ETBko euskarazko bikoizketa, hilda

EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak uko egin dio Mixer enpresan ETBrako lan guztiak egiteari, gaztelaniazko lan bat salbu. 2018. urtetik dira greban Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartekoak. Euskarazko bikoizketa salbatzeko premiazko neurriak eskatu dituzte guztiek.

SOS Bikoizketa euskaraz mugimenduaren protesta bat, 2013ko abenduan, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herrian bikoizketan lan egiten duten profesionalak bi elkartetan bananduta daude: Bieuse elkartekoek 2018an hasi zuten greba, lan faltaren eta lan baldintzen okertzean muturrera heldu zirelako. EHBE elkartekoek lanean jarraitu zuten, baina, orain, urtarrilaren 12tik uko egin diote Mixer enpresan ETBrako lan guztiak egiteari —salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten ari diren lan bat adostu dute—.

Mixerrek 2018an bi urterako kontratua sinatu zuen ETBrekin bikoizketa lanerako; ondotik, urtebete luzatu zuen, eta abuztura arte dauka —EHBE elkartekoek freelance lana egiten dute, eta egunotan ez dute gizarte segurantzarako kotizaziorik; haladaude Bieusekoak ere—.

Zinemarako, oraintxe euskarara bikoizten ari dira Tom eta Jerry, Cranston Academy eta D'artacan y los tres mosqueperros animaziozko filmak. Zineuskadik lagunduta eta Zinema Euskaraz programaren barne, lan horiek areto komertzialetan estreinatuko dira.

Hiru urte beteko dira irailean Bieusekoek greba hasi zutela. Grebarekin duela lau aste hasi da EHBE. Pello Artetxe, Eva Ojanguren eta Josu Varela elkarte horretako zuzendaritza batzordeko kideek lanuztearen arrazoien berri eman dute: «Bikoizketako langileok erabaki dugu lanuztea egitea, ordainsari duinak nahi ditugulako, eta etengabeko gainbeherari galga jarri, Euskal Herriko bikoizketari etorkizunerako irtenbideak eman behar zaizkiolako». Erruduntzat Eusko Jaurlaritza, ETB eta Mixer enpresa jo dituzte.

Bestalde, Bieuse elkarteko Xabier Alkiza eta Iñaki Beraetxe bikoizleak EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoarekin bildu ziren joan den astean. «Harrigarria izan zen EITBko zuzendariak ez zekiela bikoizketa sektoreko jendea greba egiten ari zela. Eta lanean ari ziren gutxi horiek ere greban jarri zaizkiola», azaldu du Alkizak. Aldekoak esan zien txosten bat eskatu duela sektoreko zenbait egoeraren berri izateko —«ez bakarrik bikoizketaren egoeraz»—, eta agindu die egingo duela modua bikoizleek esateko dutena kontuan har dadin.

Bi elkarteetako bikoizleek antzeko azterketa egiten dute, ñabardura batzuekin, euskarazko bikoizketak azken bi hamarkadatan izan duen beherakadaz. EHBE elkartekoek hala diote: «Gure ordainsariek ere behera egin dute esleipenez esleipen, lanbide honetatik bizimodua ateratzea ia ezinezko bihurtzeraino».

Bitxia da Aldekoak bikoizleen grebaren berri ez izatea, eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideari idatziz honako datu hau ematea —urtarrilaren 5ean—: «2019an, 222 ordu egin ziren; eta 2020an, 246 ordu. 2021. urtean aurrekontu gehikuntza bat dago, 2020ko errealaren gainean: 113.000 eurokoa». Bikoizketa ordu horietako asko gaztelaniaz dira. EHBE elkarteak hala dio: «2018ko azkeneko murrizketen ondoren, 2019an zein 2020an bikoiztutako ordu kopurua zertxobait igo da, betiere haurrentzako euskarazko animazioan». Hauxe ere aitortu dute: «Baliteke gaztelaniaz gehiago egin izana». Tarifei dagokienez, adibide bat: 2004an, euskarazko ordu erdiko dokumental baten bikoizketa 1.433 euroan ordaintzen zen; 2020an, 975 eurotan.

Iñaki Beraetxe Bieuseko bikoizlea kezkaz mintzo da: «Sozializatu dute euskaraz bikoiztu behar baldin bada, haurrentzako behar duela izan. Bikoizketak behar luke ikusle guztientzat. Plataformetan dauden telesailak ez dira haurrentzat, eta jende askok horiek kontsumitzen ditu». 2019an, bikoiztutako edukien %81 haurrentzat izan ziren; iaz, %75 —bi hizkuntzatako datuak—.

Adin guztietako ikus-entzuleentzat askoz eduki gehiago ekoizten ziren duela bi hamarkada. BERRIAk 2019ko otsaileko erreportaje batean jasotako datuak hauek:1991n, 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu; eta 2013an, 132 ordu. Sektoreko profesionalak mobilizatu egin ziren 2013ko jaitsieraren testuinguruan: SOS Bikoizketa Euskaraz mugimendua sortu zuten. Bikoizle, teknikari, administrari eta itzultzaile-egokitzaileak bildu ziren. Protestak egin zituzten Donostiako Zinemaldian eta Durangoko Azokan.

