Etiketek atzean dakartena

Bezeroen arreta erakartzeko modu bat izan daitezke etiketak. Ekoizle berriak iritsi ahala, gero eta landuagoak dira ardo, txakolin eta garagardo botilen etiketak.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Edariak saltzen dituzten apalategira joan, eta hamaika ardo edo txakolin marka topatu daiteke, beste hainbeste garagardo markekin batera. Erosketak egiten ari den kontsumitzaileak aukera horien guztien aurrean erabakia hartu behar izaten du, eta bi aldagairen araberaegin dezake bataren edo bestearen alde: marka ezaguna egiten zaiolako edo aurrez probatu eta gustatzen zaiolako, ala botilaren beraren itxura erakargarria egin zaiolako. Azken aukera horretaz jabetu dira ardandegietako arduradun eta garagardogile asko, eta, horregatik, euren produktuen diseinua gero eta gehiago zaintzen hasi dira. Apalategietan eroslearentzako deigarria den gero eta produktu gehiago daude orain. Produktu deigarriak dira, erosleak erakartzeko.

Estibaliz Iregi diseinatzaile grafikoa eta Arabako Arte eta Diseinu Eskolako irakaslea da, eta ardo botiletan izan den itxura aldaketari erreparatu dio. «Joera handiagoa dago gauza berriak probatzeko, lehen oso klasikoak zirelako etiketa horiek. Orain, ordea, gauza berri asko probatzen dira». Jatorri izenetatik kanpo, ardo bereziak egiten hasi ziren duela zenbait urte Arabako Errioxan, autore ardoa deitu izan dena, eta horiek izan ziren etiketa bereziak egiten ahalegina egin zutenak. «Ardoa berezia baldin bada, horrek eskatzen du botilaren itxura bera ere berezia izatea». Barruko produktuak eta kanpoko itxurak bat egin behar dutela, alegia. Azken finean, «ezinezkoa da ezer ez komunikatzea, beti ari garelako zerbait esaten».

Horrela hasi ziren ardandegietan etiketa bereziak egiten. Natalia Tubiak duela hamasei urte zabaldu zuen Crea3 publizitate agentzia, Cristina Castañosekin batera, Haron (Espainia). «Ardandegi txikiak itxura aldatzen hasi ziren garai horretan». Horiek ekarri zuten joera, eta atzetik iritsi ziren ardandegi handiak. Crea3 agentzian behar hori ikusita, botilen itxura eta irudi korporatiboak lantzen hasi ziren, eta, gaur egun, horretan espezializatuta daude. Euskal Herriko ardandegi askorentzako ere egin izan dute lan. «Iraganean, urre kolore asko erabiltzen ziren etiketa handiak egiten ziren, eta joera hori egonkortuta zegoen merkatuetan, baina aldatzen hasi ziren, eta etiketa soilagoak eskatzen hasi ziren». Orain, berriz ere iraganera buelta egiten ari dira, eta elementu asko dituzten etiketak eskatzen ari dira ardandegiak, agentziak dioenez.

Baina merkatu bakoitzak bere estiloa dauka, eta Errioxa jatorri izena «oso klasikoa da», Crea3eko kideen arabera. Mediterraneoko ekoizleek etiketa soilagoak izaten dituztela dio, AEBetakoek bezala. Hori, merkatuari dagokionez, baina, bestela, oro har, diseinua ardandegiak nahi duen moldean egiten dira. «Bolada bat daramagu ohikoak ez diren errekurtsoak eskatzen ari direla: ilustrazioak, argazkiak...». Baina, azken finean, agentzian bertan ere ardoak berak transmititzen duena irudikatzen saiatzen dira. «Zuk ardo batekin daukazun lehen harremana botilarekin eta bere irudiarekin da, beraz, horrek barruan daramanarekin zerikusia eduki behar du». Horregatik, ardandegi batek produktu ausart bat plazaratu nahi duenean, halako diseinu apurtzaileak bilatzen ditu. «Horiek izaten dira guretzako erronka handienak».

Komikia, botilara

Diseinatzaile eta ekoizle bakoitzaren araberakoa da botila batek bere etiketan irudikatu nahi duena, eta hori bezeroari lotuta ere egoten da. Garagardoak kontsumitzaile gazteagoa eduki dezake lehen itxura batean, eta ekoizle askok hori nahi izan dute euren diseinuan: freskotasuna. Mario Sancho Maguregi Bilboko La Catedral de la Cerveza dendako arduraduna da, eta han mota ugaritako garagardoak saltzen dituzte, eta hori sumatu du hark ere. Edozein modutan, bi motatako etiketak bereizi ditu: batetik, klasiko itxura dutenak eta soilak direnak, bestetik, kutsu artistiko eta komiki itxurako marrazkiak dituztenak. «Euskal Herrian badira komiki itxurako marrazkiak dituzten hainbat: Naparbier, Laugar eta Falken Beer, esaterako». Landutako marrazkiak dira, garai bateko estetika gogoratzen dutenak, baina, edozeren gainetik, originalak. «Jendeak itxuragatik erosten ote duen? Batzuetan, zerbait zehatza erostera etortzen dira, baina, aukera ezberdinak aurrean jartzen diezunean, bakoitzak bere izaerari lotutako etiketa duen garagardoa aukeratzen du», haren esanetan.

Ardoaren kasuan bezala, garagardoarekin ere antzera gertatzen da maiz. Hau da, diseinu eta irudi apurtzaileenak garagardogile artisauek eta uzta txikia dutenek egiten dituztela. «Konpainia handien aurrean jendearen arreta lortu behar dute nolabait, beraz, halako diseinuak egitea normala da», azaldu du Iregik. Baina produktu horiek berriagoak dira, eta orduan «normala ere bada kutsu apurtzailea izatea», Sancho Maguregiren arabera. Marketina gehiago lantzen dela dio, nahiz eta ondoren «barrukoa txarra izan». Garagardo kontsumitzaileen artean, gainera, bildumagile asko daudela gogorarazi du, eta askok bildumak handitzeko asmoz erosten dituzte botilak.

Baina bestelako asmoa duten garagardogileak ere badaude. Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta auzoan dagoen Diametro200 jatetxean, esaterako, Ttantta garagardoak jarri ditu martxan Federico Pachak. Bertako garagardo ekoizleak artisten lanekin uztartzea izan da haren helburua, eta egitasmo berezia jarri du martxan: hiru margolariren lanak aukeratu ditu, eta garagardogile bati bere ekoizpenaren zati bati etiketa horiek jartzea proposatu dio. «Jendea dagoen lekura eraman nahi izan dut artea: tabernetara», azaldu du. Garagardogile eta kontsumitzaileekin bat egin nahi izan du horrela artistak. Lehen ekoizpena atera berri dute, eta hurrengoa prestatzen pentsatzen ari da Pacha. «Argazkilariekin egingo dugu hurrengo etiketa saila, arte diziplina ezberdinak landu nahi baititut etiketa sail ezberdinetan». Ez da garagardoa denda askotan salduko, baina horiek erosleen arreta erakarriko dute ziurrenik. Bereziak direlako etiketa horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.