«ETB sustatzen ari den neurri horrek herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu». Netflix Euskaraz taldeak jakinarazi duenez, ETB hizkuntza klausulak ezartzen ari da euskal ekoizpenen euskarazko bertsioei. Horien ondorioz, «litekeena da» euskal ekoizpen bat plataformaren batean estreinatzean horren euskarazko bertsioa gainontzekoekin batera ez estreinatzea. Eta horixe bera gertatu da, duela ez gutxi, Unicorn Wars animaziozko filmarekin —EITBk parte hartu du hartan—. Otsailaren 8an estreinatu zuten Movistar Plus plataforman, gazteleraz eta galegoz; euskarazko bertsiorik gabe, ordea.
Netflix Euskaraz-ek jakin du, Uniko ekoiztetxearen eskutik, horren arrazoia: Unicorn Wars-en euskarazko bertsioa estreinatzeko lehentasuna du ETBk. Hau da, beste plataformaren batean ezin izango da ikusi, gutxienez, ETBk filma eman arte. Taldearen iritziz, «onartezina» da halako hizkuntza klausulen erabilera; «kaltea baino ez diote eragiten euskararen normalizazioari». Gainera, azpimarratu dute salbuespenezkoak direla klausula horiek: «Ez dira inongo herrialdetan eta hizkuntzatan gertatzen, eta ez dute inolako loturarik banaketa eta emisio baimenekin».
ETBko zuzendaritzak, ordea, adierazi du Netflix Euskaraz-ek Unicorn Wars filmaz esandakoa ez dela zuzena: «EITB proiektu horretan partaidea baino ez da, eta ez du Interneten euskarazko bertsioa estreinatzeko lehentasunik». ETBk argitu duenez, filmeko ekoiztetxeak (Uniko) ez du behar EITBren baimenik Unicorn Wars Internet bidez emititzeko eskubidea hirugarren bati eskaintzeko.
EITBk aurten plazaratuko du Primeran ikus-entzunezkoen plataforma, eta jadanik erakutsi zuten asmoa euskarazko emanaldiak hor estreinatzeko. Netflix Euskaraz-en arabera, «estrategikoa» da erabaki hori; EITBk «horren aldeko apustua egin behar du ezinbestez». Dena dela, «arbuiagarria» ere bada klausulak erabiltzea, «nork eta euskara sustatzea eginkizun nagusia duen» telebistak.
Are gehiago: salbuespenezko klausula horiek baldintza gisa jasota daude ekoiztetxeek lan berrietarako finantzaketa publikoa jasotzeko, taldeak azaldu duenez. Ekoiztetxeekin sinatutako akordioak argitara ateratzeko eta klausulen inguruko azalpenak emateko eskatu dio EITBri.
Unicorn Wars filmarena da kasurik berriena, baina antzekoa gertatu zen Irabazi arte! telesailarekin. Abenduan jarri zuten lehen denboraldia ikusgai Disney Plus plataforman. Jatorrizko hizkuntza euskara bada ere, gazteleraz soilik ikusi daitezke atalak. Hala, Netflix Euskaraz-ek galdera egin dio EITBri: ea aurrerantzean halakorik gertatuko den plataformetan estreinatuko diren euskal ekoizpenekin.
Netflix Euskaraz-ek esan du «atsekabetuta» daudela Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren «ekimen eta borondate ezarekin». Espainiako lege berriaren arabera, plataformak behartuta daude tokian tokiko erakundeek berezko hizkuntzetara bikoiztu eta azpidatzitako lanak katalogoan txertatzera. «Katalunian horretan ari dira, eta horren lekuko dira Generalitateko Kultura sailburuaren azken adierazpenak». Natalia Garrigak esan du plataformetara bidaltzeko prest dituztela TV3ek orain arte katalanera bikoiztutako audio guztiak, eta plataformek aurki txertatuko dituztela.