Kuxkuxtu txarangak berrogei urte bete ditu aurten. Urruñako (Lapurdi) Herburu auzoko musikari batzuek abiatu zuten taldea, eta, lau hamarkada berantago, 70 bat musikari pasatuak dira txarangatik. Hastapenetik ari da hor Beñat Elizondo akordeoilaria (Urruña, 1958). Xaia ostatuan egiten du lan, Urruña eta Hendaia arteko Pausu auzoan. Sorterriko herriko etxeko hautetsi ere bada. Txarangarekin karrikan jotzea du gustukoen, eta kantugintzaren bidez lotzen ditu Euskal Herriko txoko guziak. Iparra Hegoa jaialdiaren bultzatzaile ere izan zen.
Akordeoilari, ostalari, Iparra Hegoa jaialdiaren bultzatzaile, Urruñako hautetsi... Kasketa anitz dituzu, baina nola definituko zenuke zeure burua?
Uf! Nola definituko nukeen... Euskal Herriaren aldeko bide desberdinetan ibilia... Lehenik, ibilbide kulturala hasi nuen Urruñako Hazia kultur elkartean sartu nintzenean, 1978an. Herrian Zazpi sorgin erraten zitzaion emazte taldea bazen, eta haiek gonbidatuta hasi nintzen. Laster, 1983an, herriko bozetan presentatu nintzen. Nola definituko nukeen ene ibilbidea... Herriko seme baten gisa, Euskal Herriaren sustatzaile, defendatzaile... Militante.
Kuxkuxtu txarangako akordeoilaria bezala ezagutzen zaituzte anitzek. Nola hasi zen abentura hori?
Justu, aurten, berrogei urte ospatzen ditu txarangak. Baina sortu zenean ez zuen Kuxkuxtu izena; sortu zenean, Herburuko txaranga zen —Urruñako auzoari erreferentzia eginez—. Urruñako eta Herburu auzokoak ginen musikari batzuk elkartu ginen eta hola abiatu zen. Lehen aldian, Duzunaritzeko [Nafarroa Beherea] bestetan ibili ginen, etxez etxeko itzulia egiten, hango besta komiteak antolaturik. Txaranga ttipi bat muntatu genuen, bost kide ginen; eta geroztik, holaxe, badu berrogei urte ibiltzen garela auzoz auzo, herriz herri, Euskal Herrian barna, baita kanpoan ere musika jotzen. Hori da txarangaren istorioa. Beste besta batzuetan ere luzaz ibilia naiz; adibidez, Aiherrakoetan [Nafarroa Beherea] 17 urtez, Makean [Lapurdi] ere luzaz... Zikiro jateak animatzen, batik bat. Bestalde, ezkontzetan ere aritua naiz, 1975az gero, bostehun bat ezkontzatan.
Noiz hasi zinen akordeoia jotzen?
Nahiko berandu. Erraten zuten gazterik hasi behar zela, baina ni 13 urtetan hasi nintzen Donibane Lohizuneko [Lapurdi] akordeoi eskolan. Burasoek bultzatuta hasi nintzen; aitak, denbora hartan, trikitia jotzen zuen. Andoaingoa [Gipuzkoa] zen aita, errefuxiatu gisa etorri zen Ipar Euskal Herrira. Eta hona etorrita, absolutuki nahi zuen eskusoinua ikas nezan. Eta hola hasi nintzen, ez gogo anitzekin, baina gero gogoa etorri zen.
Kantuaren inguruan ere lan egin duzue, besteak beste kantu liburuxkak argitaratuz.
Bai; erraten da musikaren inguruan ari garela, baina beti musika eta kantua jorratu izan ditugu. Guretzat, oso inportantea da jendeak parte har dezan. San Tomas egunean, adibidez, badu hogei bat urte jotzen dugula, eta lehenbiziko urteetan ikusten genuen oso jende guti ari zela kantuz... Gerora, batzuk pozez negarrez ikusi ditugu jendea berriz kantuz hasi zelako kalean. 1998an Nevadara [AEB] joan ginen jotzera, eta pentsatu genuen beharrezkoa zela jendea kantuz laguntzeko liburuxka bat egitea. Lehenbiziko edizioa 1998an egin genuen, eta orain hamabigarrena atera dugu, 90.000 aletan. Nik uste dut ongi dela, baina, aldi berean, kantua ikasteko ez dela hain eraginkorra, begiratuz kantatzen baita, eta ez baita gogoz ikasten. Inportantea da baita ere gogoz ikastea... Baina, dudarik gabe, jendeak parte hartzeko lagungarria da.
Erran duzu Euskal Herriko leku anitzetan ibili zaretela. Zer atxikitzen duzu ibilbide horretaz? Zer eta nola aldatzen joan dira gauzak?
Hainbeste gauza ikusi ditugu... 2023an 50 tokitan ibili gara... Ez dakit nondik hasi, gehiegi bada kontatzeko! Gauzak aldatu dira, dena den. Kantuari buruz, onera. Gure indarra —edo harrotasuna— da 50 ateraldi horietarik erdiak Hego Euskal Herrian egiten ditugula, eta beste erdiak Ipar Euskal Herrian. Hori biziki aberasgarria da, herri kutsua ematen dio, herri bat garela ikusarazten du. Kantatzeko maneran badira diferentziak; Bizkaian ez da berdin kantatzen Iruñean edo Ipar Euskal Herrian baino, baina kantuak beti badu arrakasta. Adibidez, Korrikaren arribatze guzietan hor gara, eta gure ateraldiak askotan dira Ikastolentzat, presoentzat, eta Euskal Herriaren aldeko borroka guzientzat. Erdia musu truk egiten dugu: gure indarra da, eta hala izatea nahi dugu.
Euskal Herritik kanpo ere ibiltzen zarete.
Korsikan harreman tinkoak ditugu L'Arcusgi taldearekin, Bastia inguruko kantari eta musikariak dira. Izan gara Korsikara, eta beti horien inguruan ibili gara, haiek gonbidatuta. Eta haiek ere hona etorri dira. Urrian Euskal Herrian ibiliko da L’Arcusgi taldea bere disko berria aurkezteko. Eta gure berrogei urteak ospatzen ditugunez, elkarrekin ospatu ditugu; uste dut aurreratzen ahal dela kontzertu bat izanen dela Urruñan horren karietara. Bretainian ere ibili gara, hango Korrikan, Redadegen. Eta apirilean berriz joanen gara. Musikaren bitartez harreman tinko anitz egiten da eta parada da beste populuak ezagutzeko. Flandrian, Parisen, Saint-Pierre eta Mikeluneneta beste leku anitzetan ere ibiliak gara eta leku guzietan harremanak egin ditugu.
Baduzu anekdota berezi bat gogoan txarangarekin bizi izandako oroitzapen batena?
Badira anitz, eta zaila da bat aukeratzea. Gogoan dut behin, San Tomas egunetik itzultzeko Donostian topoa hartu genuela, eta txarangako bat hasi zela instrumentua ateratzen, gero beste bat, berriz beste bat, eta azkenean txaranga guzia hasi zela jotzen: topoa dantzan eta kantuz ezarri genuen. Oroitzapen onak dira!
Zenbat zarete orotara?
Betiko galdera da! Kontaketa bat egin dugu. Badira urtean hamar bat aldiz heldu direnak, beste batzuk ateraldi oro hor direnak... Guztira 70 bat musikari pasatu dira Kuxkuxtutik. Horien artean jende oso famatua ibili da, adibidez duela urte batzuk zendu zen Patrick Mixelena Mixu.
Nongoak dira musikariak? Ipar Euskal Herrikoak bakarrik?
Txaranga nahiko berezia dugu, Urruñan sortu zen, Azkaine [Lapurdi] aldera zabaldu zen, gero Makeara, Baionara... Baina geroztik bildu dira baita ere Iruñeko, Tafallako eta Lakuntzako [Nafarroa] musikari batzuk. Beraz, nik gustuko dut erratea txaranga nazional bat dugula!
