Proposamen bat da. Gonbidapen bat da. Akordura ekartze bat da. Jolas bat da, jolasari buruzkoa. Mapa bat, oroimenari buruzkoa: «Eta zu non jolasten zinen?». Tim Gill hezitzaileak Urban playground (Jolastoki urbanoa) izeneko bere azken liburuan egin du ariketa, eta mapa osatu du. Harrigarria, argigarria eta kezkagarria da emaitza: 1919ko Sheffield (Ingalaterra) industrial, ilun eta laino hartan, birraitona etxetik hamar kilometrora ere jolasten ei zen; 1950ean, bi kilometroko tartera murriztu zituzten haren seme-alaben jolasak, eta, egun, non jolasten dira bilobak? Kalearen amaieran, «urrutienera jota».
Jolasari buruzko jolasa da, baina ez da jolasa (bakarrik). Egindakoaren, egiten denaren eta egingo denaren abiapuntua eta giltzarria ere bada hiriak eta herriak haurraren begiradatik abiatuz eta harekin batera birpentsatzea. Tim Gill izan da orain, Francesco Tonucci izan da beti (Haurren hiria), eta gero eta gehiago dira horren aldekoak, are gehiago aintzat hartuta pandemia betean lehenengo itxi zirenak parkeak eta eten zirenak haurren bizipenak izan zirela. Bi hitzetan: non ezin ziren jolastu jakiteak ekarri du non jolasten diren ohartzea. «Badago gure egungo kulturan ideia bat dioena umeak ezin direla edozein tokitan jolastu, ez behintzat jolas guneetatik kanpora. Kultura horrek adierazten digu nola irakurtzen dugun hiria: hemen bai, eta han ez», azaldu Tim Gillek berak.
Urban playground. How child-friendly planning and design can save cities. Hori du izenburua osorik horrenbeste zeresan ematen ari den Gillen liburuak. Eta haurra jartzen du erdigunean: harentzako hiria, eta harekin hiria. Zoru kautxudun, kolore eta jolas berdindun, eta —kontrolerako— barrura begira jarritako aulkidun parkeen ingurukoa izan zelako —delako— borroka bat, baina harago doana orain. «Zergatik mugatu behar dugu parkeetara? Zergatik egon behar dute haurrek parkeetan? Harago joatea erabaki genuen. Pentsatzea nola antolatu gure herriak haurtzaroaren kulturatik: haien parte hartzea izanda oinarrizko tresna. Planteatzen duguna da herriak eremu hezitzaile bat izan behar duela. Espazio fisikoa agente hezitzaile bat dela», nabarmendu du Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteko kide Maite Azpiazuk.
Oinherri eta Hiritik At kolektiboak dira, besteak beste, Euskal Herrian gai horren inguruan lanketa berezia egin dutenak. Herenegun aurkeztu zituzten Herri antolamendua, herri hezitzailearen ikuspegitik izeneko liburuxka eta izen bereko jardunaldia —martxoaren 26an egingo dute, Baztanen (Nafarroa), Udalbiltzak babestuta—.
Izaskun Soto Hiritik At kooperatibako kideak argi dauka: «Espazioa ez da neutroa». Eskoletako patioen inguruan lanketa bat egina dute, eta ondorioa da espazioak «zuzenean» eragiten duela harreman sozialetan: «Horregatik ulertu beharko genuke patio hori bera herri edo hiri trama baten barruan, espazio publiko gisa. Eta ez hesituta izan, baizik herriari zerbitzu bat eman, beste espazio baten gisara. Izan ere, haurrek han ikasten dute, han izaten dituzte euren arteko lehen interakzioak, eta han ikasten dutena erreproduzituko dute gerora parkeetan eta kalean».
Adibide bat da patioarena, ikusteko jolasa ez dela jolasa bakarrik. Azpiazuk dio haurtzaroaren kulturan «giltzarria» dela jolasa, «jolas libre eta desegituratua», eta gaur egungo hiriek eta jolaslekuek ez dutela bermatzen jolas mota hori, ezta gurasoen gehiegizko babesak ere. «Haur batek, garatu behar badu, arriskatu egin behar du, bere burua konfort zona horretatik harago jarri». Horregatik da kautxudun parkeena horren adibide argigarria: «Haurra erortzen da, eta ez du minik hartzen! Ez du erortzen ikasten! Bere burua botatzen du eta pentsatzen du: 'Ez zait ezer gertatzen'. Eta pentsatzen du edozein lekutan bere burua botata ondorioa berbera dela».
Haurrak «esperientziak» behar dituela uste du Azpiazuk: «Eta ahalik eta pluralenak, desberdinenak, bera joan dadin neurtzen noraino ahal duen eta noraino ez. Autoerregulazio hori lor dezan; gero herrian edo hirian autonomoki ibiltzen hasten denean, eduki dezan gaitasun hori esateko: hau arriskua da, hau ez». Baina, gehiegi babestuta, ez da hori lortzen: «Ez dago jolasik hamar guraso zuri begira badaude. Parkeetan, heldu gehiago daude haurrak baino».
Hirigintza: «jaun» hori
Eta zer diote erakundeek? Badago udaletan gai horien inguruko interesik? Sotok dio baietz, baina badauka «kezka» bat: «Badela gai bat hezkuntzatik edo parte hartzetik datorrena, eta uste dugu hirigintzatik ere etorri behar duela. Departamentuen arteko elkarlan bat izan behar du. Zeren hirigintza bada jaun bat serioa, gogorra, asfaltozkoa... baina aldatzen ari da, eta hau han txertatu behar dugu benetan aldatu dadin».
