Herrialde Katalanetan hain ezagunak diren castell-ak iritsi dira Euskal Herrira. Pilar Serra (Menorca, Herrialde Katalanak, 1999) Euskal Herriko castell-en koordinazio taldeko kidea da, eta hainbat entsegu antolatu dituzte. Nahi duenak parte hartzeko aukera du: abuztuaren hasieran Gasteizen izan ziren, atzo Donostiako Aste Nagusian eta datorren astean Bilboko Aste Nagusian ere izango dira.
Zergatik sartu zinen castell-en munduan?
20 urte nituenean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren ondoan zegoen pisu batera joan nintzen bizitzera, eta bertan, nire pisukide guztiak casteller-ak ziren. Egun batean, probatzera joateko esan zidaten. Ordutik aurrera, unibertsitateko lau urteak castell-ak egiten pasatu nituen.
Castell-en mundua oso bolada onean dago gaur egun. Zergatik?
Sozializatzearekin lotura duelako. Kultura katalana galtzen ari da, eta kultura hau maite duen jendea castell-ak eginez kultura mantentzen saiatzen da. Gainera, prezioak ere zerikusia duela iruditzen zait, castell-ak egiteak ez baitu inolako kosturik. Diru aldetik garai txarrean badago, jendeak agian castell-ak egitea erabakitzen du, beste kirol garestiago bat aukeratu beharrean.
Zein dira Euskal Herrian martxan jarri duzuen proiektuaren nondik norakoak?
Arnau Montoya —Kataluniako lagun bat— eta ni Euskal Herrira iritsi ginenean, bromak egiten hasi ginen, Euskal Herrian castell-ak egingo genituela esanaz elkarri. Izan ere, Kataluniatik kanpoko beste leku batzuetan —Londresen edo Madrilen, esaterako— egin izan dituzte castell-ak, eta pentsatu genuen horrelako proiektu bat hemen ere egitea posible zela. Irailean hasi ginen elkar zirikatzen, eta maiatz aldean, serio jartzea erabaki genuen. Hasieran proiektua horixe zen, entsegu batzuk egitea eta proiektuaren bilakaera ikustea, izan ere, ez genekien zenbat jende etorriko zen entsegu horietara. Egia esanda, erantzun ona izan dugu, 50 pertsonatik gora etorri dira entseguetara. Oraingoz, ideia tailer batzuk egitea da, entseguak egiten jarraitzea. Irailean, taldea sortzeko batzarra egin nahi dugu, guztia nolabait profesionalizatzeko.
Zure ustez, castell-ak zergatik egokituko dira ondo euskal kulturan?
Oso galdera ona. Batetik, uste dut, sozializatzen laguntzen duela eta Euskal Herrian asko egiten den gauza bat da hori. Azkenean, castell bakoitzak indar, kontzentrazio eta lan desberdin bat eskatzen du, eta lotura ikusten dut horren eta herri kirolen artean. Gainera, castell-etan adin guztietako jendea aurkitu dezakezu, eta uste dut euskal kulturan hori asko ikusten dela.
Zer helburu duzue?
Etorkizunean ikuskizunak eskaini egin genituzke. Esaten dutenez, colla castellera bat ez da colla castellera bat castell jakin batzuk egiten dituen arte. Beraz, ordura arte, alkandora zuri batekin jarduten da, eta, behin castell horiek eginda, taldearen alkandorarekin hasten da ikuskizunak egiten. Hori lortzera iristea da ideia, udalek kontuan har gaitzatela, entseguak egiten jarraitzea, beste taldeekin harremanetan jardutea eta besteen erreferente izatea.
Zer rol duzu taldean?
Koordinazio taldeko kide naiz. Hamar edo hamabi kidek osatzen dugu koordinazio taldea. Oraindik ez dauzkagu rolak definituta, baina gure taldeak non eta noiz entseatu erabakitzen dugu, zenbat jende daukagun kontuan izan, jende hori kontuan izanik zein proba egin ditzakegun erabaki, castell-aren egitura erabaki, entseguaren ondoren zer egingo den erabaki, eta, azkenik, kontaktu sozialaren gaia kudeatzen du.
Edonork izena eman al dezake?
Bai, bai, edozeinek. Elkarteetan bezala, oinarrizko lege edo arau batzuk bete behar dira; esaterako, jarrera matxistarik ez izatea edo antzekoak.
LOTSABAKO
Ikuskizuna eskaintzeko herri bat?
Baiona.Donostia edo Bilbo?
Niretzat, Bilbo.Marmitakoa ala txipiroiak?
Txipiroiak.