Trebakuntza aldetik, aberasgarria da txaranga formatuan aritzea, ezta?
Bai, dudarik gabe. Badugu xantza, biziki musikari trebe eta onak baditugulako. Aireak denen artean hautatzen ditugu, eta gero gure saltsara moldatzen ditugu; badira izugarri trebe direnak horretarako, eta hori xantza handia da. Formatuaren arabera ere jotzeko manera aldatzen da: afari batean sei bat instrumenturekin ibiltzen gara, baina kalean jotzeko kobreak behar dira, eta perkusioa. Nik anitz maite dut kalean jotzea. Ateraldien arabera aldatzen da, eta denetik jotzen dutenak baditugu. Beraz, aberasgarria da. Guk maite dugu nahastea kantu lasaiak eta erritmoa dutenak, jendea ez aspertzeko, eta uste dut hori lortzen dugula.
«Formatuaren arabera ere jotzeko manera aldatzen da: afari batean sei bat instrumenturekin ibiltzen gara, baina kalean jotzeko kobreak behar dira, eta perkusioa. Nik anitz maite dut kalean jotzea».
Erran duzu bereziki gustukoa duzula karrikan jotzea. Zendako?
Maite dut —eta uste dut kide guziek maite dutela— jendeen artean jotzea, jendeen inguruan, jendea gurekin dela sentitzea. Harremanak tinkoak izaten dira inguruko jendearekin kantuaren bitartez. Eszenatokia ez dugu maite; egina dugu, Bretainian, adibidez, bi aldiz egin genuen, eta biziki ongi pasatu zen. Baina, gurea da kalea kantuz jartzea.
Egungo bestetan, txaranga anitz ibiltzen da; batez ere, elektro txarangak... Nola ikusten duzu biziberritze hori?
Elektro txaranga desberdina da, beharrezkoak dira kalea animatzeko; baina gure txaranga bezala badira gazte batzuk Ipar Euskal Herrian sortzen ari, eta beharrezkoak dira bestak animatzeko. Lehen baino gehiago dira. Orain dela hamar urte hasi ziren txarangak sortzen ezker-eskuin, eta biziki ongi ikusten dut. Gu ez gara gaztetzen ari, eta behar da segida.
Iparra Hegoa jaialdiaren bultzatzaileetan izan zinen. Nola abiatu zen?
1994an, Elizondon [Nafarroa] kantuaren inguruan bazen besta bat, han ginen txarangarekin, eta Segurako [Gipuzkoa] jende multzo bat bildu zen gure inguruan, kantuz, eta pixka bat harrituta gelditu ziren zenbat kantu eta zenbat ordu pasatzen genituen jotzen. Urte hartan bertan, Altsasuko [Nafarroa] Nafarroa Oinezen elkar topatu genuen berriz ere, eta pentsatu genuen zerbait antolatzea elkarrekin, aste kultural bat, edo, beharbada, gehiago. Laster sortu zen aste kultural hori Seguran, eta ekitaldiak antolatu nahi genituen Iparraldean ere. Hortik sortu zen Iparra Hegoa egiteko xedea eta egin ziren bi elkarte, bata Iparraldean eta bestea Hegoaldean, ez baitzen posible bakarra egitea. Elkarte horiek sortu genituen eta geroztik harreman tinkoak ditugu bai Segurakoekin, baita Goierrikoekin ere. Xedea da aurten Seguraren eta Urruñaren arteko harreman hori ofizialtzeko bi udalak biltzea partaidetza bat eginez.
Zer gero ikusten diozu?
Orain dela hiruzpalau urte gazteak sartu ziren, eta hartu dute beren gain antolaketa. Uste dut segitzeko gogoa badela bi aldeetan. Bada aste horretan egiten den festa, bertso poteoa, afaria... Baina badira baita ere mahai inguruak, gai baten inguruko lanketa... Segida oso baikorki ikusten dut.
