Etorkizuneko mantenua

Elikagaien nutrizio edukia aldatzeko eta janaria 'eraikitzeko' aukera eskaintzen du 3D inprimatzaileak. Animalien erabilera murriztea eta luxuzko janariak guztien eskura egotea da helburu nagusia.

Cocuus enpresan sortzen duten landare jatorriko hirugiharra. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hasieran, 3D inprimagailuek aukera ematen zuten objektuak hutsetik sortzeko, plastiko urtua edo metalak erabiliz. Orain, dastamenak eta usaimenak ereepaitu ahal izango dute asmakizun honen eraginkortasuna, Cocuus eta gisa bereko enpresak hasiak baitira elikagaiak sortzeko 3D inprimagailua erabiltzen. Laborategietan hazitako zelulak, fabrika handietako haragi hondarrak eta landareetan oinarritutako haragi artifizialak darabiltza Iruñeko enpresak janaria inprimatzeko.

Cocuus enpresaren ibilbidea duela hamar urte hasi zen, Patxi Larunbe zuzendariaren eta haren taldearen eskutik: «Uste genuen jende asko ibiliko zela 3D inprimagailu industrialak egiten. Guk bestelako bide bat hartu genuen, eta gaitasun handiko 3D inprimagailu industrialak egin genituen elikagaiak sortzeko». Duela hamar urte egindako inbertsioa arrakastatsua izan da, zuzendariaren ustez, eta orain gai dira ilarrekin eta oliba olioarekin hirugiharraren testura eta zaporea duen kopia sortzeko.

Hirugihar horretara iristeko, prozesu luze bat dago atzetik. Hasteko, kopiatu nahi den animalia produktuari eskanerra egiten diote. Horri esker, molekula guztien 3D erradiografia egin, eta produktuaren proportzioak zehazten dituzte: hirugiharrak zenbat haragi eta zenbat koipe duen, alegia. Hori jakinda, makinak pizten dituzte, eta haragiaren lerro zuriak eta gorrixkak kopiatzen dituzte, landare jatorriko elementuak soilik erabiliz. Zientzialariek berriztatzeko aukera ere badute, eta animalia eta landareen osagaiak erabiltzen dituzte bestelako txuleta bat sortzeko.

Kopiak engainatu egin behar du. Jaten duenari iruditu behar zaio, hasieran behintzat, platerean eta ahoan duena haragi zati bat dela. «Ganba bat sortzen badugu, ganba itxura izan behar du. Kosk egitean, haren testura ekarri behar du gogora, eta ez litxarreria batena. Bestela, ez du balio», azaldu du zuzendariak.

Larunbek badaki ez dela erraza elikagai berri horiek onartzea. Mesfidantzan aditua da. «Nork jango du hori?», da gehien entzuten duen galdera. Baina zuzendariak erantzun argia du: «2050ean, janaria modu jasangarriagoan ekoitzi beharko dugu. Munduan hamar mila milioi pertsona egonen dira, eta denentzat ez da behi eta txerri aski egonen». Horregatik, elikagai berriak inprimatzeko, haragi soberakinak eta landare jatorrizkoak erabiltzen dituzte, animalia gehiagoren hilketa eragozteko.

Purez egindako 'txuleta'

Eguneroko bizimodua errazagoa izatea da 3D inprimaketaren helburu nagusietako bat, eta, horregatik, Cocuusen pureak 3D objektu bihurtzen dituen proiektu bat abiatu dute. Proiektuak Softmimic du izena (Kopia biguna), eta disfagia dutenei eta adinekoei lagundu nahi die. Zahar egoitzetan bizi diren hiru adinekotik batek disfagia du, hau da, tragatzeko zailtasuna, eta horrek jaki solidoak dastatzeko gaitasuna oztopatzen du. Hori dela eta, adinekoek askotan uko egiten diete jakiei; puska txikiak jaten dituzte, eta nahiago dituzte jaki irensten errazagoak, purearen modukoak.

Hala ere, egunero pure berdea jateak eragin kaltegarria izan dezakeela uste du zuzendariak: «Formula bat aurkitu nahi genuen egunero zerbait desberdina izango zutela ziurtatzeko». 3D inprimagailuari esker, purea hartu eta jatorrizko produktuen oso antzekoak diren elikagaiak sortzen dituzte. Txuleta itxura eta zaporea duen purea egiten dute, adibidez. Txuleta itxura duen pure horri esker, disfagia dutenek plater desberdinak izango dituzte, eta jateko ilusioa berreskuratu: «Eragin sozialeko proiektu bat da, pertsonen arazoak konpontzen dituelako. Izan ere, adinekoek jatea interesatzen ez zaiela esaten dutenean, dena galtzen dute».

Kopiak originala gaindituko du? Zuzendariak zalantzak ditu, eta, horregatik, bere produktuak bertsioak direla esan du: txuletaren bertsioa, izokinaren bertsioa eta hirugiharraren bertsioa, esate baterako. Hala ere, originalak bere lekutik kendu dituzten kopiak badaudela azpimarratu du: «Duela 30 urte gulak atera zirenean inork ez zituela jango esaten zen. Baina gaur egun supermerkatuetan ez dagoena angulak dira. Kopia nahiko ona delako, asebetetzen duelako, eta ez delako originala bezain garestia».

Etorkizunean originalek kopiekin batera egon beharko dute, Larunberen arabera. Oraingoz, enpresa gutxi batzuek lan egiten dute elikagaiak sortzeko teknologia berri horrekin, baina etorkizunean ospitaleetan eta jatetxeetan ohikoa izango dela uste du Larunbek. Ekoizpen jasangarriagoa egiteko aukera emateaz gain, edonoren sukaldera iritsiko dira normalean garestiagoak diren produktuak,zuzendariak azpimarratu duenez: «3D inprimagailuak demokratizatu egingo ditu zenbait elikagai. Lehenago garestiak ziren janariak denon eskura egonen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.