Iruñeko sanferminetako entzierroak euskarazko kate batean ikusi ahalko dira. TVEko iturriek BERRIAri baieztatu diote ETB1ek ere emango dituela entzierroak, zuzenean. Esatariak zein izango diren ez dute jakinarazi oraindik, ez ETBkoak, ez TVEkoak. TVEk ez du ETBrekin bakarrik egin akordioa: Navarra Television kateari ere utziko dizkio irudiak. Horrenbestez, bi urtez sanferminak ospatu gabe egon ostean, aurten entzierroak TVEk, ETB1ek eta Navarra Televisionek emango dituzte.
TVEko emankizunean Javier Solano aritu da 30 urtez esatari lanetan. Erretiroa hartu du Solanok, eta datozen egunetan jakinaraziko dute zein esatari arituko den haren tokian. Teo Lazaro korrikalariak entzierroaren analisi teknikoa egingo duela esan dute TVEko iturriek.
TVEk ETBrekin akordioa egin izana ez da denen gustukoa izan. Nafarroako PP kexu azaldu da: «RTVEren edukien deszentralizazioa» kritikatu du. Amelia Salanueva PPko senatariak galdera egingo dio gaiaz bihar RTVEko presidente Jose Manuel Perez Tornerori.
TVEko CCOO sindikatua ere ez dago gustura akordioarekin. CCOOren iritziz, RTVEko presidenteak EAJren laguntza behar du administrazio kontseiluan proposamenak aurrera ateratzeko, eta horregatik utzi dizkio entzierroen irudiak ETBri. «Navarra Television kate pribatuari irudiak uzteak ere ez du zentzurik», kritikatu du TVEko CCOOk.