Bi minutu eta hamahiru segundo. Bosgarren entzierroa orain arteko azkarrena izan da. Domingo Hernandez ganadutegiaren estreinaldia izan da, eta haren sei zezenek oso azkar osatu dituzte 800 metroak. Abiadaren ondorioz, erorketa ugari izan dira ibilbide osoan.
Ohi legez, joaldunak aurretik jarri dira, ezagutzen duten bidearen jakitun; atzetik, zuhurrago, sei zezenak. Alta, San Domingo aldaparen erdialdera, Hezkuntza Departamentuko eta Iruñeko udaletxeko eraikinen arteko tartean, zuhurtzia alde batera utzita, taldeburu rola hartu du zezen beltzetako batek.
Abiada bizi-bizia eta arriskutsua hartu du orduan. Bere burua biratuz, inguruan zituen estimuluen aldera keinu batzuk eginez, oso azkar egin du bihurgunerainoko tartea, eta haren ildotik jo dute beste lau zezenek ere, joaldunen arrastoari jaramonik egin gabe. Soilik joaldunetako bat izan dute parean, eta bihurgunean korrikalari beterano bat eraman du aurretik.
Bihurguneak eragiten duen motelalditik berrabiatuta, ziztu bizian ekin dio zezen beltzak, eta paretaren kontra zirenetako batzuek zortea izan dute, jaramonik ez dielako egin. Estafeta hasierako tarte horretan hutsuneak baziren ere, zail egin zaie korrikalariei haren aurrean jartzea.
Apurka, erritmo pixka bat galdu dute zezenek, eta orduan ikusi dira adar aurrean korrika egiteko abaguneak. Dena den, abantaila hori hartzeko lehian, ohikoak izan dira erorikoak eta bultzadak. Zezenek zenbat eta azkarrago korrika egin, orduan eta zailago zaie haien aurrean jarri nahi dutenei tokia hartzea.
Pare bat aldiz zezen artean ihesbiderik gabe geratu dira korrikalariak. Horietako bati, ihes egitean, ezkerreko mahukatik heldu, eta, eltxo bat balitz bezala, oharkabean birarazi eta hautsi egin dio kamiseta. Aurrerantz jo du ezer gertatu ez balitz bezala. Telefonicako bihurgunean zezen beltzetako batek ozta-ozta ez du jo adarrekin bertan zen gazte bat.
Elkarrekin ailegatu dira zezen plazara zezenak, eta horrelaxe amaitu da lasterketarik azkarrena.
Nafarroako Ospitale Guneak emandako lehen datuen arabera, zazpi pertsona ospitaleratu dituzte, kolpeen ondorioz. Horietatik hiru Mercaderes kalean diren osasun zerbitzuek artatu dituzte. Joaldun batek kolpatutako korrikalari bat dago zaurituen artean.