Estralurtar batek lur hartu du Tolosako (Gipuzkoa) Rondilla kalean. Gizakiez ikasitakoa ziurtatzera bidali dute, eta berehala konturatu da teoria eta praktika ez datozela bat. Gabardina beixa eta lastozko txanoa duten musikari batzuek eman diote ongietorria, eta haien inguruan dantzan ikusi ditu pailazoak, tigreak, Harry Potter eta Mickey Mouse. Okindegi batean sartu da, eta Edurnezuri ikusi du ogia saltzen. Kafe bat behar du ikusten ari dena ondo barneratzeko. Gozotegi batean sartu da, eta pirata bat ikusi du Jane Fonda zerbitzatzen. «Dotore jarri zara gaur!», esan dio Fondak piratari. Robin Hood teila eta zigarro bana jaten ikusi ditu. «Planetaz nahastu ote naiz?», galdetu dio estralurtarrak bere buruari.
Ez da planetaz nahastu, baina Tolosa beste mundu batekoa da inauterietan. Zeru grisari beldurrik izan gabe, koloretako festa ospatu dute tolosarrek gaur. Aterki saltzaileek negozio ona izan dute, eta goiza etxean igaro dutenek ondo lotu behar izan dituzte balkoietako koloretako oihalak, haizeak hegan ez bidaltzeko. Gehienak, ordea, kalean izan dira, konpartsez eta karrozez gozatzen.
Rondilla kalean aurrera egitea erabaki du estralurtarrak. «Ixo! Txaranga dator», esan dio lapur batek maitagarri bati. Ondoko kalera begiratu du estralurtarrak, eta marinel talde bat agertu da musika jotzen. Azkar ikasi du zer den txaranga bat. Handik ez oso urrun, traktore bati lotutako itsasontzi bat dago. «Handik etorriko ziren», pentsatu du.
Azkar konturatu da inauterietako astelehen goizean San Frantzisko pasealekuan egon behar dela. Ume eta gaztetxo ugari dantzan harrapatu ditu. «Hauek konpartsak dira!», esan diote Oihanak, Junek, Edurnek, Sofiak, Maddik eta Maiderrek. Haiek dantzatzen harrapatu ditu, ska musikariz jantzita. Laskorain ikastolaren Kazkabarra aisialdi taldekoak dira, eta musika estiloez mozorrotu dira; txikienen mozorroak, adibidez, reggae estiloan daude inspiratuta; Jamaikako estiloa dute. «Oso ondo pasatzen dugu konpartsan dantzatzen. Gainera, dantzak errazak dira».
Haien begiralea da Jone Olano, eta Bizarrap DJa dirudi. «Beti saiatzen gara musika euskaraz jartzen, eta aurten saiatu gara abesti ezagunenak euskaratzen», azaldu du. Adibidez, disco musika estiloko artistak diruditen haurrek Stamp on the ground abestia honela abestu dute: «Kazkabarra/ inauterietan/ kazkabarra».
Haiengandik gertu jaka hori, laranja eta arrosa bizi-biziak dituzten umeak daude, kasko zuriekin. Haien ondoan dago Pello Zubeldia begiralea: «Herrikide eskolaren Kirikiño aisialdi taldekoak gara, eta urtarriletik aritu gara dantzak entseatzen. Langilez mozorrotu dira umeak: gogo handiz etorri dira!».
Adin guztietakoak
Ttenttek aisialdi taldeko Ane Diaz ezagutu du, gero, estralurtarrak. Ez ditu mozorroak ondo identifikatu. «The greatest showman filmeko pertsonaiez mozorrotuta gaude», zehaztu dio Diazek. Adin guztietakoak daude konpartsan: «Gazteenak 4 urte ditu, eta zaharrenak, 64». Atsedena konpartsako Laiene Ezeizak azaldu dio haiek erraldoiz eta buruhandiz mozorrotuta daudela. «Oso egun polita da!», esan du, maskuriak astintzen ari diren haurrei begira dagoen bitartean.
Nekatuta, atseden hartzea erabaki du estralurtarrak. Leku paregabea topatu du horretarako: egongela bat, sofa eta besaulkiekin, San Frantzisko pasealeku bete-betean. Jende dotorea ikusi du hor eserita; altxarazi egin dute, aretoko dantzak erakusteko. «Bost bikotek osatu dugu karroza hau. Haurrak konpartsetan dauden bitartean, ederki gaude gu hemen!», adierazi du Alejandro Plazabeitiak. Karroza bakarrenetarikoa hori izan da; bezperan gehiago egon ziren, nahiz eta bi orduko geldialdi bat egin zuten, udalarekin duten gatazkaren harira.
Indarra hartuta, paseo bat ematea erabaki du estralurtarrak. Harekin gurutzatu dira Son Goku, Che Guevara, Mary Poppins, zimurrik gabeko amonak, hippy-ak, eta baita Ane, Elene eta Terese ahizpak ere. Euskal Herria plazara iristean, besoetatik helduta denetariko bikoteak ikusi ditu dantzan: detektibea lorezainarekin, Miel Otxin erizainarekin, Luigi Mariorekin...
Bere planetara itzultzeko garaia heldu zaio estralurtarrari. Lehenago, ordea, aspaldiko lagunak agurtu ditu: Ataungo [Gipuzkoa] talogileak! «Zuek planeta guztietan egoten zarete!».