Eta gurasoak dibortziatzen badira, zer?

Dibortzio prozesuak beti dakartza aldaketak familia giroan. Gurasoetako bakoitzarekin denbora gutxiago igarotzen du haurrak, eta aldaketa handiak jasan ditzake ondorioz. Haurren ongizatea bermatzea da Amapase elkartearen funtsa.

Dibortzioak nola eragiten die seme-alabei
Seme-alabak eta dibortzioa. BERRIA
unai etxenausia
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

«Dibortziatzea erabaki dugu, laztana. Baina zu lasai, asko maiteko zaitugu beti». Auskalo zein den gurasoek haur bati banandu egingo direla esateko modu egokia. Auskalo zer erantzungo duen haurrak. Eta auskalo zein den harremana amaitzeko arrazoia. «Zergatik bananduko zarete?», galdetu die alabak. Ez du ulertzen, ez da haren erabakia izan. Ezinbestean eragingo dio, ordea.

Dolua ez du banandu den bikoteak bakarrik pasatuko. Askotan, familia osoari eragiten dio, seme-alabei. Adingabeek aldaketa handiak jasan ditzakete gurasoen dibortzio prozesu baten ondorioz, hainbat faktorek eragina izan baitezakete haien eguneroko bizitzan. Adingabeen bizitza zeharo aldatzen da askotan: autoestimuan eragiten du batzuetan, sozializaziorako gaitasunean, jarreran... arazo horiek eragotzi daitezke, ordea.

Dibortzio prozesuak beti dakartza aldaketak familia giroan: etxea, errutinak, rolak, arauak... Dena aldatzen da askotan. Gurasoetako bakoitzarekin denbora gutxiago igarotzen du haurrak; izan ere, gurasoetako batekin bizitzeari uzten dio gehienetan.

Amapase, Arabako guraso bananduen elkartea, 1999tik ari da lanean banandutako gurasoekin. Bikote bananduen seme-alaba adingabeak babestea da haien lan ildo garrantzitsuenetako bat. Elkartearen helburua argia da: familiei laguntza eskaintzea eta haurren ongizatea lehenestea. «Haustura, etete edo dibortzio egoeran dauden adingabeekin diziplinarteko esku hartzea» aztertzen dute, besteak beste.

Amapase elkarteko psikologoa da Miriam Ozio Saenz de Buruaga. Dibortzio prozesuetan dauden bikoteei arreta psikologikoa ematen die. «Familiei laguntzen diegu hausturagatiko dolua ahalik eta ondoena kudea dezaten, eta hazkuntza arduratsua eta gurasotasun positiboa izateko jarraibideak eskaintzen dizkiegu», nabarmendu du psikologoak.

Dibortzio prozesuetan «seme-alabak erdigunean jartzea» da garrantzitsuena, Oziok argitu duenez: «Seme-alabak une oro kontuan hartuta egin behar da aurrera. Garrantzitsua da dibortzioaren informazioa modu egokian helaraztea eta erabakiak haiengan pentsatuz hartzea. Adingabea ez da inoiz alde batera utzi behar». Ondorioak izan ditzake bestela.

Jarrera suntsitzailea baztertu

Enrique Arranz Psikologiako katedradunak urte luzez aztertu du zer faktorek eragiten duten haurren garapen psikologikoan. Gaur egun, familia psikologiako irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. «Gurasotasunaz» asko aztertu du, eta argi dauka dibortzio kasuek ez dutela seme-alaben garapen emozionala eten behar. «Haurrak gatazka suntsitzailearen eraginpean egotea garapen psikologiko osasungarrirako arrisku faktoretzat hartzen da, emozionalki eragiten baitie».

Arranzen ustez, gurasoek jarrera suntsitzailea hartzen dutenean, adingabeei areagotu egiten zaie mehatxuaren eta segurtasun gabeziaren sentimendua: «Gurasoen artean etengabeko gatazka bat ikusteak haustura sentimendu bat eragiten dio haurrari ere, eta errealitatean garatzeko beharrezkoa den konfiantza kentzen dio horrek: eragin zuzena du ni-a egituratzeko prozesuetan».

«Haurrak gatazka suntsitzailearen eraginpean egotea garapen psikologiko osasungarrirako arrisku faktoretzat hartzen da, emozionalki eragiten baitie».

ENRIQUE ARRANZ EHUko Psikologiako katedraduna

Hori ikusita, «gurasotasun positiboaren» garrantzia nabarmendu du, eta adierazi hori izan daitekeela arazoak prebenitzeko modua. «Haurren garapen psikologikoan, haurrak gatazkaren eragin negatibotik babesteko prebentzio faktorea da gurasotasun positiboa», esan du katedradunak.

