ETB1ek 'Ni naiz Lete' omenaldi dokumentala estreinatuko du bihar

Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Lourdes Otaegi eta Arantxa Lete arreba elkarrizketatu dituzte

Xabier Lete omentzeko lan bat da Ni naiz Lete, baina ez hari buruzko erreportaje biografiko bat. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hamar urte bete ziren atzo Xabier Lete olerkari eta bakarlaria hil zenetik. Hamar urte haren ahotsa izali zenetik, nahiz eta haren hitzak ozen entzuten diren Euskal Herriko makina bat txokotan. Hala, Baleuko ekoiztetxeak omenaldi dokumental bat prestatu du ETB1erako. Bihar gauean estreinatuko dute telebistaz Ni naiz Lete lana —ostegunean aurrestreinaldia egin zuten, Bilbon eta Donostian—.

Iban Gonzalezek zuzendu du lan hori. Haren irudikoz, istorioak kontatzeko bi modu daude; batzuk pertsona baten kronologia eta gertakizunak, kontatu daitezkeenak, kontatzera mugatzen dira. Beste batzuek, berriz, konpromisoa hartzen dute pertsonaren kontzientzia, sentsibilitatea, espirituaren aldaketak, argitasunak, iluntasunak, zalantzak kontatzeko. Barrura begirako istorioak dira horiek, pertsona bere osoan ulertzeko eta aztertzeko lana hartzen dutenak, itzalak eta argiak barne. Baleukoko sortzailearen arabera, Ni naiz Lete lana azken horietakoa da.

Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Arantxa Lete eta Lourdes Otaegiren laguntzarekin, Leteren udaberria, uda, udazkena eta negua errepasatuko dituzte, ikusleari sortzailearen mundu artistikoa eta intimoagoa ezagutzeko aukera emanez. «Arantxa Lete arrebak gertutasunetik hitz egingo du; Atxagak literaturaren ikuspegia emango du; Otaegi Leteren obran aditua da, eta ikuspegi analitikoa emango du; eta Valverdek, berriz, oholtzako kide eta lagun minarena». Dokumentalaren egileak argi zuen ez zituela 50 elkarrizketa egin nahi. «Estresik ez nuen nahi».

Baina, beste edozeren gainetik,Leteren omenezko lana izan nahi du saioak. «Artista bati egin dakiokeen omenaldi onena artearekin egitea da. Hau ez da erreportaje bat, eta helburua ez da Leteri buruz informatzea», azaldu du Gonzalezek. «Leteren estiloa eta tempoa hartu ditut. Ez zegoen telebistaren erritmoa hartu beharrik».

Izarren hautsa, Itsasoan urak handi dire, Xalbadorren heriotzean, Habanera, Ni naiz... Letek sortutako zenbait kanta esanguratsu egungo artisten ahotan entzungo dira: Eñaut Elorrietak, Inar Sastrek, Joxan Goikoetxeak, Arantxa Irazustak, Txema Garcesek, Pier Paul Berzaitzek, Magali Zubillagak, Erramun Martirikorenak, Ainara Ortegak, Landarbaso abesbatzak, Doctor Deseok eta Antton Valverdek bertsio bereziak egin dituzte dokumentalerako. Halaber, Leteren olerkiak errezitatzen azalduko dira beste hauek: Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Miren Amuriza, Toti Martinez de Lezea, Kike Amonarriz, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Olatz Salvador, Ines Osinaga, Gontzal Mendibil, Xabi Solano, Mikel Urdangarin, Afrika Bibang, Pello Reparaz eta Miren Agur Meabe.

Gonzalezek azaldu duenez, dokumentala egiteko epea urtebete zabalik izan dute. «Hori ez da normala izaten. Baina Leteren mundu artistikoa eta bizitza lau urtarotan banatu nahi genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.