Juan Carlos Miguel de Bustos. EHUko irakaslea

«ETBk herritar guztiena izan beharko luke, eta ez legebiltzarraren ispilu»

EITBren gobernantza eredua aldatu behar dela uste du Miguel de Bustosek. Aholkurako kontseilu «zabal» bat proposatu du, gizarte zibilaren ordezkariekin osatua, herritarren kezkak plazaratzeko.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle lanetan hasi zela 27 urte dira, eta kultur industrien ekonomian aditua da Juan Carlos Miguel de Bustos (Palentzia, Espainia, 1955). Telebista autonomikoen inguruko hainbat ikerketa lan egin ditu. ETBko ereduaren inguruan Podemosek larunbatean antolatu zuen mahai inguruan parte hartu zuen, Bilbon.

1982. urtean onartu zutenEITBren Sorrera Legea. Aditu askok diote badela garaia legea gaurko garaietara egokitzeko.

Dena aldatu da: alor teknologikoa, soziala, ekonomikoa... Telebista berriro pentsatu beharra dago. Zenbait telebista autonomikok aldaketak egin dituzte haien legeetan, baina ez dira errora joan. Eskema osoa pentsatzeko garaia da. Eta denek pentsatu behar dute horretan, ETB ez baita bakarrik alderdi politikoena. Telebista publikoa EITBko langileena eta gizarte zibilarena ere bada.

EITB arma gisa erabili dute alderdi politikoek Eusko Legebiltzarrean, batzuek besteen aurka jotzeko. Zer egin beharko litzateke hori aldatzeko?

EITBren muturreko politizazioa hainbat gaitan ikusten da. Adibidez, aurrekontuak unean uneko gobernuaren araberakoak dira. Bestetik, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordea oposizioak erabiltzen du, eta noizean behin baino ez litzateke erabili beharko, aldaketa garrantzitsuen berri emateko. Administrazio kontseiluak alderdi politikoen ordezkari gutxiago izan beharko lituzke, eta kideek soslai profesionala behar lukete izan. Zuzendariak ez luke administrazio kontseiluan parte hartu behar. ETBk herritar guztiena izan beharko luke, eta ez legebiltzarraren ispilu. Gobernantza eredua aldatu beharra dago.

Zer erakunde proposatuko zenituzke EITB bideratzeko?

Aholkurako kontseilu zabal bat beharko litzateke, eta hor gizarte zibilak egon beharko luke ordezkatuta. Gaika arduratuko litzateke EITBko aldaketez. Hor gizartearen sarrera izango luke. Beste herrialde batzuetan bezala, komenigarria litzateke ikus-entzunezko erakunde edo kontseilu bat ere egotea, baina erabat independentea balitz soilik. Etengabeko prozesu bat beharko litzateke erakunde hori independentea izateko. Guztiz gardena eta fina beharko luke izan, eta hori ez da erraza. Edonola ere, ez da posible alderdi politikoen kezka bakarra izatea ea ETBn zenbat agertzen diren.

EH Bilduk berriki ikuslearen defendatzailearen figura sortzea proposatu du. Mesedegarria izango litzateke?

Bai. Telebistaren eredu berrian gizarte zibila presente egoteko modu on bat izan daiteke. Hala ere, herritarren kezkak plazaratzeko are garrantzitsuagoa litzateke aipatu dudan kontseilu aholkularia sortzea. Kezkatzen nauena da telebista herritar guztiena izatea, eta modu horretan ikusia izatea.

EITBk 33 urteotan gehiago egin zezakeen euskararen normalizazioaren alde?

Bai. Agiri guztietan azaltzen da kezka hori. Larunbatean, Bilboko mahai inguruan, hainbat hizlarik proposatu zuten ea zergatik ez diren hizkuntzak nahasten; adibidez, zergatik ezin dugun Eskamak kentzen telesaila gaztelaniazko azpidatziekin ikusi. Asko dago egiteko.

EITB ondo ari al da egokitzen herritarren kontsumo ohitura berrietara?

Berrikuntzak alor guztietan egin behar dira. Ondo legoke helburu zehatzak jartzea: esate baterako, saioen ehuneko jakin bat berritzailea izan dadila edukietan zein forman. Esperimentuak egin behar dira, eta, ez badute funtzionatzen, ba, aldatu. Telebista publikoak hain daude kezkatuak ea besteek zer esango duten... Hori aldatu beharra dago.

ETB4 erabil daiteke esperimentuak egiteko?

Nahiago nuke hiru kate baleude, lau baino. ETB3 haurrentzako katea izan daiteke ordutegi batzuetan, baina gero bestelako edukiak sar zitezkeen. Gizarte zibilari tartea uztea ez legoke gaizki. Garai batean, unibertsitateko ikasleek egindako lanak ematen zituzten. Kateetako batean ikasleen eta komunitateen lanak emititzea ondo legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.