Haren parean doa kalean, pauso mantsoetara egokituta; aldamenean jesartzen zaio bankuan, atseden har dezan, luzaroan; haren ondoan dago lagunen batekin topo egiten duenean; harengandik gertu jarraitzen du orobat etxean, telebista ikusten ari denean; harengandik askaezin baita siesta egiten duenean ere. Badu zaintzak alde aktibo bat —garbitu, jantzi, bazkaria prestatu—; eta badu alde ikusgaitzago bat: zaindua jagotea, erne, harengandik gertu iltzatuta, beste ezer egin ahal izan gabe, entretenitzeko kasik abagunerik gabe.
Zainduaren egoeraren arabera, esperoan igaro beharreko orduak mordo bat izan daitezke, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen elkarteko kide Amparoren arabera. «Lan egiten dugunean menpekotasun handia duen pertsona batekin, ordu hilak momentu oro izaten dira, momentu oro egon behar baitugu haiekiko adi, baita oheratu ditugunean ere». Askotan, ezinezkoa izaten da zainduarekin solastatzea ere, duten desgaitasunagatik: batzuek ezin dute berba ondo egin, beste batzuek erabat galdua dute memoria eta ez dira ezertaz akordatzen... Gorra da, zehazki, Amparok zaintzen duen emakumea.
Etxeko langile egoiliarra da Amparo. Etxean dagoenean, marrazteko liburuak edo letra zopak ematen dizkio emakumeari, entretenitu dadin; bitartean, alboan esertzen zaio, eta sakelakoa hartzeko aprobetxatzen du tartea, zainduari begirik kendu gabe, betiere. «Zer egin daiteke egoera horretan, bada? Haiei so egon? Pertsona ondo badago, arreta ipintzen badizu, hitz egiten badizu... Nork hartuko du sakelakoa?». Kalera ateratzen direnean, beste behargin batzuekin hitz egiteko parada du, baina, oro har, sakelakoa da denbora igarotzeko duen baliabide bakarra; eta bada, era berean, bere familiarekin edo lagunekin harremanetan egoteko modu bakarra: Kolonbiakoa da Amparo, eta han ditu seme-alabak. «Distrakziorik ez edukitzea inoiz larrimin bat da, desesperatzen zaitu; korrika alde egiteko gogoa ematen du».
Atsedenik ez
Etxeko behargin egoiliarren kasuan, erne egon beharreko tarteak mugarik gabe luzatzen dira: haien lanaldiak ez duenez etenik, tentsio egoera ere betikotu egiten da. Kolonbiakoa da Maryuris ere, eta etxeko behargin egoiliar egon zen orobat orain dela urte batzuk, adineko andre bat zaintzen. «Distraitzea ezinezkoa da. Hasieran, emakumearekin hitz egiten nuen, telebista ikusten genuen, paseatzera ateratzen nuen...». Baina atake bat izan zuen lo zegoela, eta tentu are handiagoz ibili behar izaten zuen: jesarrita zegoenean ere, erne egon behar zuen, nahiko indarrik ez eta aurrerantz erortzeko arriskua baitzuen. «Ordubete-edo lo egiten zuen kulunkaulki batean, ni parean jartzen nintzen beste batean, eta halakoetan bai, sakelakoa hartzen nuen. Distrakzio bakarra da, ez dago besterik».
«Lan egiten dugunean menpekotasun handia duen pertsona batekin, ordu hilak une oro izaten dira, une oro egon behar baitugu haiekiko adi, baita oheratu ditugunean ere».
AMPARO Zaintzako behargin egoiliarra
Nolanahi ere, kasu batzuetan hain da muturrekoa jagoten egoteko beharra, ezen hutsal bihurtzen baita aspertzea. «Emakumea oso aktiboa zen, eta nik erne egon behar nuen 24 orduz, asteko zazpi egunetan, hainbatetan saiatu baitzen ohetik ateratzen», azaldu du Maryurisek. Halakoetan, arrapaladan joaten zitzaion —goiko solairuan egiten zuen lo Maryurisek—, eta behin eskaileretatik ere jausi zen, andrea ohetik altxa ez zedin. «Emakumeak tarteka egiten zuen lo, eta esnatu eta berehala txirrina jotzen zuen. Nik ordu gutxi batzuk egiten nuen lo». Igandeetan tarte libreak edukitzen zituen, beste atsedenik ez: ez jaiegunik, ezta gaixotzeko eskubiderik ere. «Atakea izan zuenean, erneago egon behar nintzaionez, seme-alabei eskatu nien behintzat uzteko hilean larunbat bat atseden hartzeko, leher eginda bainengoen; beti esaten zidaten pentsatuko zutela, baina hamasei hilabete egin nituen han, eta inoiz ez zidaten eman».
Tentsioa pilatuz joan zen astez aste. «Etxeko langile egoiliar moduan aritzeak estres handia eragiten du, eta nik metatutako estresa nuen, ez bainuen apenas lorik egiten: migrainak nituen, buruko min handia». Gaixotasunaren oldarraldiak izaten zituen lantzean behin, baina domeketako ordu libreak aprobetxatzen zituen larrialdietara joateko, eta lan egiteko prest egoten zen astelehenean, ostera ere. Behin, ordea, astelehenetan jazo zitzaion. «Oso gaizki jarri nintzen. Egun horretan, lanetik bota ninduten: ez zidaten galdetu nola nengoen; esan zidaten ez banintzen jarraitzeko gai beste neska bat topatuko zutela, mina ez omen zelako medikuarenera joateko modukoa».