Dibortzioak gatazka guneak izan arren «aukera» gisa baliatu daitezkeela uste du Arranzek. Haurrei «hazten eta garatzen» laguntzeko baliatu litezke: «Beharrezkoa da gatazka egoerak bizitzea. Horrek, ordea, badu alde iluna ere: haur batek gurasoek eragindako gatazka egoera kaltegarri batekin egiten badu topo, psikologikoki ezegonkorra eta kaltebera bilakatuko da. Horregatik, garrantzitsua da gurasotasun positiboa bultzatzea».

Elkarteen garrantzia

Gero eta ohikoagoa da dibortziatzea. Katedratikoaren datuen arabera, «gurasoen dibortzio prozesua biziko dute bost haurretik bik». Horregatik, «funtsezkoa» da gurasoak horretaz jabetzea. «Egun batean harremana amaitu daitekeela jakin behar dute. Harremanaz kontziente badira, hobe izango da seme-alabentzat», gehitu du Oziok. «Heziketarako kultura» sustatu behar da horretarako.

Arranzentzat, «beharrezkoa» da Amapasek eta antzeko elkarteek egiten duten lana. Oziok azaldu du Amapasek laguntza psikologikoa ematen duela. «Dibortzio bat ez da zerbait judiziala bakarrik: zerbait apurtzen da. Prozesu konplexua da, eta gurasoek eta seme-alabek laguntza psikologiko berezitua behar izaten dute».

«Amapasen laguntza psikologikoa ematen dugu. Dibortzio bat ez da zerbait judiziala bakarrik: zerbait apurtzen da. Prozesu konplexua da, eta gurasoek eta seme-alabek laguntza psikologiko berezitua behar izaten dute».

MIRIAM OZIO SAENZ DE BURUAGA Amapaseko psikologoa

Laguntza psikologikoa alde batera utzita, familiaren ongizatea lortzeko ere lan egiten du elkarteak, arreta gehien adingabeengan jarriz. Familia bitartekaritza, gurasoen orientazioa, laguntza psikologikoa, aholkularitza juridikoa eta gurasotasunerako eta dolurako laguntza taldeak eskaintzen ditu.

Iaz, Amapasek 107 guraso artatu zituen. Gainera, seme-alaben eta gurasoek elkarrekin denbora pasatzea sustatzen ditu elkarteak, aisialdiko tailer eta topaketekin. «Helburua da dibortzio baten ondoren gatazkak gora ez egitea, eta bikotekide ohiarekin harremana izaten segitzea, adingabeak babesteko», azaldu du Oziok.

107

Zenbat guraso artatu zituzten. Amapasek 107 gurasori eman zien arreta iaz.

Hain justu, gatazka arintzeko, zera gomendatu du katedradunak, besteak beste: gurasoek seme-alaben aurrean ez eztabaidatzea edo elkarri ez erasotzea. «Gaur egun, ezegonkortasuna izaten da arazoa askotan. Gazteek ez dute luzera begirako bikote harremanik irudikatzen». Haren esanetan, bereizi arren egonkortasuna izatea garrantzitsua da haurren garapenerako, eta uste du horri eusten ahalegindu behar dela.

Jardunaldia, gaur

Amapasek familian dibortzio prozesu betean dauden adingabeen zainketan jarriko du arreta, beste behin. Gasteizko Udalarekin hitzartuta, gurasotasun positiboari buruzko jardunaldia antolatu dute gaurko, Montehermoso jauregian. 08:30etik 14:00etara izango da topaketa.

Gonbidatuen artean egongo da Arranz, gurasotasun positiboaren inguruko hitzaldian. Gurasoen dibortzio prozesu batean dauden adingabeak prebenitzeko eta babesteko gakoak emango dituela aurreratu du. «Gurasotasun positiboaz ariko naiz hitzaldian. Badaude dibortzio prozesuetan jendeak egin ahal dituen urrats jakin batzuk».

Arranz ez ezik, arlo sozial, psikologiko eta juridikoan espezializatutako beste hizlari batzuk ere arituko dira: Ana Martinez Pampliega, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Psikologiako eta Garapeneko katedraduna; Laura Merino, Psikologiako doktorea, Osasun Mentalean eta Terapia Psikologikoetan espezializatua eta Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea; eta Gonzalo Pueyo Puente, Familia Zuzenbideko abokatu espezialista.

Aztertuko dute halakoetan profesionalek nola esku har dezaketen modurik onenean. Eta, aldi berean, adingabeak babesteko jarraibideak emango dituzte.

Horrelako jardunaldien garrantzia nabarmendu dute bi adituek. Arranzen iritziz, beharrezkoa da batzea eta hitz egitea, «familia sentsazioak bere horretan iraun dezan». Izan ere, haurrak bizitza egonkorra daukala sentitu behar du: «Babestu gabe, baina haurrak sentitu behar du gurasoek elkarrekin jarraitu ez arren berak egonkortasuna duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.