Etiopiatik mundura

Hasi da Donosti Cup txapelketa, eta mundu osoko taldeak bertaratu dira. Tartean dago Etiopiako Greek Community School: «Ederra da mundua zeharkatzea futbol txapelketa bat jokatzeko».

Greek Community School taldeko kapitaina atzoko partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Greek Community School taldeko kapitaina atzoko partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Eidana, Avidan, Nabya... Horiek dira aurtengo Donosti Cup txapelketan Greek Community School taldea ordezkatzen ari diren jokalarietako batzuk, denak Mikyasen eta Eyoben gidaritzapean —mutilen entrenatzailea da lehena, eta neskena bigarrena—. Ez da lehen aldia Etiopia atzean utzi eta txapelketa bat jokatzera atera direna, baina lehen aldia balitz bezala ari dira esperientziaz gozatzen. Astelehenean iritsi ziren Donostiako Antigua auzora, bidaia luze eta neketsu baten ostean: Addis Abeba-Erroma, Erroma-Madril eta, azkenik, Madril-Donostia.

Urteak joan, urteak etorri, Donosti Cup futbol txapelketa ezagunak mundu osoko taldeak elkartzen ditu aldiro. Aurtengoa astelehenean hasi zen, eta igandean amaituko da. Gainera, markak hautsiko dituzte oraingoan ere: 32. aldi honetan, 28 herrialdetako 910 talde ari dira parte hartzen, eta 2.000 partida baina gehiago jokatuko dituzte guztira zazpi egunean, inoiz baino gehiago. 910 talde horien artean daude Greek Community School Etiopiako bi taldeak.

Gizonezkoen Greek Community School taldeko kide batzuk. FOKU
Gizonezkoen Greek Community School taldeko kide batzuk, herenegun, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Donosti Cupen parte hartzeko aukera suertatu zitzaienean, ez zuten inongo zalantzarik izan. Mikyas entrenatzaileak antolatu zuen guztia. Internet bitartez izan zuen txapelketaren berri lehen aldiz, eta, urteak pasatu ahala, lehia oso famatua egin da Etiopian. Aurten etortzeko aukera zuela ikusita, izena eman zuen, batere zalantzarik gabe. Jokalariek ere bazeukaten txapelketaren berri, eta, Mikyasek etortzeko aukera eman zienean, baiezkoa eman zuten berehala. «Ederra da mundua zeharkatzea futbol txapelketa bat jokatzeko», adierazi du Eidana Birukek. Gainera, Donosti Cupen parte hartzeak bidea errazten die aurrerago unibertsitatera sartzeko, eta beren herrialdea ordezkatzeko aukera eman ere bai.

Guztiz leku desberdinak

Donosti Cupi baiezkoa eman eta berehala, Euskal Herriari buruzko informazioa biltzeari ekin zioten, eta «izugarri gustatu» zitzaien topatu zutena: paisaia berdeak, hondartzak, eraikin handiak... Ezinezkoa izan zitzaien Euskal Herria eta Etiopia ez konparatzea. Euskal Herria herrialde garatua da, eta, Etiopia oraindik ere garatzeko bidean egonda, «txundituta» geratu ziren ikusi zutenarekin. Hala ere, Euskal Herriari aurkitu dizkiote alde ahulak ere. Haien ustetan, zenbait eraikin ez dira munduko beste herrialde batzuetakoak bezain modernoak, kontuan hartuta Etiopiatik kanpo jokatu dituzten beste bi txapelketak Dubain izan direla. Bi herrialdeetako janariari buruz ere antzeko iritzia daukate: ez dutela «inongo zerikusirik».

Etiopian duten bizi kalitateari dagokionez, ez dute inongo kexarik. Taldeko ia guztiak Addis Abeban bizi dira, Etiopiako hiriburuan, eta, zazpi bat milioi biztanle izanik, inguruko hirietakoa baino hobea da bertako bizi kalitatea. Izan ere, alde handia dago Addis Abeban edo inguruko hirietan bizi: hiriburua garapen fasean dago oraindik ere, baina beste hiriek are bide luzeagoa dute egiteko. Horregatik, Greek Community School taldeko jokalariek «pribilegiatutzat» dute beren burua, nazioarteko ikastetxe batean ikasteko aukera dutelako.

Interneten informazioa biltzen hasi zirenean, txundituta geratu ziren Euskal Herriaren eta Etiopiaren arteko konparazioarekin.

Partiden emaitzei erreparatuz, ez dira espero zituzten bezain onak, «oso talde indartsuak» aurkitu dituzte parean, eta adierazi dute «estrategia jokaldietan» dagoela beren gabezia. Bestalde, txapelketaren antolaketa «paregabea» goraipatu nahi izan dute. Emaitzak emaitza, etzi egingo dute itzulerako bidaia, ziurrenik, berriz ere Donosti Cupera etorri eta beste esperientzia «gogoangarri» bat bizitzeko gogoz —eta ahal bada emaitza hobeak eskuratzeko asmoz—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.