Sekulako esperientzia izan da, eta halakoetan beti da zaila amaitzea». Irati Gonzalez akrobatak sentimendu kontrajarriak ditu: pena eta nekea, biak sentitzen ditu, datozen hilabeteetan ez baita zintzilikatuko Gure Zirkuko teletan eta trapezioan; atseden hartuko du aldi batez euskal karpa ibiltariak. Gaur egingo ditu lehenengo birako azken bi emanaldiak, Donostian, 17:00etan eta 19:30ean.
Dozena bat artista aritu dira lanean karpa gorri-horiaren barruan; alanbre gainean dantzan, akrobaziak egiten, hauts magikoak astintzen, eskujokoak aireratzen, musika tresnak jotzen eta barrea eragiten. Iker Galartza izan da proiektuaren akuilua; hain justu, haren jaioterrian ekin zioten artistek bidaiari, Amezketan, ekainaren 28an; hamabi herri bisitatu dituzte ordutik, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak gehienak, baita Nafarroako bat ere.
Jasotako erantzunarekin pozik eta harrituta daude artistak: 97 emanaldi egin dituzte guztira, eta 25.000 ikus-entzulek izan dute zirkuaz gozatzekoaukera. Ordea, haien lana ezda emanaldietara mugatu, aurreko eta ondorengo lanez ere haiek arduratu baitira; besteak beste, karpa muntatzeaz, hura prestatzeaz eta jasotzeaz. Honela adierazi du Galartzak: «Poliki-poliki joan gara; hasieran laguntza behar genuen, baina dena guk egitea genuen helburu, eta lortu dugu». Horren lekuko izan dira ikus-entzuleak ere: akrobatak trapezio gainean zeuden bitartean beste bi artista ikusi dituzte adi-adi izkina batean, koltxoneta ateratzeko prest.
Zirkua, duintasunez
Elkarlana eta elkarbizitza, biak izan dira Gure Zirkuaren oinarriak; izan ere, taldean lan egiteaz gain, elkarrekin bizi ere egin dira birako zenbait alditan. Gonzalezek esan duenez, familia bat jaio da hortik, «zirku familia». Hori izan da, hain zuzen, artista gehien bete duena: «Sekulako lantaldea topatu dut, eta pertsona moduan garatzen lagundu dit». Bat dator Galartza ere: «Gure Zirkua benetakoa da, bihotzetik ateratakoa; horregatik iristen da publikoaren bihotzetara».
Lau hilabeteko abentura bizi izan dute artistek karpa ibiltariaren babesean. «Burbuila» bat izan da, Gonzalezen iritziz: «Urte askoan begirale moduan ibili naiz, eta garai haiek gogorarazi dizkit». Orain, atseden hartzeko garaia iritsi da. Galartzak esan du hasieran zehaztu zutela noiz amaituko zen bira gutxi gorabehera: «Bagenekien abentura hau hasi eta bukatu egingo zela, eta horretan asmatu dugu». Izan ere, nekea sumatzen dute artistek, Gonzalezek aitortu duen moduan: «Azken hilabeteetako aldaketa irentsi behar dut, eta arnasa pixka bat hartu».
Emozioz betetako emanaldiak izango dira gaurkoak, eta negar ere egingo dutela uste dute artistek. Malko gozoak izango direla esan du Gonzalezek, «oso harro» baitaude bizitakoarekin. Haatik, gazitik ere topatu dute zirkuaren lehenengo biran: Galartzak esan du lan handia egin behar izan dutela jendeak zirkua duintasunez hartzeko: «Oso gutxi eskatu dugu, argindarra eta ura soilik. Seriotasunezjoan gara herri guztietara». Zenbaitetan, ordea, ez dute esperotako erantzuna jaso. Honako hau gehitu du trapezistak: «Erakundeek txurro eta barraka postuen taldean sartzen dute zirkua». Horren ondorioz, igarri dute publikoak ere gutxi ezagutzen duela zirkua: «Hasieran, jendeak flasharekin ateratzen zizkigun argazkiak, ezjakintasunez, horrek zer ondorio izan zitzakeen pentsatu gabe». Pixkanaka, zirkua zer den ikastea eta irakastea lortu dute, eta pozik daude.
Heziketa lana egin behar izan badute ere, oso babestuak sentitu direla ere azpimarratu du Galartzak: «Herri batzuetan garai bateko komedianteak bezala tratatu gaituzte: lanean ari garela, sagardo botilekin, patata tortillekin eta garagardoarekin etorri zaigu jendea». Herri txikietan bizi izan dute gertutasun hori, nagusiki; baina Donostiakoa ere ez dute ahazteko: «Bertako bikote bat Aian izan zen emanaldia ikusten, umeekin. Haien auzoan gaude orain, eta larunbatean lantalde osoa gonbidatu gintuen afaltzera, hemezortzi lagun!».
Jendearen beroak eta zenbakiek erakusten dutenez, arrakasta izan du Gure Zirkuak. Ondorioz, bestelako proposamenak ere jaso dituztela kontatu du Galartzak: «Ekoizle handien eskaintzak jaso ditugu, baita karpa alokatu nahi dutenenak ere». Aitzitik, hasierako izaera mantendu dute, Gure Zirkuaren «magia» ez galtzeko. Babestua sentitu da Gonzalez horri esker: «Ikerrek argi izan du filosofia: helburua ez da saltzea izan, zerbait maitasunez sortzea baizik».
Hasierako ilusio berarekin bukatuko du bira Gure Zirkuak. Hilabete batzuetako atsedena hartuko dute orain artistek; ez luzerako, ordea: «Eseri, mapa bat hartu, eta txintxetak jartzen hasi behar dugu», esan du Galartzak. Iruñerria, Gasteiz, Ipar Euskal Herria... oraindik bisitatu gabeko toki asko dituzte jomugan. Data zehatzik ez dute oraingoz, baina zerbait aurreratu dute: «Datorren udaberrian, loreekin batera, Gure Zirkua aterako da».
Etenaldia, magiaz gainezka egin eta gero
Gure Zirkua euskal karpa ibiltaria herriz herri ibili da azken lau hilabeteetan. Gaur arratsaldean egingo ditu lehenengo birako azken bi emanaldiak, Donostian. Atseden hartuko dute, baina udaberrian berriro itzuliko direla aurreratu dute artistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu