«Txoriari buruz hitz egitera gatoz». Halaxe aurkeztu du Ekhiñe Atorrasagastik mahai ingurua, eta horixe egin dute: txoria lumatu lehenengo, eta lumaztatzen saiatu gero. Hodei artean dabilen hura lurrera ekarri dute, eta hegaldarazten saiatu dira berriz. Galderak eginda, eta erantzunak ematen saiatuta.
Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean izan zen mahai ingurua atzo: ETB, nondik dator eta nora doa? Hizlariak: Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria, Elixabete Garmendia ETBko kazetari izandakoa eta Lander Arretxea kazetari eta gidoigilea. Oinarrian, Urkizuk argitaratu berri duen Aleka bildumako liburua: Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero. Labur aletu du edukia egileak: hasierako «ilusioari» buruz aritu da, ETBko «kontrol politikoari» buruz, eta «testuinguru berriei» buruz: «ETBk eragina galdu du, baina euskarazko telebista bat behar dugu: indartsua, independentea eta eraginkorra».
ETB2ren sorrerak eragindakoez aritu da, besteak beste, Elixabete Garmendia. «1986an hasi ziren muntatzen, modu prekarioan, baina handik gutxira bata nagusitu zen, eta bestea baztertu eta murriztu egin zuten». Nork? «EITBko zuzendari orduan [Jose Maria] Gorordo zen, baina erabakia [EAJ] alderdiarena izan zen». Adibide esanguratsuak jarri ditu: Dorre Bikien kontrako erasoan nola antolatu zuten saio berezia ETB2n, eta nola animaliei buruzko dokumental bat eman zuten ETB1en. «Adibide bat da ikusteko zein zen nagusia eta zein bazterrekoa: gaztelera nagusia, eta euskara bazterrekoa». Eta oso kritiko mintzatu da Patxi Lopez lehendakari izan zen garaiaz ere: «Garai petrala izan zen kazetariontzat, beldurgarria: gehienok susmagarriak ginen haientzat».
Garmendiak ETB utzi zuela joan dira sei urte. Albistegietan aritu zen lanean gehienetan, eta albistegiei erreparatzen die oraindik, baina «ikusle soil» gisa. Forman zein edukietan albisteen trataera «populista» egiten dela dio, kale inkesta «txotxoloak», informazio instituzional «gehiegi», eta gizarte eta kultur gai «gutxiegi». Aurrera begira jarrita, hainbat gako eman ditu Garmendiak: «ETBk barneratu behar du ez dela kate pribatu bat, telebista publikoa dela, eta ez derrigorrean gobenuaren aldekoa»; «Euskal Telebista bada, euskarazko ekoizpena nagusitu behar da»; «indar politikoek busti beharko lukete ikus-entzunezko publikoetan»; «diseinu berri bat behar da arlo ezberdinetako profesionalek landutakoa»; «publikoa bada, gizartearen ekarpena behar du»; «herri honi dagokion nortasuna izan behar du ETBk».
Hiru Damatxok ekoitzitako Gaztearen Zulora eztabaida saioari erreferentzia eginez sartu da solasaldian Lander Arretxea kazetari eta gidoigilea. Horrek bidea eman dio ETBrentzat lanean ari diren ekoiztetxeen jardunaz aritzeko. Aipatu du «hierarkikoa» eta «goitik beherakoa» dela duten harremana, eta ETBk ez dituela dituela epe luzeko apustuak egiten. Horren ondorio nagusia: ekoiztetxeek kontratu oso laburrak egin behar izaten dituztela, eta hori ez dela «jasangarria» telebistaren munduan «ibilbide luze bat» egin ahal izateko: «Balio duen jende askok utzi egiten du, edo balio duen jende asko sartu ere ez da egiten».
Gazteen kontsumo ohiturez eta haiek telebista publikora gerturatzeko estrategiez ere aritu da Larretxea. «Gazteek kontsumitzen dutena telebista publiko batean ikusten ez den moldekoa da, horregatik heldu behar zaie umoreari, fikzio probokatzaileei...». Primeran plataforma «albiste pozgarria» dela dio, baina ez dela «bereziki ausart» jokatzen ari. Adimen artifizialaren eragina neurtzea «zaila» iruditzen zaio, baina izan litekeela tresna bat «bide batzuk» zabaltzeko: «Dena dela, gure borrokak erreferentzialtasunarena izan behar du. Bere garaian Dragoi Bola-rekin gertatu zen bezala: ekoizpen erreferentzialak euskaraz sortu behar ditugu». Arriskatzearen eta akatsak egiteko beldurrik ez izatearen alde egin du apustu Larretxeak.
Biharko manifestazioa
Hain zuzen ere, telesailen gabeziaz eta euskarazko fikziorik ezaz aritu da Urkizu azken partean, eta nola eragiten dion horrek zuzendari, aktore, ekoizle, gidoilari, bikoiztaile, ikusle, kontsumitzaile eta ikus-entzunezko kate osoari. «'Fikziorik ez duen telebista ez da telebista', esan zidan behin ekoizle batek». Bihar Gasteizen egingo duten manifestaziora deitu zuen Urkizuk: «Sindikatuak, hezkuntzako eragileak, euskalgintza... denak han izango dira Aldatu gidoia eskatzeko, bestelako EITB bat behar dela aldarrikatzeko».