Eta hurrengo «kezka» parte hartzea «ulertzeko» moduari buruzkoa da. «Heldu-haur botere harreman horretatik planteatzen dugulako askotan oraindik: 'Zer nahi duzu, maitea? Tirolina bat?'. Baina hau ez da 'zer nahi duzu?', hau da 'zer behar dugu?'. Parte hartzea, nahiak adieraztea baino gehiago, gauzak elkarrekin egitea da, zerbaiten parte sentitzea», nabarmendu du Azpiazuk, eta Tonucciren esaldi bat ekarri du gogora: «Haurrekin parte hartzea egin nahi badugu, metro eta erdira jaitsi behar dugu. Eta jaitsik esan nahi du jaitsi: desboteretzea, hierarkia horiek apurtzea... eta hori ez da horren erraza».
Kezkarik eta zalantzarik eragiten ez duena da «haurtzaroaren kulturatik» etorri behar duela beste hirigintza eredu batek. «Haurtzaroaren kultura kultura eraldatzaile bat da. Haurra da jendarte honetako izakirik txikiena eta zaurgarriena. Gaur egungo hiri eta herriak gizon zuri, langile eta autoduna eroso egoteko pentsatuta daude. Haurrak ematen digu neurri politikorik txikiena. Hortik birpentsatzen baditugu gure herriak, han denok sartuko gara. Haur batentzat ona dena jendarte guztiarentzat izango da ona, haurrak autonomo-libre-seguru jolasten diren herriak denentzat izango dira seguruak, haur batentzat irisgarria den espazio bat denontzat izango da irisgarria...». Proposatzen dutena da haurrari hitza eman eta entzutea: «Ariketa hori badelako bazterrean edo periferian egon den jendarteari entzutea ere, zaurgarrienen neurrira egindako herri bat planteatzea».
Hirigintzaren ebaluazioa
Koldo Telleriak berretsi egin ditu Oinherri eta Hiritik At kolektiboen hausnarketak, eredu praktikoekin. EHUko Arkitektura irakaslea da espazio publikoan, eta Dunak taldeko kidea. Hirigintzari buruz ikasitako teoriez eta haiek praktikara eramatean sortzen diren korapiloez ari da Telleria: «Zeren teorian denak funtzionatzen du, baina, gero, auzo bat eraikitzeko planoak egin eta gauzatzen dituzunean... jende batek era batera bizi ditu eta besteak bestera. Eta gabezia askorekin».
Hirigintzari buruzko «ebaluazioa» falta dela nabari du Telleriak: «Hirigintza ez da ebaluatzen. Egiten da eredu bat, egiten da beste bat... eta ebaluaziorik behinena da etxerik saldu ote den edo ez jakitea. Ez da ebaluatzen pertsonak nola bizi duen hirigintza bat edo beste bat».
Adibideak baditu trumilka. Segurtasunari buruzkoa: «Gu hazi ginen herrietan, gurasoak lasai egoten ziren etxean, zeren nahiz eta herriaren beste puntan erori, bazekien beti egongo zela norbait laguntzeko. Hirigintza teorikoaren ikuspuntutik ziur favelak arriskutsuak direla, baina, han bizi direnentzat, ez». Parkeei buruzkoa: «Programatu ditzakezu jolasak parkeetan, baina haurrek euren programazioa egingo dute. Hondarribian: haurren parke bat zen, egin berria; aldamenean, parkea egiteko lurra mugitu zutenez, lurrezko mendi bat. Parkean ez zegoen inor, eta haur guztiak lurrezko mendian ari ziren jolasean, gora eta behera».
Zer den arriskutsua, zer den zikina, zer den garbia. Horiek zalantzan jarri ditu Telleriak: «Hainbatetan saiatu naiz parkeetan putzuak egiten, zeren, egin ditugun tailerretan, umeek lokatza, egurra, animaliak, harriak... eskatzen dituzte, eta gurasoek kautxuzko zoruak, babesa...nahi dituzte. Umeek ez dute ikasi erortzen, eta min hartzen. Eta, gero, salto egiten dute edozein tokitan. Tonuccik badu esaldi bat: hobe dela umeak egunero arrisku pixka bat asumitzea, eta ez arrisku guztien berri 18 urterekin izatea».
Sumatzen du, hala ere, «belaunaldi eta kultura aldaketa» bat hirigintzan eta espazio publikoaren kudeaketan. «Hemen, hirigintza kanpotik egin da askotan. Orain, hemengo arkitektoek hemengoaren ezagutzatik eta esperientziatik abiatuz lan egiten dute».
Hiria ulertzeko moduez da azken hausnarketa: «Hiria ulertzen dugu zerbait artifiziala balitz bezala, eta natura erabat natural balitz bezala. Natura babestu egin behar da, gizakia txarra da naturan, eta hirian egon behar du. Eta, hiria artifiziala denez, nahi duena egin dezake hirian. Hori ez da hala. Ulertu behar dugu hiria bera ere badela natura, asfaltoaren azpian ere badagoela lurra, badagoela ura... eta umeen jolasak espazio publikora ateratzea horregatik da horren garrantzitsua».
Eta zu non jolasten zinen?
Gero eta aditu eta eragile gehiagok diote hiriak haurren begiradatik abiatuz eta haiekin batera birpentsatu behar direla. Ez dute parkeez bakarrik eztabaidatu nahi. Pandemiaren ondorioa ere bada: haurrak non ezin ziren jolastu jakiteak ekarri du non jolasten diren konturatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu