ATZEKOZ AURRERA. Jon Urutxurtu. Historialaria

«Etorkizunera begira jarri nahi dugu, iragana ezagutuz»

Duela 100 urte Bilbo, Durango eta Arratia artean izan zen tranbiari buruzko erakusketa osatu dute; Urutxurtuk uste du etorkizuneko garraio ereduaz hausnarketa egiteko balio duela.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Tranbiak lotzen zituen Bilbo, Durango eta Arratia eskualdeko herriak (Bizkaia), duela ehun urte baino gehiago. Egoera ekonomikoa okertzearekin batera desagertu zen, 1964an. Ordutik, autoak izan dira garraiobide nagusia. Horren guztiaren berri emateko Bilbotik Durango eta Arratiako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako tranbia gabe erakusketa ibiltaria osatu dute. Garai hartako tranbiak zituen geltokietatik igaroko da. Zeanuritik abiatuko da ostiralean, eta handik Igorre, Lemoa, Areatza eta Galdakaora eramango dute. Bilbon egingo du azken geltokia. Iragana ezagutzeko ez ezik, etorkizuneko garraio ereduaren inguruko hausnarketa egiteko balio duela azaldu du Jon Urutxurtuk, erakusketaren komisarioak.

Zergatik antolatu duzue erakusketa?

50 urte beteko dira tranbia desagertu zela. Arratian oso sinbolikoa izan da, ikur bat. Ez dago horren berri ematen duen material askorik, edo,hobeto esanda, dagoena sakabanatuta dago. Helburu bat bada: dagoen hori guztia biltzea.

Material asko bildu duzue?

Bi metroko 30 panelek osatzen dute erakusketa. 150 argazki bildu ditugu, bai eta ekonomiaren egoeraren berri ematen duten grafikoak ere. Urtean urteko bidaiari kopuruak ageri dira horietan. Prentsa idatziko albisteak ere badaude. Eta ikus-entzunezkoak ere lortu ditugu. Herritar batek tranbiak egindako bidaia baten hamar minutuko grabazioa egin zuen. Eta No-doko irudi batzuk ere eskuratu ditugu. 1964ko azaroaren 29an Igorrera eraman zuten azken tranbia; erakusketa eta agur jaialdia egin zuten han, eta orduko grabazioak dira dokumentalean ageri direnak. Sakabanatuta dagoena biltzen saiatu gara, baina espero dugu aurrerantzean gehiago eskuratzea.

Eskualdeko historia herritarrei ezagutaraztea al da helburua?

Arratiako historiaren atal bat ezagutarazi nahi dugu. Baina beste helburu bat ere badu erakusketak: garraiobideei buruzko gogoeta egitea, alegia. Etorkizunera begira jarri nahi dugu, iragana ezagutuz eta gaur egungoa ulertuz.

Garraio eredua zehazten lagunduko dizue?

Duela 60 urte tranbiak kendu zituzten mendebaldeko Europako hiri gehienetan. Arratiakoak apur bat gehiago iraun zuen. Baina 1980ko hamarkadatik aurrera berriz hasi dira jartzen. Europan, 280 hiritan daude tranbiak gaur-gaurkoz. Bilbo eta Gasteizkoak dira horren adibide. Garraiobide iraunkorra da, ekologikoa eta hiri bizitza hobetzen laguntzen duena. Erakusketak, iraganari begiratu ez ezik, gaur egungoaz hausnartzeko bidea ere badela erakusten du.

Herrian ezaguna al da tranbia?

60 urtetik gora dutenek ezagutu dute, oso garrantzitsua izan baitzen herritarren eguneroko bizitzan. Zornotza, Durango eta Arratiako herriak elkarren artean komunikatzen zituen, eta Bilboraino heltzen zen. Salgaiak ere garraiatzen ziren, hainbat lantegiko sarreretan geltokiak baitzeuden: Cementos Lemona, Basauriko Vasconia fabrika eta Santa Ana de Boluetan, adibidez. Arratian lantegi gutxi zegoen, eta Basaurira, Galdakaora edo Bilboko portura joaten ziren asko lanera.

Industriari lotuta dago, hortaz.

Hala da. Aldebikoa zen joan-etorria. Langileak lantokietara joateko bidea izateaz gain, salgaiak garraiatzeko erabili zen. Baserrietako produktuak hirira eramaten ziren, etalantegietako produkzio ekoizpenak garraiatzen ziren.

Zergatik utzi zion ibiltzeari?

1911n, Ferrocarriles Vascongados konpainiak erosi zuen tranbia. Lemoatik Durangora trena zegoen orduan, eta bide berbera egiten zuten hainbat zatitan. Trenaren alde egin zuen konpainiak orduan. Baina hori ez zen desagertzeko arrazoi bakarra izan. Errepideko garraioak ere bultzada izan zuen garai horietan, eta, bideak eraikitzeko orduan, oztopoa zen trenbide sarea. 1953ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten. Egoera ekonomikoa okerrera zihoan, eta enpresak ez zuen izan tranbiaren modernizazioa egiteko interesik. Arrazoi horiek eragin zuten tranbia desagertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.