Eta trabatzean zer egin?

Ohikoa izaten da jatean edo edatean jaki bat edo besteren bat eztarrian trabatuta geratzea. Batzuetan, susto txiki bat baino ez da izaten, baina zer egin egoerak okerrera egiten badu? Adituen iritziz, funtsezkoa da lasai egotea eta zer egin jakitea.

Eta trabatzean zer egin?.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Familia bat mahai handi batean eserita dago bazkaltzen. Dena ondo doa, giro lasaian, kideetako bat eztulka hasi den arte. Ingurukoek ez diote kasu askorik egin hasieran, harik eta aulkitik altxatu, eta eskuak lepora eraman dituen arte. «Itotzen ari da!», esan du batek. Jaten ari zena eztarrian trabatu zaio.

Leire Alvarez otorrinolaringologoaren hitzetan, jakiak edo bestelako elementuak faringean trabatzean izaten dira arazoak. Alvarezek Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta Donostiako Poliklinikan hartzen ditu kontsultak. Kontatu duenez, lehen otorrinolaringologoek ahotsaren patologiak soilik lantzen zituzten, baina, duela urte batzuetatik hona, disfagia kasuak ere lantzen dituzte. Irensketa mekanismoan gertatzen den edozein arazo izango litzateke disfagia, jatean edo edatean trabatzea, esaterako.


Duela ia hamar urte, esplorazioa egiteaz soilik arduratzen ziren otorrinolaringologoak, baina orain «balorazio gehiago» egiten dituztela esan du Alvarezek. Pazienteei zenbait gauza ematen dizkiete —ura lodigarriekin, askotariko testura duen janaria, galletak..., barne funtzionamendu egokia duten ikusteko.

Disfagiak bi arazo eragin ditzake: batetik, janaria arnasbideetara igarotzen bada, trabatzeko arriskua, eta baita pneumoniarako arriskua ere. Bestetik, trabatzerik egoten ez denetan, desnutrizioa eta deshidratazioa eragin ditzake, elikagaiak ezin direlako iritsi hesteetara.

Fisiologikoki, prozesu «konplexua» da jatea, besteak beste mugimendu, muskulu eta nerbio askok parte hartzen dutelako. «Janaria ahora sartu orduko, hiru fase daude: ahoko fasea, faringeko fasea eta hestegorriko fasea», azaldu du Alvarezek.

Ahoko fasea, jakia ahoan dagoen bitartean izaten da. Hura eskuratu, murtxikatu, eta listuarekin nahastean, boloa sortzen da. Bolo hori izango da hesteetaraino iritsiko dena. Boloa prest dagoenean, ahosabaiaren amaierako gune batera joaten da, amigdaletatik gertu. Orduan, garunera seinale bat iristen da, eta mingainak laringera bultzatzen du boloa, aho sabaiak goraka egiten duen bitartean.

Faringeko fasea hasiko litzateke orduan hemen izaten dira trabatze gehienak. Mingainak boloa bultzatu ostean, laringeak gora egiten du, janaria eror dadin, eta epiglotisa biratu egiten da. «Mugimendu hori ahots kordak babesteko egiten da, bestela janaria horietara jausiko litzatekeelako», kontatu du otorrinolaringologoak. Gero, presio negatiboaren ondorioz, boloa hestegorrira heltzen da.

Eztula egiten utzi

Trabatze edo buxadurarik gabeko prozesu bat izango litzateke hori. Buxadura gertatzen da faringearen fasean janaria arnasbideetara joaten denean baina pazienteak oraindik ere arnasa har dezakeenean.

Eta zer egin hori gertatuz gero? Hasteko, zerbait trabatu zaion hori eztulka hasten bada, eztula egiten utzi, horrek esan nahi baitu oraindik arnasa hartzen duela. «Eztula defentsa mekanismo bat da: presio gisa jokatzen du trabatutako hori kanpora ateratzeko», gehitu du Alvarezek. Eztula eginda ere trabatutako hori ateratzen ez bada, beste neurri batzuk hartu behar dira; Heimlichen maniobra, hain zuzen.

BERRIA

Pilar Calvo Arabako Gurutze Gorrian formakuntzak emateaz arduratzen da. Erizaina da ofizioz, eta Heimlichen maniobrak nola funtzionatzen duen azaldu du: «Biriketan beti dago aire pixka bat. Maniobra egitean, birikak estutzen dira. Birikaren beheko aldea zapaltzean, aire hori goiko aldera joaten da». Presioaren eraginez goraka ateratzen den aire horrek buxadura desagerrarazten laguntzen du, trabatuta geratu den hori ateraz.

Itotzen ari dena atzetik besarkatu, ukabil bat itxi eta beste eskuarekin estali, eta bularrezurraren azpian indarra barrurantz eta goraka egitea. Horixe da Heimlichen maniobraren gakoa. Baina ezin zaio edozeini egin, haurdun dagoen bati edo sabel handia duen beste edozeini, adibidez.

Haurdun daudenei konpresio torazikoak egin behar zaizkie, haurrari kalterik ez eragiteko. Bestalde, Calvok gomendatu du sabel handia dutenei edo gorpuzkeraz handiagoak direnei pareta baten kontra jarrita eta besoak luzatuta egitea maniobra.

Gurutze Gorriko erizainak azaldu du trabatzea bakarrik egonda gertatzen bada nork bere buruari egin diezaiokeela maniobra, aulki batekin edo norberaren bularrezurrera iristen den objektu gogor batekin. «Garrantzitsuena lasai egotea da». Izan ere, bakarrik ito direnen artean ikusi ditu «astakeriarik larrienak»: ura edaten hastea, korrika ihes egitea eta komunean giltzaz ixtea, esaterako.

Lasai eta segurtasunez, baina bizkor erantzun beharra dago egoera horietan. «Pertsona bat ezin da denbora asko egon arnasarik hartu gabe. Pazienteari ez bazaio oxigenorik iristen garunera, litekeena da hipoxian sartzea», esan du Alvarezek. Garunera oxigenorik ez iristean, pazienteak konortea galtzen du, eta, orduan, suspertzeari ekin behar zaio. «Buruz gora jarri, eta bihotz-biriketako bizkortzea egin behar da halakoetan», esan du Calvok.

Formakuntza

Azkar erantzun ahal izateko, zer egin jakin behar da lehenengo. Horretarako daude lehen sorospeneko ikastaroak. Calvok Araban ematen ditu, Gurutze Gorriarekin, eta askotariko formakuntzak daudela azaldu du. Lehen sorospeneko formakuntzen kasuan, enpresek, ikastetxeek eta bestelako norbanakoek eska ditzakete.

Geroz eta gehiago dira formakuntzen inguruan galdezka Gurutze Gorrira joaten diren enpresa eta negozioak. Formakuntza batzuk oinarri-oinarrizkoak izaten dira, baina beste batzuek luzeago irauten dute, eta ikastaroa egiten dutenek titulu bat eskuratzen dute. Badira duten lan motagatik nahitaez lehen sorospeneko teknikak ikasi behar dituztenak ere. Formakuntzetan, Heimlichen maniobra nola egin behar den azaltzen dute, besteak beste tamaina eta adina kontuan hartuta.

Adin guztietako ikasleak izaten dituzte Gurutze Gorrian helduen artean, eta, ikastetxeetara joaten direnean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera ematen dituzte prestakuntza saioak. Hala ere, Calvoren esanetan, Lehen Hezkuntzan ikastaroak emateko proiektuak ere martxan dituzte. «Lehen sorospena, sarritan, ez da bihotz-biriketako bizkortze bat egitea. Agian, 112ra deituz ere ari zara sorospen lanean», esan du.