Xaia ostatuko ostalaria izan zara azken hamarkadetan. Nola ikusten duzu zuk Xaia?
2000. urte inguruan sortu ziren taberna militanteak, abertzaleak. Donibane Lohizunen, Maulen, Hazparnen [Lapurdi], Donapaleun [Nafarroa Beherea]... Eta garai hartan, orduko jabeek Xaia utzi nahi zuten, baina egiten zutenak segida bat izan zezan nahi zuten. Nik hori ikusi nuen, eta deliberatu nuen ordura arte nuen lana utzi eta Xaiakoa hartzea, 2000. urtean. Ikusiz nola den Xaia, erran nezake kasik kultur zentro bat dela. Kontzertuak badira, kantuz aritzeko saioak ere antolatzen ditugu: 95 bat jendek izena emana dute kantu zaharrak ikastera etortzeko, bi astetik behin, urritik ekainera.
Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugaren ondoko ostatua da Xaia. Zer erran nahi du mugako ostatu bat izateak?
Zer ostatu den... Ostatu arrunt bat baldin bada, ez da desberdina. Baina Xaiak badu historia. Hemen biltzen ziren bi aldeetako familiak; batzuk alde batetik bestera ezin ziren pasatu, eta hemen elkartzen ziren. Garrantzitsua izan da beti muga ondoan leku hau izatea.
Zer pisu du orain mugak? Migratzaileen kontrako kontrolak badira ia beti... Nola bizi izan duzu egoera hori?
Hori guk bizi izaten dugu maiz, noizbehinka honat sartzen dira babes bila; jakinez bederatzi hil direla muga pasatu nahian, kontrolen presiopean, orain ikusten dira autobus guziak miatuak... Min ematen du.
Xaia ostatuan ere kantuak garrantzia baduela erran duzu. Zure biziko sektore guzietan kantuak garrantzia badu. Zuretzat, zer da kantua?
Gu hasi ginelarik pixka bat ateratzen, orduko kantariak Urko, Gorka Knorr, Benito Lertxundi... ziren. Kantuak badu musika, baina baditu hitzak ere. Kantua arma bat da herria defendatzeko, maitatzeko. Kristoren indarra du.
«Kantuak badu musika, baina baditu hitzak ere. Kantua arma bat da herria defendatzeko, maitatzeko. Kristoren indarra du».
Politika kontuetan ere ibiltzen zara. Erran duzu herriko bozetan lehen aldiz 1983an aurkeztu zinela. Zer garai ziren? Nola egin zenuen lehen urratsa politikan?
Hazia kultur elkartean sartu nintzen, eta gero, naturalki, garai hartan zerrendaburu zenak proposatu zidan zerrendan sartzea, Daniela Albizuk. Herrian oso momentu gogorrak izan ditugu orduko auzapez eta zinegotziekin. Arrunt abertzaleen kontrakoak ziren, arrunt ikastolaren kontrakoak... Borroka anitz eraman ditugu. 1989tik 2014ra, 25 urtez oposizioan izan nintzen, eta gauza batzuk lortu ditugu. Ikastolako borroka da adibide nagusia, lortu genuen eraikitzea, eta egun 120 bat ikasle ibiltzen dira. 25 urte egin eta, pixka bat nekaturik, atera nintzen eta erran nuen berriz sartuko nintzela, baina gehiengoan izanen ginenean. Beraz, 2020an, gehiengoan sartu nintzen, bigarren lerroan, baina gehiengoan. Nahiko harro naiz egin dugun bideaz; ez da egunero erraza izan, baina eguneroko herriko bizian parte hartzea gustuko dut. Urratsez urrats lortu ditugu gauzak. Ez da bakarrik Urruñako kontua, uste dut orokorragoa dela.
Nola ikusten duzu biharko Euskal Herria?
Nik beti erraten dut eguneroko lana dela, horrek ematen du etorkizunari buruz gauzak baikorki ikusteko aukera. Eta, agian, independentzia. Horrentzat ari gara lanean, hori da gure helburua.