Orain, bi elkarte, biak greban. EHBE elkartekoek hala diote: «Egoera larria da oso, eta euskarazko bikoizketa bukatu ere egin daiteke epe laburrean». Ohartarazi dute ez direla bakarrik bikoizleak muturreko egoeran daudenak. «Itzultzaileak, egokitzaileak, teknikariak, administrariak... urteetan zaildu eta trebatutako profesional asko gelditu dira bidean. Eta oraindik honetan lanean ari garen beteranook, elkarteko kide batzuk ETBren lehen emanaldiekin hasi ginen lanbidean, ez dugu inon sumatzen erreleboa sustatzeko gogorik».

Azkeneko bi urteetan Bieuseko bikoizleak «basamortuan» ibili izana deitoratu du Beraetxek: «ETBrentzat eta Zineuskadirentzat ez dugu ezer egin. Eta ez dakit berriro egiteko aukera izango dugun. Donostiako REC estudioa itxi izanak ere kalte egin digu. Lan batzuk hor egiten genituen». RECeko arduradunek ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Euskarazko bikoizketaren «desagerraraztea» salatu du Alkizak: «Gu ez gara ari gure lanagatik bakarrik. Euskalgintzak zulo bat dauka hor, eta egin den zuloa euskarazko bikoizketarekin sekulakoa da. Ia hamabost urte pasatu ditugu kanpoko edukirik gabe euskaraz, eta hori kirtenkeria handia da».

EHBEren iritziz, bikoizketa orduak murrizteak «izugarrizko kaltea» egin dio euskararen normalizazioari. «Gaur egungo munduan bikoizketa funtsezkoa izan daiteke biziberritze bidean den gurea bezalako hizkuntza batentzat, telebista bera bezain funtsezko». Eta ohartarazi dute: «Edo orain hartzen dira neurriak edo euskarazko bikoizketa azkenekotan egon daiteke».

Bikoizle katalanak

Oso egoera desberdinean dira euskara eta katalana, euskarazko telebista eta katalanezko telebista. Katalanezko bikoizketak beste indar bat du, eta jasan dituzten murrizketekin kexu dira bikoizle katalanak. DUB elkarteko presidente Roger Isasi-Isasmendik «atzeraldia» gertatu dela salatu du: «TV3ek urte batzuetan 2.500 ordu ematen zizkien urtean estudioei, eta kopurua gaur egun1.200 ordura jaitsi da. Hori gertatu da, gainera, streaming plataformek gero eta pisu handiago duten honetan, eta katalanak ia ez du batere presentziarik plataforma horietan». 2009an zituzten tarifa berberak dituzte 2021ean bikoizle katalanek, eta DUB elkartea saiatzen ari da hirugarren lan hitzarmen kolektiboa sina dadin.

Katalanezko bikoizketaren egoeraren inguruko harrabotsa sortu zen sare sozialetan eta zenbait hedabidetan, TV3ek Altsasu telesailaren lehen atala eman ostean —urtarrilaren 18ko astean; guardia zibilak ere katalanera bikoiztuta zeuden—. Elkarteak eta AADPC sindikatuak esan zuten ez zuela zentzurik hizkuntza «uniformetu» izanak. Salatu zuten, bidenabar, sektorearen prekarizazioa eta zazpi urte daramatzatela soldatak erregularizatu gabe.

Egun horietan sortu zen erreakzioak Kataluniako eta Euskal Herriko egoera alderatzeko adibide esanguratsutzat jo du Beraetxek: «Sareak sutan jarri zirenAltsasu-ren bikoizketarekin, baita hedabide batzuk ere. Euskarazko bikoizketa bat lotsagarri balitz, Euskal Herrian ez litzateke ezer gertatuko. Iragarki zenbait eta erakunde publikoen iragarki batzuk horren erakusgarri dira».

Isasi-Isasmendik azaldu duenez, garai batean TV3ek estudioei ematen zizkien esleipenetan bi irizpide egoten ziren: kalitatea eta eskaintza ekonomikoa. «Duela urte batzuk irizpide kualitatiboa desagertu egin zen, eta emaitza begi bistan dago».

Alkizaren arabera, bestalde, Kataluniako Generalitatearen Hizkuntz Politikarako Sailak dirua jarri du azkeneko urteetan bikoizketarako, «eta behar den bezala». Kalitatezko bikoizketa egin ohi dutela gaineratu du. Zergatik? «The Lord of the Rings trilogiaren banatzaileak ez dizu uzten lardaskeria bat egiten».

Euskal Herrira itzulita, EHBE elkartekoek diote baldintza hobeak nahi dituztela bikoizketarentzat: «Beste norabide batean jarri nahi dugu, gutxiengo batzuk finkatuta iritsi nahi dugu ETBren 2022ko esleipenera».

Gaztetxoentzako eta euskarara bikoiztutako telesail bat estreinatuko du hilaren 19an ETB1ek: De regels van Floor (Herbehereak). Ez daude halako asko. EHBE elkarteak erakunde publikoen, enpresen, sindikatuen eta ETBren konpromiso «irmo» eta «gardena» eskatu du. Bitartean, greban dira bikoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.