izateko bidea ez da hori. Produktu berriak sortuz joan behar dugu. Aitak askotan esan izan dit: 'Dakienik ez da inor jaio, gauzak eginez ikasten dugu'. Dibertsifikazioa horretan hasten da. Hemengo enpresa txiki asko ez dira hasi esportatzen. Ez da erraza, noski, baina duela urte batzuk Alemaniara joaten hasi ziren. Ausardia eduki behar dugu merkatu berrietan sartzeko, dibersifikatzeako, beti egiten dugun horretatik ateratzen hasteko. Horrek lagunduko digu krisitik ateratzen garenean besteak baino hobeto kokatuta egoten.
Mari Jose Aranguren. Ekonomialaria
«Etorkizunerako eredua ez da soldatak jaistea, baizik eta produktu berriak sortzea»
Unibertsitateko ikerlaria eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendaria da Aranguren, eta krisitik ateratzeko bidea zein den azalduko du gaur Zirzurkilen, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu