ETAren inguruko dokumental bat estreinatuko du France3 Akitaniak

'Pays Basque et liberté, un chemin vers la paix' lana datorren astelehenean emango dute

36ko gerran hasi eta ETAk armak utzi arteko gatazka aztertzen du France3 kateko dokumentalak. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

«Zer da euskal gatazka? Zergatik sortu zen?». Galdera horiek egin beharraren garrantziaz ohartarazten du Serge Portelli Versaillesko (Frantzia) Dei Auzitegiko magistratu ohiak Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) dokumentalean. Galdera horiei erantzuteko saiakera bat da Thomas Lascostek zuzendutako lana. Euskal Herriko laurogei urteko gatazka hartzen du: 36ko gerran hasi eta ETAren desegitearekin amaitzen da. Eta France3 Akitania kateak datorren astelehenean estreinatuko du, 23:05ean, eta hilabete batez Internet bidez ikusi ahalko da, France Télévisions talde publikoaren webgunean.

 

Lau ekoiztetxek martxan jarritako proiektu bat da Hipotesi demokratikoa. Hiru ardatz ditu egitasmoak, eta horietako aurrenekoa da telebistan estreinatuko den dokumentala —zinemarako dokumental luze bat eta elkarrizketen bilgune izango den webgunea dira proiektuaren beste bi oinak—. Frantziako Prima Luce eta Sister Prod eta Euskal Herriko Irusoin eta Gastibeltzak Filmak dira lau ekoiztetxeak. Katti Pochelu Gastibeltza Filmak-eko ekoizleak azaldu du lantaldeak «ilusio handia» duela telebistako estreinaldiarekin. «Guretzat aukera bat da publiko zabal batek ikus dezan zer proiektu motatan lanean ari garen». Dokumentaleko irudi arduraduna Eñaut Castagnet da, Gastibeltza etxearen sortzaileetako bat. Nafarroa Behereko Aldudarrak Bideo ere proiektuan parte hartzen ari da.

France3k estreinatuko duen lanean, frankismoko garaiak gogoratzen diren arren, fokua bereziki 2005 eta 2019 artean izandako gertakarietan jartzen du Lacostek. «52 minututan ezin da dena atera. Zinemako film luzean elkarrizketa gehiago agertuko dira», iragarri du Pocheluk.

Telebistako lanean mintzo dira, besteak beste, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Brian Currin bitartekaria, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Eugenio Etxebeste Antton ETAren mintzakide izana, Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzakidea, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea, Gabi Mouesca IK-ko kide ohia, Jean Pierre Massias unibertsitate irakaslea eta Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia, besteak beste. 21 elkarrizketa dira orotara.

Dokumentalaren estreinaldia Miarritzen (Lapurdi) egin zuten, Fipadoc jaialdian, urtarrilaren 23an. Frantziako Public Senat kateak eta ETBk urte honen bukaeran ere emango dutela iragarri du Pocheluk.

Euskal presoak 'Le Media'-n

Bestalde, Frantziako beste hedabide batek, Le Media-k, euskal presoen inguruko erreportaje bat argitaratu du —sarean da irakurgai—. Clara Menais eta Chloe Rebillard kazetariek landu dute, eta bertan Josu Urrutikoetxearen osasun egoeraz mintzo da haren seme Egoitz. Egunotan Frantziako kartzeletan euskal presoek bizi duten egoera aztertzen du lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.