Eta egin du eztanda

Milaka lagunek Gasteizko jaiei hasiera eman diete Andre Maria Zuriaren plazan. Plazara beirarik ez sartzeko, segurtasun kontrolak jarri dituzte. Bideoa albistearen amaieran.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza jendez lepo bete zen atzo Zeledoni ongietorria emateko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Emozioagatik eta beroagatik arnasa hartzea zaila egiten den arren, Andre Maria Zuriaren plazan bildu diren milaka pertsona zain daude Zeledon 60. aldiz jaisten ikusteko. Beroa ez da oztopoa jaietako gogoa daukaten guztientzat. Nahiz eta itxaronaldia luze egiten ari zaien batzuei.

Txupinazoa ikusteko lekua garaiz hartu nahi izan dutenak, goiz sartu dira plazara badaezpada, udalak emandako gomendioari jarraituz. Izan ere, hamar sarrera kontrol jarri dituzte, beirak edo objektu arriskutsuak plazara sar ez daitezen. Hala ere, jendetzaren festarako desioa itzalezina da.

Hasi da festa

Seiak heltzeko minutu bat besterik ez da falta. Batzuentzat, urteko minuturik luzeena, agian. Bero handia egiten du, gainera. Baina etxeetako balkoietan daudenen laguntza jasotzen ari da plazako jendea, beroaldiari eutsi ahal izateko. Ur baldekadak bota eta bota ari dira balkoietatik, batzuentzat hori nahikoa ez den arren. «Gehiago, gehiago!», egin dio garrasi plazako gizon batek ura botatzen ari zen bati.

Urtero legez, aldarrikapen pankartak ikus daitezke Andre Maria Zuriaren plazan, besteak beste, gogoan izan dituzte Errekaleor, preso eta iheslariak, amnistia, autodefentsa feminista eta Garoñako zentral nuklearra.

Segundo gutxi falta dira seiak izateko. Plazara hurreratutakoen aurpegietan irribarrea da nagusi. Pozik dago hiria. Urduri ere bai. San Migel kanpandorreko erlojuari begiratzen diote askok tarteka, pazientziari heldu ezinik. Baten bat despistatuta ere badabil, eta gutxien espero duenean… Danba! Eztanda egin du suziriak.

Hasi da sei egunetan etenik izango ez duen festa. Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarrak bota du suziria. Etxafuegoa lehertu bezain pronto, saltoka eta dantzan jarri da plaza. «Non dago Zeledon?» galdetu du amaren bizkar gainetik neskato batek. Bitartean, sargoriari aurre egiten saiatzen ari dira milaka lagun, hiri berdean: ur pistolekin txikienak, beste batzuk kalimotxo zurrustak jaurtiz… Gaur, ez zaio aterkia gaizki etorri Zalduondoko gizontxoari, eguzki izpietatik babesteko.

Urrunean ikus daiteke oraindik txiki-txiki panpinazko gizontxoa, San Migeleko balkoitik jaisten. Hura ikusi orduko, lehen puruak pizteari ekin diote pazientzia gutxien dutenek. Segituan ketu da Gasteizko zerua, suzirien eta puruen kearekin. Baina, gaur, ez da kortxorik hegan ikusteko aukera handirik. Jaia xanpainarekin hasi nahi izan dutenek, ezin dute urtero legez egin. Aurten, beirazko botilak debekatuta daude, batzuek debekatutakoa plazara sartzea lortu duten arren. «Nik hori ez nekien!», kexatu da aldean xanpain botila bat daraman gazte bat, plazara sartzeko udal langileen kontroletik pasatzean. Plastikozko botilak dira nobedade aurten Zeledonen jaitsieran, Andre Maria Zuriaren plazan, nahiz eta kortxoren bat edo beste hegan ikus daitekeen .

«Kaixo, Zeledon!», oihukatu du neskatoak. Dagoeneko, Zalduondoko panpinazko gizontxoa plazako beste alderaino heltzear da. Iritsi, langileen laguntzarekin balkoira sartu, eta berehala agertu da hezur-haragizko Zeledon Gorka Ortiz de Urbina, algara eta oihuen artean, jendetza agurtzen. Ortiz de Urbinaren hamaseigarren urtea da Zeledon izaten. Zalduondoko baserritarra balkoitik irten eta berehala hasi da hiria Zeledonen ereserkia abesten. «Zeledon! Etxe berria egin duk! Zeledon! Balkoian leiho on!». Hasi da zoramena. Plaza guztia saltoka ari da.

Ortiz de Urbina, plazako jendea agurtu, eta plaza zeharkatzen hasi da. Aurten, oso azkar egin du bidea, eta minutu gutxian iritsi da San Migel elizako balkoira. Bidean doala, kalimotxoarekin eta bestelako edari batzuekin busti dute Zeledon, xanpainarekin busti ordez, beste urte batzuetan bezala.

Azkenean, balkoira izerdi patsetan heldu da, mingaina kanpoan duela. Ur trago bat egin, eta segituan hurbildu da Gorka Urtaran alkatearengana, zapi gorria jartzera. Ostean, Eva Garcia Saenz de Urturi txupinerari jarri dio zapia. Plazara hurbildu direnei zuzentzeko indarrik ez zaio falta izan. Eskerrak eman dizkio jendeari, haraino iristen laguntzeagatik.

Emozioz beteta eta garrasika esan du: «Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Zeledon!». Eraso sexistak ere gogoan izan ditu, eta mezua bidali die jaiez gozatu nahi dutenei: «Ez, da ez!», «Disfrutatu! Parte hartu! Pentsatu gauzak egin baino lehen!». Gero Zeledonek kazetariei aitortu die asko gozatu duela plaza igarotzen, nahiz eta nekatuta bukatu.

Pozaren pozez, alaiki hasi dituzte abuztuaren 9ra arteko jaiak gasteiztarrek. Ez zaie parranda botatzeko aitzakiarik faltako datozen egunetan. «Gora Zeledon!». Neskatilak, pozez zoratzen, jendearekin batera garrasi egin du: «Gora!». Bideoa: Zeledonen jaitsiera (Jagoba Manterola / Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/pVvi6g2qrtg[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.