Zaintza eta denbora
Denbora kontua da, oinarrian: zer-nola kudeatzen den, eta zer-nola aitortzen den. Marina Sagastizabal soziologo eta mugimendu feministako kidearen arabera, gaur egungo denboraren antolaketa eremu produktibora begira egiten da, eta, horrenbestez, produktibotzat jotzen ez den denbora bigarren mailakoa da; besteak beste, zaintza. «Etengabe egin behar ditugun lanak dira; askotan, egunean 24 orduz, astean zazpi egunez; ez dago oporrik. Lan merkatuaren logikatik kanpo daude». Behar batzuei dagokienez, posible da molde produktiboan sartzea, neurgarriak baitira: esaterako, jakin daiteke zenbat denbora behar den ohea egiteko. Beste batzuetan, aldiz, zaila da zehaztea noiz hasi eta bukatzen den jarduera bat, beste erritmo batean egiten direlako, edota, askotan, aldiberekoak direlako. «Adibidez, zerbait egiten ari gara eta, aldi berean, amonarekin hizketan, eta errepasatzen medikuarekin zer hitzordu dituen, edo zein botika falta zaizkion. Aldiberekotasuna zaintzaren denboraren ezaugarri nagusia da». Pertsonekin egiten denez lan, zaila da kalkulatzea zenbat iraungo duen.
«Etxeko langile egoiliar moduan aritzeak estres handia eragiten du, eta nik metatutako estresa nuen, ez bainuen apenas lorik egiten: migrainak nituen, buruko min handia».
MARYURIS Zaintzako behargin egoiliarra
Aurreikusezina da, halaber, zenbat denbora egon beharko den zaintzailea erne, beste ezer egin gabe. «Denbora hori zailagoa da neurtzeko, eta ezinbestean aintzat hartu beharrekoa da zaintza lanak ordaintzen direnean. Ezin dugu atseden denboratzat jo, ez baita horrela: beste lan batzuetako guardiak aitortu egiten dira». Baina, oro har, ez da aintzat hartzen, batik bat etxeko behargin egoiliarren kasuan. «Exijitzen diogu pertsona bati ia-ia 24 orduz adi egoteko; modu profesional eta duin batean egiteko, atseden denborak kontuan hartuz, bost zaintzaile kontratatu beharko genituzke zortzi orduko lanaldiak bete ahal izateko».
Ondorioz, «ezinezkoa da norberarentzako denbora izatea», ebatzi du soziologoak. Eta, hain justu, hori da zaintza lanaren gakoetako bat, Sagastizabalen irudiko, hala ordaindua nola ordaindugabea izan: maiz, zaintzaren denborak «kutsatu» egiten duela atsedenerako denbora. «Umeen zaintzan pentsatzen ari naiz: emakume langileen kasuan, aztertuta nolakoa den aisialdirako denbora —ordu produktiboez eta erreproduktiboez aparte—, ez da guztiz haientzat izaten, aisialdi denboran ere umeak sartzen baitira askotan. Adibidez, parkean gaude, baina haien beharrei arreta jartzen».
Denborarekiko boterea
Hau da, zaintzaileek nekez izaten dute beren aisialdirako denboraren gaineko erabakimenik, baita denbora hori aitortzen zaien kasuetan ere. Alde horretatik, Sagastizabalek nabarmendu du kontrol hori bereganatzea izan dutela helburu langileek eremu produktiboan egindako borroketako askok. Behargin denak ez dira berberak, ordea. «Denboraren gainean erabakitzeko gaitasuna lotuta dago gizartean daukagun erabakitzeko gaitasunarekin; gure posizio sozialarekin, nolabait. Zapalkuntza egoeran bagaude, zailago egingo zaigu gure denborak errespetatu ditzaten». Subjektu batzuen denborak baliotsuagotzat jotzen dira, hortaz? «Gaur egun uste orokor bat bada: ezer egiten ari ez bagara denbora galtzen ari garela. Eta nortzuk galtzen dute denbora? Nortzuk daude ilarak egiten, itxaroten langabeziako paperak egiteko, egoera administratiboa erregulatzeko...? Gure gizartean botere gutxien daukaten horiek, zapalduen dauden horiek».
«Exijitzen diogu pertsona bati ia-ia 24 orduz adi egoteko; modu profesional eta duin batean egiteko, atseden denborak kontuan hartuz, bost zaintzaile kontratatu beharko genituzke zortzi orduko lanaldiak bete ahal izateko».
MARINA SAGASTIZABAL Soziologoa eta mugimendu feministako kidea
Zaintzari dagokionez, emakumeak izan ohi dira, migratzaileak, eta, sarri, egoera ez-erregulatuan daudenak, soziologoak azpimarratu duenez. Kanpotarrak dira egoiliar gehienak; kanpotarrak dira Amparo eta Maryuris, eta, sarritan, oztopoak izaten dituzte ordu hil horiek kudeatzeko, nola jasan erabakitzeko. Amparorena da bizipena: «Behin, lan baterako deitu zidaten, eta arau nagusia zen ezin zela sakelakoa hartu egun guztian. Baina, nolatan? Pertsona bat hemen badago bakarrik, behar badu norbait barrua husteko, gaizki badago...». Mesfidantza ez da anekdotikoa. «Orain dela hiru urte zaintzen nuen andrearekin hitz egiten nuen, eta, oheratzen nuenean, aldendu egiten nintzen Kolonbiako nire jendeari deitzeko, arratsaldez baino ezin baitut haiekin hitz egin. Bada, alabak esan zidan bere amari ez zitzaiola gustatzen ni sakelakoarekin ibiltzea, eta joan nintzen ganbarara berba egitera». Han ere etxeko behargin egoiliarra zen. «Pentsatzen dut langileari jazartzeko beste modu bat dela sakelakoaren debekua».