ETB Altsasuko gazteen auziari buruzko telesail bat grabatzen ari da

Abenduan estreinatuko dute. Gidoilarien artean, Harkaitz Cano eta Andoni de Carlos daude

Altsasu telesailaren grabaketako une bat, joan den ostiralean. EITB.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Egunotan Altsasu euskarazko telesaila ari dira grabatzen Euskal Telebistarako, eta, okerrik ezean, abenduan estreinatuko dute Baleukok ekoitzitako lan hori. Altsasuko (Nafarroa) zortzi gazteen istorioan oinarritutako «kontakizun askea» izango da, eta, batez ere, auzipetuen sentimenduetan jarriko du arreta. Lau atal izango ditu ekoizpenak. Asier Urbieta proiektuaren zuzendariak sortu du Altsasu.

Kuadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte, elkarren artean harreman sendorik ez zuen gazte talde bat, prozesu judizial batek kateatuko du. Auziaren jatorria zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da; haren ondorioz, talde antolatu izatea leporatu zieten zortzi gazteei.

Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. «Egoera eta giro arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizi-birak kontatu eta fikzionatu dira», iragarri du Euskal Telebistak. Hala, gertatutakoaren inguruan ikusleen hausnarketa bultzatzea du helburu telesailak.

Altsasu-ko gidoilariak Harkaitz Cano idazlea —euskarazko beste hainbat telesailentzat idatzi ditu gidoiak—, Mikel Alvarez Bira Produkzioak ekoizpen etxeko kide eta BERRIAko telebista kritikari ohia eta Andoni de Carlos Handia filmeko gidoilaria dira—Goya saria irabazi zuen lan horregatik—.

Aktore taldea

Telesail berriko aktoreen artean, gazteak eta beteranoak daude. Zortzi auzipetuen rolak aktore hauek jokatuko dituzte: Erik Probanza, Nikola Zalduegi, Aia Kruse, Asier Oruesagasti, Julen Jimenez, Xabier Elizalde, Ander Azurmendi eta Jon Olivares. Azken horrek ETAko kide baten rola jokatu du Patria telesailean.

Bestalde, Itziar Atienzak gazteen abokatuarena egingo du. Jose Ramon Soroiz, Miren Gojenola eta Jose Ramon Argoitia aktore beteranoak ere Baleukoren fikzioan azalduko dira. Guardia zibilen pertsonaiak Cristian Merchanek eta Jorge Monjek beteko dituzte, eta guardia zibil baten bikotekidearena egingo du Yasima Drisik.

Altsasu-ren ekoizpen arduraduna Eider Gabilondo da.

Altsasun (Nafarroa) bertan ari dira egiten grabaketak. Baina beste zenbait tokitan ere bai: Oiartzunen (Gipuzkoa), Iruñean eta Segoviako kartzela zaharrean (Espainia). Espetxe horretan grabatu zuen Pausokak Ihesaldia, iaz; gaur egun zentro soziokultural bat dago bertan, baina parte batean garai hartako estiloa mantendu dute.

Udazken honetan, izango da aukerarik euskarazko telesailak ikusteko: joan den astean, Alardea estreinatu zuen ETB1ek; azaroan, Koldo Almandozek zuzendutako Hondar ahoak iritsiko da, baita Go!azen-en denboraldi berria ere; eta abenduan, Altsasuko auziaren gaineko fikzioa emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.