Etorkizuneko eredua harpidetzan sostengatu behar dela diote ikerlariek

Euskarazko eta katalanezko sei hedabide aztertu ditu EHUko HGH ikerketa taldeak, Behategiaren urtekariko artikulu batean

Iñaki Alegria, Jose Maria Guibert, Libe Mimenza, Nekane Balluerka, Vicente Atxa eta Alberto Barandiaran, atzo. A.C. / ARP.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskarazko eta katalanezko komunikabide nagusiak oreka aproposen bila dabiltza: egunerokotasunari erantzun behar diote, eta, aldi berean, sakoneko gai propioak sortu eta euskarri bakoitzari zukua atera. EHUko HGH ikerketa taldearen Euskarazko eta katalanezko hedabideen joera berritzaileak artikuluaren arabera, etorkizuneko negozio eredua harpidetzan sostengatu behar da, eta publizitatearen menpekotasuna gutxitzea ezinbestekoa da. Harpidetzak sustatzeko kalitatezko informazioa eman eta komunitatea trinkotzeko egitasmoak bultzatu behar direla ondorioztatu du taldeak.

Artikulu hori, beste zortzi ikerketa lanekin batera, Euskal Hedabideen Behategiaren urtekarian irakur daiteke. Durangoko Azokan aurkeztu zuten atzo urtekaria. Euskal komunikazioaren alorrean gertatutakoari begirada sakona emateko sortu zuten urtekaria, eta, sektoreko aldaketen kronika ez ezik, ikus-entzunezkoen arloak eta testuinguru sozioekonomikoak ezarritako baldintzak aztertzen ditu argitalpen berriak.

HGH ikerketa taldearen artikuluan, euskarazko hiru komunikabide —BERRIA, Argia eta Goiena— eta katalanezko hiru —Ara, El Punt Avui eta Vilaweb— hautatu dituzte. 24 elkarrizketa egin dituzte hedabide horietako profesionalekin. Amaia Alvarez lanaren ikerlariak nabarmendu duenez, hedabide bakoitzak bere bidea egin du, «baina denek jasan behar izan dituzte une latzak krisiaren ondorioz». Katalunian, dena den, bi abantaila izan dituztela azaldu du: «Katalana erabiltzen duten hedabideen sektorea indartsuagoa da Euskal Herrian baino, eta, Kataluniako independentzia prozesuaren ondorioz, azkeneko urteetan egunkari gehiago saldu dira». Egunkari askoren negozio eredua harpidetzara bideratzen ari direla ondorioztatu dute lanean. «Harpidetza kopurua handitzeko giltzarria, era berean, informazioaren kalitatea hobetzea da. Kalitate gehiago eskainiz, eta gai propio gehiago landuz, harpidetzak igotzeko bidea ireki daiteke». Krisiari aurre egiteko, publizitatearekiko menpekotasuna jaitsi eta harpidedunen komunitatea indartzen saiatzen ari dira hedabideak. «Hori lortzeko, agenda propioa lantzea da gakoetako bat», dio Alvarezek.

Komunitatea indartzeko neurrien artean, Vilaweb katalanezko atariarena aipa daiteke.«Komunitatea dinamizatzeko kazetari bat izendatu dute. Informazioa doan eskaintzeko printzipioa betetzen dute. Hori dela eta, balio erantsia duten abantailak eskaintzen dizkiete harpidedunei: webgunea iragarkirik gabe bisitatzeko aukera eta kazetariekin harreman hurbilagoa izateko aukera». Urtero harpidedunekin bilerak egiten dituzte, kazetaritzari eta hedabidearen etorkizunari buruz. Harpidedunek sare sozial propio bat dute, eta hedabidearen editoriala argitaratu baino ordu batzuk lehenago jasotzeko aukera dute, horren inguruan iritziak eman ahal izateko.

Ara eta El Punt Avui egunkariek, bestalde, artikulu kopuru jakin bat eskaintzen dute doan, baina paywall estrategia dute martxan —eduki guztiak irakurtzeko ordaindu egin behar da—. Alvarezen arabera, BERRIAn, Argia-n eta Goienan ez da ikusten Interneteko informazioa ixteko aukera hori mahai gainean dagoenik, «euskara babesteko tresna gisa eta zerbitzu gisa ulertzen baitute euskarazko doako informazioaren eskaintza».

Euskarazko eta katalanezko hedabideen arteko kolaborazioak —BERRIAren etaVilaweben artekoa, adibidez— interesgarritzat jo ditu Alvarezek: «Indar metaketak emaitza interesgarriak ekar ditzake kazetaritzaren eta hizkuntzaren babesaren aldetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.