Egoera identifikatzea eta larrialdietara deitzen jakitea garrantzitsua da, erizainaren hitzetan; horretarako, adinaren arabera egokitzen dituzte formakuntzak. Datorren asterako, familientzako ikastaro bat antolatu dute. 6 eta 10 urte bitarteko haurrek gurasoekin egiteko lehen sorospenen tailer bat izango da, hain zuzen. Ikastaro horretan, egoera horiei nola aurre egin ikasiko dute bai helduek eta bai haurrek.

«Haurrek eta adinekoek izaten dituzte trabatze gehien; beraz, garrantzitsua da zer egin jakitea» esan du Alvarezek. Medikuek ez dute gomendatzen haurrek 5 urte betetzen dituzten arte elikagai batzuk ematea; fruitu lehorrak, esaterako. Gainera, janariaz bestelako objektu batzuekin ere ito daitezke, hala nola puxikekin. Adinak aurrera egin ahala, trabatzeko arrazoi gehiago izaten dira: «Sistema guztia gain behera doa; ondorioz, gaixotasun neuronalak, neurodegeneratiboak, dementziak... asko ugaritzen dira».

Adineko jendeak, orokorrean, ez dituzte berezko hortzak izaten, eta ordezko hortz horiek ez dira «hain egokiak» izaten ondo murtxikatzeko. Bestalde, listua eta haren kalitatea apaltzen direnez, ahoan sortzen den boloaren kalitatea ere ez da lehen bezain ona, otorrinolaringologoaren iritziz. Azkenik, gorputza indarra galtzen hasten da, baita mingaina ere. «Irensteko, oso garrantzitsua da mingainak indarra izatea, eta boloa atzeraka ondo bultzatzea».

«Izugarrizko sustoa»

Elkarte batean lagunekin bazkaltzen ari zen Xabier Altuna jaten ari zen hori eztarrian trabatuta gelditu zitzaionean. Duela hamar urte izan zen, baina gertakizun hura «atzo izan balitz bezala» oroitzen duela esan du.

Oilasko errea jaten ari ziren denak, Altunari nahi gabe ahoan sartutako hezur bat eztarrian trabatuta geratu zitzaionean. «Irenstean ziztada moduko bat sentitu nuen; banekien hori ez zela haragia, eta eztulka hasi nintzen segituan». Lagunak gertatu bezain laster konturatu ziren Altuna ez zegoela ondo, eta laguntzeari ekin zioten denek. «Batek besoa altxatzeko esaten zidan, besteak ura eskaini zidan... Larritzen hasi nintzen», oroitu du.

Hain urduri zeudela ikusita, ordea, kideetako batek beste guztiak lasaitu nahi izan zituen: «'Denak eseri!', agindu zien». Altunari atzetik heldu, eta Heimlichen maniobra egiteari ekin zion lagunak. Hasieran ez zuen arrakastarik izan, baina «laugarren edo bosgarren» saiakeran lortu zuten hezur hori ateratzea. Altunak ez daki zehazki zenbat denboraz izan zuen eztarria trabatuta, baina «izugarrizko sustoa izan zela esan du, eta tarte hori bereziki luzea egin zitzaiola. «Ez dakit kasualitatea den ala ez, baina, orain, alaba erizaina da, eta ongi asko daki zer egin egoera horietan», gehitu du.

Sagardotegi garaian txuleta kiloak eta kiloak zerbitzatzen dira sagardotegietan, eta batzuek Altunaren antzeko esperientziak izaten dituzte haragi zati handiegiak irensten saiatzeagatik. Sagardogileak arriskuen jakitun dira, eta lehen sorospeneko ikastaroak egiten dituzte pare bat urtetik behin, egoera horietan zer egin jakin ahal izateko.

«Jendearekin lan egiten dute, eta kezkatuta zeuden: jakin nahi zuten zerbait gertatuz gero zer egin», aipatu du Olatz Mitxelenak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak. DYArekin egin ohi dituzte ikastaroak, hiru bat ordukoak gutxi gorabehera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.