Farmaziako doktorea eta EHUko ikerlaria

Gorka Oribe: «Agian, etorkizunean posible izango da pazientearen zelulekin azal zati bat garatzea»

3D inprimaketan zer erronka dauden zehaztu du Oribek, baita teknologiaren etorkizuna zein izan daitekeen ere: «Teknika horrekin, ehunak edo organoak inprimatzea lortu nahi da; gaur egun ez gaude hor».

Gorka Oribe Farmazia doktorea eta EHUko ikerlaria. NURIA GONZALEZ / EHU
Gorka Oribe Farmazia doktorea eta EHUko ikerlaria. NURIA GONZALEZ / EHU
itsaso jauregi 2
2024ko abenduaren 20a
05:05
Entzun

Gorka Oribe Farmazia doktore eta EHUko ikerlariak (Gasteiz, 1976) beste artikulu bat argitaratu du Science aldizkarian: Regenerative cell therapy with 3D bioprinting (Terapia zelular birsortzailea 3D bioinprimaketarekin). Ikerlariak ideia batzuk proposatu ditu 3D inprimaketaren bitartez zelulak birsortzeko erabiltzen den teknologia hobetzeko, eta etorkizunari begira 3D bioinprimaketak zer erronka dituen zehaztu du. Horretaz gain, klima aldaketaren eraginari gertutik erreparatu dio Oribek, gizartearen osasunean zer eragin duen aztertuz.

Ez da Science aldizkarian argitaratzen duzun lehen aldia. Nolakoa da bertan idazteko prozesua?

Zortea izan dut. Prozesua luzea, astuna, zaila eta gogorra da. Science aldizkarira bidaltzen diren proposamenetatik %5 onartzen dira bakarrik. Artikulu bat publikatzeko prozesua lehiakorra da, eta gertatu izan zait lan bat bidaltzea, ez onartzea, aldaketak egitea berriz bidaltzeko, eta bi urte beranduago publikatzea. Testua urrian bidaltzen bada, ez da azaroan publikatuko.

Zein da medikuntza birsortzailearen gaur egungo egoera?

Alde batetik, 3D inprimaketak lortu behar du ehun bakoitzera egokitzea. Ez bakarrik zelulak desberdinak direlako, organoek ezaugarri desberdinak dituztelako eta bakoitzaren propietate fisiologikoak aldatzen direlako. Bestalde, inprimatzerakoan zelulen kopurua handitu behar dugu; hori lortzea zaila izango da. Hirugarren helburua da teknikak laborategitik ateratzea eta alor klinikora eramatea.

3D bioinprimaketaren teknikarekin gihar bat inprimatu daiteke, adibidez?

Teknika honekin, ehunak edo organoak inprimatzea lortu nahi da; gaur egun, ez gaude hor. Gure gorputzean ditugun ehunen berdinak inprimatzeko gaitasun hori ez dugu oraindik lortu, baina azken urteetan garapen teknologiko oso handiak izan dira, eta, horri esker, asko hobetu dira zelulak eta materialak inprimatzeko gaitasunak.

Nolakoa izango litzateke gihar bat inprimatzeko prozesua?

Poliki-poliki ehunak hobeto garatzea eta funtzionalak izatea lortu beharko genuke, eta, gero, Lego piezak balira bezala, lantalde desberdinak lotzea: azal edo mintz soil bat egitetik epidermisa egitera igarotzeko, alegia. Erronka izango litzateke ehunetatik organoetara igarotzea.

Teknologian aurrerapenak egiteko ikerketa laborategitik atera beharko litzateke?

Hainbat garapen bide ditu. Oinarrizko ikerketak aurrera jarraitu behar du inprimatzen dena gero eta hobea izateko. Baina beti klinikari begira egon behar dugu, gaixoak behar duenari. Askotan, kontua ez da edozer gauza inprimatzea, baizik eta pazientearentzat egokiena dena inprimatzea.

Zer egoeratan erabiliko litzateke 3D bioinprimaketa?

3D bioinprimaketa teknika egokia izango litzateke hainbat arazo tratatzeko. Kirurgia gelan horrelako teknikak izatea lagungarria izan daiteke pazienteak behar dituen zatiak, ehunak edo osagai biologikoak azkar sortzeko eta klinikoki erabiltzeko. Ez dut esan nahi bihotz bat sortzeko aukera izango dugunik, baina agian ehun, muskulu, hezur edo tendoi zati bat sortzeko bai.

Zein da bioinprimaketaren zailtasun nagusia?

Gure gorputzak berezitasun batzuk dituela, errepikatzeko zailak direnak. Ehunak edo organoak sortzeko orduan, zelula mota asko egon daitezke, eta haien dentsitatea oso handia da, inprimaketa sistemek ahalbidetzen duten baino askoz handiagoa. Zelulak ez daude bakarrik: odol sistema ere badago. Nola inprimatu daiteke funtzionala den ehun baskular bat? Hori lortzeko bide luzea dugu oraindik.

Zeintzuk dira bide luze hori oztopatzen duten elementuak?

Ikuspuntu praktiko batetik, inprimatzeko makinen prezioa da oztopo nagusi bat; oso garestiak dira, gehienek 100.000 eta 150.000 euro arteko prezioa dute. Merkeagoak egitea lagungarria izango litzateke teknologia modu eraginkorragoan garatzeko. Ikuspuntu teknologikotik, erronka asko daude, baina horrek ez du esan nahi egun batetik bestera konpondu behar direnik. Science aldizkariak baloratu du dauden erronkak planteatzeko orduan izan dugun ikusmena. 

Etorkizunari begira, zein uste duzu izango dela 3D bioinprimaketaren rola?

Uste dut presente egongo dela. Agian, etorkizunean posible izango da pazienteak bere zelulak eman ondoren zenbait ezaugarri dituen azal zati bat garatzea, bere organismora ohituta dagoena. Teknika pertsonalizatuak egitea ahalbidetuko luke horrek.

Organoak aldatu egiten dira denboraren poderioz. Teknologia horrekin sortutako elementuek portaera hori imitatuko dute?

Urteak pasatu ahala, gure organoak eta ehunak poliki-poliki gaixotzen dira. Horregatik, azken urteetan 4D bioinprimaketaren inguruan hitz egiten hasi dira. Teknika horri esker, materiala inprimatu ondoren, alda daiteke; estimuluen aurrean erreakzionatzen du. Imajinatu inprimatzen duzula ehun bat eta, segun zein den tenperatura, itxura bat edo beste har dezakeela, gure ehunek horrela jokatzen dutelako. 

Ehunen portaera ere imitatzea izango litzateke erronka, beraz?

Bai. Ez da bakarrik ehun bat egitea, baizik eta ehun horren funtzionamendua garatzea. Erabiltzen diren materialekin lor daiteke inprimatzen den horrek estimulu baten aurrean erreakzionatu dezala.

Bestalde, klima aldaketaren eragina gertutik ikertu duzu. Nolako eragina du osasunean?

Gizakiok gure munduan egiten ditugun gauza askok kliman eta beste zenbait egoeratan eragiten dute. Orain ikusten ari da gure eraginagatik azkartzen ari direla zenbait aldaketa. Esate baterako, arnasten dugun airea gero eta zikinagoa da; hori dela eta, arnas aparatuarekin erlazionatzen diren gaixotasunak ohikoagoak dira. Gainera, erabiltzen ditugun material askok zikinkeriak eragiten dituzte: plastikoek, mikroplastikoek, konposatu kimikoek eta medikamentuek, adibidez. Substantzia horiek eragina izan dezakete gure osasunean.

Nortzuk ari dira gehien pairatzen klima aldaketaren ondorioak?

Batez ere egoera ahulenean dauden pertsonei eragiten die, eta herrialde txiroenek sufritzen dute gehien. Izan ere, aldaketa klimatikoak lehorteak eta uholdeak ere eragiten ditu, eta horiek osasunarekin erlazio estua eta zuzena dute. Baliabide gutxiago dituztenek ezin diote egoera larriari aurre egin.

Nola aurre egin arazo horri?

Zaila da, baina, zalantzarik gabe, ispilura begiratu behar dugu, eta aldaketa batzuk proposatu. Sortzen ditugun hondakinen ondorioak hurrengo belaunaldikoek jasan beharko dituzte. Zerbait egin behar dugu gure ingurumenarekin oreka batean bizitzeko, eta horrek harreman zuzena du ekonomiarekin eta geopolitikarekin. Gure hurrengo pausoek jasangarriagoak izan behar dute.

Farmazia jasangarria sustatzeko proiektu batean lan egiten duzu. Zer eragin dute sendagaiek ingurumenean?

Izugarria. Horregatik, Basque Sustainable Pharmacy [Euskal Farmazia Jasangarria] proiektua garatu dugu Unax Lertxundi farmazialariak eta biok. Sendagaiek ingurunean duten inpaktu negatiboa murriztea eta farmazia jasangarriago bat garatzea da asmoa. Zaila da, ikerkuntza eta heziketa behar direlako.

Sendagai gutxiago kontsumitzea izango litzateke bide bat?

Medikamentuak ezinbestekoak dira gaixotasunak tratatzeko, baina modu arduratsuan erabili behar dira. Beti gaixoa kontuan hartu behar dugu, baina saiatu behar dugu modu jasangarriagoan erabiltzen. Gutxiago kutsatzea pauso bat izan daiteke, medikamentuak hobeki erabilita.

Zer duzu orain esku artean?

Benetan sinesten ditudan erronkak bilatzea gustatzen zait: hainbat lantalderekin harremanetan egotea, medikuntza birsortzailea ikertzea eta jasangarritasuna sustatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.