ETAren lehen urteak, fikzioan

Movistar Pluseko bezeroek ez ezik, Hego Euskal Herriko herritar guztiek ere 'La línea invisible' -ren lehen bi atalak ikusi ahalko dituzte bihar. Txabi Etxebarrieta ETAko burua da istorioaren ardatza.

Alex Monnerrek (erdian) Txabi Etxebarrieta protagonistaren rola jokatzen du La línea invisible telesailean. MOVISTAR PLUS.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagiak Jose Antonio Pardines guardia zibila hil zuen kontrol batean, 1968ko ekainaren 7an; handik ordu gutxira, guardia zibilek Etxebarrieta hil zuten. Ondotik, ETAk Meliton Manzanas hil zuen, polizia eta Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buruzagia. Etxebarrietak gertakizun horietara iritsi arte egindako bidea kontatzen du La línea invisible telesailak. ETAren aurreneko urteak thriller generora eraman dituzte. Movistar Plus ordainpeko plataformaren ekoizpen bat da, baina bihar gauean Hego Euskal Herriko herritar guztiek doan ikusi ahalko dituzte lehen bi atalak: 22:00etan, Movistar Plusen Youtubeko kanalean. Plataformako bezero guztiek, berriz, bihartik aurrera telesailaren sei atalak izango dituzte eskura.

Abel Garcia Roureren ideia batean oinarrituta, Michel Gaztanbidek eta Alejandro Hernandezek idatzi dituzte telesailaren gidoiak. Zuzendaria, berriz, Mariano Barroso zinemagilea da.

Txabi Etxebarrietaren rola Alex Monner Zubizarreta aktoreak jokatzen du. «Nire aitona-amonak Azpeitian [Gipuzkoa] bizi dira; haien etxean pasatu nuen bolada bat euskal gizartean murgiltzeko, eta han ikasi nituen gidoiak hiru astez», azaldu du. «Dena den, Txabi benetako pertsonaia izateak ez zuen garrantzitsuagoa izan behar, beste ñabardura bat bainoago. Jabetu nintzen istorioa ondo azaldu behar nuela. Sortzen zitzaizkidan egoerak ondo azaltzearen eraginez, neronek aurkitu behar nuen telesailak eskatzen zidan Txabi». Grabaketak zenbaitetan «gogorrak» egin zitzaizkiola aitortu du aktore kataluniarrak: «Presio asko sentitu nuen batzuetan; nire pertsonaiak pisu handia zuen. Baina sormen aldetik, estasi uneak ere izan nituen».

Jose Antonio Etxebarrietak, pertsonaia nagusiaren anaiak,presentzia garrantzitsua du fikzioaren hasieran. Rol hori Enric Auquer aktoreak jokatzen du. «Nahiz eta mielitis gaitza izan, argi zegoen Jose Antoniok bere proiektu politikoarekin jarraitu nahi zuela: erreleboa ematen dio Txabiri. Gidoiak nahiko ilun jartzen zuen pertsonaia, baina ni gizatasunezko argi printzak ematen saiatu nintzen. Anaiarekiko maitasuna, era berean, garrantzitsua da istorioan».

Benetakoak dira telesaileko zenbait pertsonaia, baina ez guztiak; Asier Etxeandiak El Inglés ezizeneko ETAren sortzaileetako batena egiten du —erakundeari izena jarri zioten unea irudikatzen dute—. Aktoreak aitortu du Barrosoren proposamena jaso zuenean beldurra eman ziola gaian murgiltzeak: «Atzera botatzen zidan zerbait zegoen». Ez dira asko, baina telesailean euskaraz entzuten dira zenbait esaldi. Horietako batzuk Etxeandiak jokatzen dituen pertsonaiak esaten ditu. «Ez dakit euskaraz, baina 20 urte nituenean kaleko antzerkiko obra bat interpretatu nuen euskara hutsean. Bilbokoa naiz, eta ez dut arazorik izan euskarazko esaldiekin».

Bigarren mailako roletan, bestetik, La línea invisible-n agertzen dira zenbait aktore euskaldun: Aia Kruse, Amaia Sagasti, Josean Bengoetxea eta Joseba Usabiaga, besteak beste.

Gehiago iritsiko direla diote

Manzanas poliziarena, bestalde, Antonio de la Torrek egiten du. Poliziaren galdeketa bi azaltzen dira fikzioan, eta atxilotua torturatu egiten dutela islatzen dute irudiek. Gizatasunez betetako Manzanas ere irudikatzen du lanak, alabarekin gozo eta maitalearekin erromantiko.

Thriller generoko istorio baten erdian, gizatasunez betetako pertsonaia gisa irudikatzen dituzteManzanas eta Etxebarrieta. Etxeandiaren arabera, «fin-fina» da telesaila: «Kateatzen zaitu, harrapatzen zaitu, eta galdera askori argia ematen die. Kontatzeko modua zoragarria da».

Aurten, ETArekin lotutako beste telesail bat estreinatuko du HBOk: Patria. Etxeandiari iruditzen zaio garai batean zailagoa zela ETAri buruzko ikus-entzunezko proiektuak aurrera eramatea. «Julio Medemi La pelota vasca dokumentalarekin gertatu zitzaiona oroitu besterik ez dago». ETA desagertu ostean, ordea, lan gehiago iritsiko direla uste du aktoreak: «Ertz ugariz beteta dago gaia, baita galderaz betea ere». Auquerrek, ildo beretik, hala esan du: «Ondo legoke telesail asko egitea, eta denek aukera izatea aukera beren ikuspuntua emateko kontakizun baten gainean. Tabuak badaude zenbait konturen inguruan. Lanak beldur gutxirekin egingo balira, are hobe». Monnerrek ere ETAri buruzko telesail gehiago egitea desiratzen du: «Narratiboki eta istorioaren aldetik, lantzeko gai ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.