Kantauri isurialdearen historia geologikoa irakurtzeko, ez dago estuarioak baino liburu aberatsagorik. Ibaien eta itsasoen arteko pauso horietan, milaka urtetan kondizioak apartak izan dira sedimentuak gordetzeko, eta, beraz, horietatik datuak erauzteko. «Erregistro hoberik ez dago», esan du Eneko Iriarte geologoak.
Hain zuzen ere, Oria ibaiko estuarioko Motondoko padura suspertzeko egitasmo bat martxan dagoela eta, ziklo bat antolatu dute Orioko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Iriartek berak eman zuen lehen hitzaldia atzo, estuarioen hidrodinamikaz, sedimentazioaz eta Motondoko kasuaz. Izan ere, bera izan da padura hori ikertzen jardun duten adituetako bat, hura biziberritzeko zer urrats egin behar diren zehazteko helburuarekin.
Geologian doktorea da Iriarte (Pasai Donibane, 1975), Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Burgosko Unibertsitateko Giza Eboluzioaren Laborategiko Paleontologia Sailean dihardu gaur egun. Era Kuaternarioa du ikergai nagusi —berriena: duela 1,9 milioi urtetik hona— , baina ez bakarra. Bere doktore tesian, mendebaldeko Pirinioetako Kretazeoko —duela 145,6 milioi urtetik duela 65 milioi urtera— materialak aztertu zituen, eta periodo horren behaketari heltzen dio oraindik, esaterako, Karrantza eta Kantabria aldeko dolomita mineralekin.
Baina zer ikertzen du geologo batek? Nola ondorioztatzen du zer klima eta ingurumen aldaketa egon diren toki batean, sedimentuetan oinarrituta? «Egitura sedimentarioak, konposizio mineralogikoa eta kimikoa, fosil edukia ikusita, jakin dezakegu zer prozesu gertatu diren, nola eta non metatu diren. Horrela, badakigu sedimentu jakin horiek toki jakin horretan sortzeko, zer ur korronte mota egon behar zuten bertan, zer klima, eta nola funtzionatu zuten», azaldu du Iriartek.
Alde horretatik, estuarioak pagotxa dira geologoentzat, sobera dagoelako zer ikertu eta, beraz, zer ondorioztatu ere bai. Alex Zearreta EHUko Paleontologia eta Estratigrafia Saileko ikertzailearen lanak aipatu ditu Iriartek horren erakusgarri, euskal Kantauriko kostaldeko estuarioak aztertzen baititu hark: «Substraturainoko zundaketak eginda, azken 12.000 urteetako 40 metro sedimentu baino gehiago daude leku batzuetan. Horiek dira ditugun sedimentu onenak azken 12.000 urteetan zer gertatu den jakiteko».
Epe horretan itsas maila 40 metro baino gehiago igo dela erakusten du horrek, hain zuzen, baina ez hori bakarrik: geologiari esker, jakin daiteke noiz igo zen gehien, noiz gutxien, zer klima aldaketa egon ziren, zer gertatzen zaion kostari itsas maila horrela igotzen denean... «Hori jakitea oso ondo dago, orain, berotze global honekin, gauza bera gertatuko delako. Erregistro fosila ikertuz, kostaldeari zer gertatuko zaion jakin dezakegu, eta zer egin behar dugun kalterik ez egoteko. Klima eta itsas mailaren aldaketak ikertzeko, ezinbestekoa da estuarioetan lan egitea; lekurik aproposena hori da», dio Iriartek.
Industrializazioak ingurumenean izan duen eragina neurtzeko ere funtsezkoak dira estuarioak, isuritako kutsatzaileak bertan metatu baitira. Eta ez azken bi mendeotako jarduera nabarmenaren ondorioak ikusteko soilik, askoz ere atzerago egiteko aukera ematen baitu sedimentuak interpretatzeak. Zearretaren lan bat hartu du berriz ere aipagai Iriartek: «Irungo Oiasso Erromatar Museoarekin Bidasoan egindako zundaketa batzuetatik atera du adibide politenetarikoa. Ikusi dute erromatar meatzeak noiz egon ziren aktibo, berun kontzentrazioa handitu egin zelako Bidasoako estuarioan, lanen ondorioz».
Motondo
Kantauriko kostaldean, gaur egun, Urdaibaiko estuarioa da egoera ekologiko ona duen bakarra. Han ere biziberritze proiektu bat martxan jarri zen bere garaian, orain Oriako estuarioko Motondoko paduran egiten ari diren moduan. Geologiak ematen duen datu mordoa kontuan hartuta, alor horretako adituen esku-hartzea ezinbestekoa da halako egitasmo batean. «Badakigu zer gertatu den Motondon azken mendean, baina inork ez daki nolakoa zen giza eraldaketa baino lehen. Leheneratu behar den hura nolakoa zen jakitea izan da, batez ere, nire lana», azaldu du Iriartek.
Zundaketa eta analisi sedimentologikoen bidez, jatorrian itsasaldiaren dinamika nolakoa zen ikusi dute, adibidez; itsasgora zegoenean, urak hartzen zuen aurreneko eremua zein zen, eta lautada buztintsua motako padura zela hori, besteak beste. «Hori zegoela jakinda, eta, naturalki ingurune horri egonkortasun handiena egoera horrek ematen diola ikusita, lehen genuenaren antz handia duen ingurune bat lortu beharko genuke lehengoratze prozesuan», azaldu du Iriartek.
Horretarako, zenbat sedimentu mugitu behar den eta itsasoak nondik eta zenbat jo behar duen zehaztea dagokie, beraz, geologoei, Aranzadiko biologoekin elkarlanean. Batzuek sedimentuen gainean eta besteek bertako fauna eta landarediaren potentzialitatearen inguruan ateratako ondorioekin, planak nondik nora jo behar duen zehaztu dute.
Itsasaldiaren dinamika baldintzatu zuten horma batzuk kentzea, industriak utzitako isuriak garbitzea, ura igarotzeko pista berri bat sortzea eta beste gune jakin batzuk zeharkatu ez ditzan harresiak osatzea: horiexek dira, oinarrian, Motondon hartu beharreko neurriak.
Handik aurrera, naturak egingo du bere bidea: «Urdaibain eta beste estuario batzuetan ikusi dugunaren arabera, 10-15 urtetan ia lehengoratuta egongo da ingurunea. Kontuan hartu behar da estuarioak, itsasaldien menpe dauden gune horiek, oso dinamikoak direla. Gure kostan ura egunean bitan sartu eta ateratzen da, eta hor dagoen energia fluxuak lana azkartzen du».
Ezarian. Zientzia
Estuarioak, geologoen pagotxa
Motondoko padura suspertzeko hasi duten egitasmoa gizarteratzeko, jardunaldiak antolatu dituzte Orion; Eneko Iriarte geologoa da proiektuan parte hartu duten adituetako bat, eta hark egin du inaugurazio hitzaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu