Etengabe hazten ari den unibertsoa

Azken urteetan, komikietan gai eta estiloetan izandako zabalpena nabarmendu dute komikigileek Getxoko Komiki Azokan. Igandera arte izango da zabalik.

Asier Arrate Iruskieta.
Getxo
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Astiro baina etenik gabe, komikien unibertsoa norabide guztietan hazten ari da. Superheroien istorioetatik, gertakari historikoetan oinarritutako kontakizun grafikoetara, estilo eta gai oro aurkitu daiteke egun komiki batean. Zaleak ere, irakurtzen dituzten istorioak bezain askotarikoak dira.

Denek eta denak du tokia atzotik bineten unibertso bihurtu den Getxoko hamaseigarren komiki azokan. Igande arte egongo da zabalik. Hiru egunez, komikizaleek azken argitalpenak eta komikien unibertsoarekin erlazionatutako merchandising-a eskuratzeko aukera izateaz gain, sona handiko komikigileekin egoteko aukera izango dute.

Atzo, ostirala eta lehen eguna zenez, lasai zegoen azoka. Lasaitasuna apurtzen zuen bakarra eskoletatik bisitan joandako gazteen korrika saio eta deiadarrak ziren. Super heroien komikiak, bideo jokoak eta filmetako protagonisten figura txikiak ziren haien arreta bereganatzea lortu zutenak. Izan ere, denetarik biltzen du egile eta komikizaleen arteko topaketak: titulu klasikoak, berrikuntzak, komikietako pertsonaien kamisetak, iruditxoak, pelikulak...

Erosteko grinaz gain, askori ere inspirazioa edo marrazteko gogoa sartzen zaio komiki azokan. Horretarako, Areetako karpan leku berezi bat dago marrazteko eta komikiak egiten ikasteko. Rober Garai komikigileak gidatuta, hogei bat gazte bildu ziren, atzo, komikiak marrazteko zertzelada orokorrak ikasteko asmoz. Horietako baten batek agian komikiak marrazteko zaletasunari heldu eta etorkizunean Getxoko Komiki Azokan aurkeztu ahalko ditu bere lanak.

Euskaraz ere marrazten da

Euskal Herriko komiki azoka garrantzitsuena izanik, euskaraz egindako komikigintzak ere badu bere espazioa Getxoko azokan. Fernando Tarancon Bilboko Astiberri argitaletxeko kideak azaldu zuen azokek ikusgarritasuna eskaintzen dietela komikigile eta editoreei, eta Getxokoa bereziki aukera «paregabea» dela euskarazko komikigintzarentzat. Euskarazko salmentak oso txikiak direla azaldu zuen, eta komikia «oraindik ere» euskal kulturaren barruan «minoritarioa» dela. Hala ere, Tarancon baikor da euskal komikigintzaren etorkizunaz: «Oinarri sendoak ditu euskal komikigintzak, eta, azken urteotan, pixkanaka bada ere, goranzko bidea hartu dugu».

Euskal komikigintzaren sasoi onaren erakusgarri, inoizko eskaintza zabalena dago aurten Getxon. Astiberri argitaletxeaz gain, Xabiroi komiki bilduma eta Gregorio Muro Harriet komikigile hernaniarra ere azokan egongo dira, besteak beste.Harrietentzat, bat-bateko gorakada izan beharrean, euskal komikigintzak azken hamarkadan «osasuntsu» iraun du. «Azken urteotan, igoera txiki bat egon da, baina, irakurleetan baino gehiago, egileetan».

Euskal egile «asko eta kalitate handikoak» daudela esan zuen komikigile hernaniarrak. «1980ko hamarkadan antzeko zerbait gertatu zen, baina oraingoan igoera esanguratsuagoa da, eta, gainera, lehengo aldean, gehiago dira euskaraz sortzen dutenak». Arrazoia Xabiroi bezalako proiektuek sortutako harrobia dela azaldu zuen Harrietek: «Autoreek beraien lanak ezagutarazteko plataforma bat badute, autoreen arteko lehia sanoa sortzen da, eta horrek autore kopurua eta kalitatea handitzea dakar».

Xabiroi gazteentzako komiki aldizkaria 2005ean kaleratu zuen Ikastolen Elkarteak, eta, orduz geroztik, hiru hilean behin argitaratu da, etenik gabe. Dani Fano da aldizkariaren koordinatzailea, eta atzo Getxon zegoen euskal komikigintzaren «harrobiko» azken lanekin. Fanok ere argi du garai ona dela euskal komikigintzarentzat: «1990eko hamarkada basamortua izan zen, egun, ordea, oso garai oparoa da, batez ere irakurlearentzat». Fanoren esanetan, kalitatea eta eskaintza, bai gaietan bai estiloetan, asko zabaldu da. Hala ere, nabarmendu zuen ez dela euskal komikigintzara mugatutako fenomenoa: «Komikien munduan, hainbat gai eta espresio artistiko berri sartu dira». Alde horretatik, komikigile donostiarrak azpimarratu zuen euskal komikigintzak baduela «kalitatea eta aniztasuna»nazioartera zabaltzeko: «Kalitatea eta maila baditugu nazioartean aritzeko, baina, ikasi egin behar dugu kanpora begirako lana egiten».

Diru laguntzen beharra

Hiru egileen aburuz, ona da euskal komikigintzaren egoera, eta goranzko joerari eusteko tresnen beharra aldarrikatu zuten. Horien artean, hirurek argi zuten Eusko Jaurlaritzak sortu berri dituen komikien sorkuntzarako laguntzak «oso positiboak» direla. Fanoren iritziz, laguntzek bermatuko dute urtero baldintza «aproposetan» ekoitzitako lau obra izatea: «Lan horiek euskal komikigintzan eragin zuzena izango dute; izan ere, urtero kalitate handiko lanak aurkeztuko dira eta lan horiek beste batzuk ekarriko dituzte». Harrieten ustez, kalitatea bermatzeaz gain, laguntzek aukera emango diete autoreei «askatasun osoz»marrazteko. «Finantzaketa gabe, argitaletxeen bitartez egin behar da lan, eta horiek euren estiloa eta ildo editoriala ezartzen dute», azaldu du Harrietek.

Hiruren esanetan, kalitatearen gorakadak eta aukera aniztasunak komiki eskaintza zabaltzen du, eta ondorioz, irakurlea erostera animatzen da. «Irakurleek titulu berriak eta gustu guztietakoak behar dituzte», azpimarratu zuen Taranconek.

Komikiaren mundua haziz doan bezala, zabaltzen ere ari da, bai estiloetan, gaietan zein hizkuntzen aukeran. Getxoko Azoka da horren isla. Euskarazko zein erdarazko komikien eskaintza amaigabea da: manga, estilo europarra, estatubatuarra, eleberri grafikoak, fanzineak, umeentzako komikiak, superheroien serieak...

Getxon gaitza dena da zer erosi erabakitzea. Atzo, Ana Belen Sanchezi gertatu zitzaion bezalaxe. Getxora joan zen, eta postu artean zebilen zer erosi ezin erabaki: «Aukera oso zabala dago, eta ez da erraza erabakitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.