Etengo al du

Ane Muñoz.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gau intentsu baten azken ametsa unerik goxoenean desagertzen zela sentitu ahala, begiak zabaldu eta lehenik eta behin leihora hurbildu naiz, gaurko zereginak baldintzatuko dizkidan eguraldi tzar hori zertan zebilen ikustera. Nerez baikor nengoen, beharbada gauean uharte tropikal bateko hondartza zurienean kokotero baten azpian mojitoak hartzen ibili naizelako, baina leihoaren beste aldean topatu dudan panoramak kolpez ezabatu du ohetik atera dudan irribarre zabala. Kaka zaharra, kalean atzoko, herenegungo eta azken asteetako paisaia gris berbera, ura, ura eta ura besterik ez airean. Tira, ez al da nahikoa, hainbeste negar zerutik? Hori gutxi bazen, kazkabarra eta haize bortitz ezatseginena gehitu zaizkio udazken ilun honen negar etengabeari. Hau tristura, neska.

Atertzeko zain alferrik itxaron ondoren, mandatuak egitera irten naiz. Lepoa ondo estalita, neguko botak eta zamarra soinean, eta nola ez, hain gorrotagarria zaidan aterkia lagun. Kale bustian, plastikozko poltsa ezeroso parea eskutik irristatzea ekiditeaz gain ditxosozko aterkiari nola eutsi asmatzen ez nuela, pum, pam, kataplum! Auto batek semaforoa pasata kolpez galgatu duenean, bata bestearen atzetik zetozen beste lauk talka egin eta musu ederra eman diote elkarri. Ez dakit errua errepide irristakorrarena izan den, euriak oztopatutako ikuspenarena, edo gidarien despiste hutsa. Hortxe utzi ditut, gizajoak, euripean paperak betetzen.

Orain, elurra dela ez dela kolore guztietako alertak pizten dituzten bitartean, banoa begiak itxita izara artean galdu dudan hondartza zuri hartan etzatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.