Samara Velte eta Josu Martinez. 'Paperezko hegoak' dokumentalaren zuzendariak

«Estoldetan barrena bidaia bat egin dugu»

ETB1ek astearte gauean estreinatuko du 'Paperezko hegoak', 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren inguruko lana. Joan Mari Torrealdai zenak eman zien laguntza eskertu dute bi zuzendariek.

MAIALEN SARASUA OLIDEN.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Samara Veltek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Josu Martinezek (Bilbo, 1986) elkarrekin egiten dute lan EHUko Nor ikerketa taldean. Velte doktore tesia egiten ari da euskal gatazkaren memoriaren transmisioaren inguruan. Martinezek Txaber Larreategirekin batera zuzendutako Caminho Longe dokumentala zinema aretoetan ari dira ematen.

[youtube]https://youtu.be/0G9ircmcYGE[/youtube]

Tentazioa Produkzioak ekoiztetxearen ideia batetik abiatu da dokumentala. Nola iritsi zitzaizun zuri, Josu?

JOSU MARTINEZ: Tentazioak Sisiforen paperak antzezlana egin du. Horrekin batera, ikus-entzunezko lan bat egin nahi zuten. Telesail bat egiteko proposatu zioten ETBri, eta telebistak esan zien fikzioa ezetz, baina dokumental bat baietz. Fernando Bernuesek proposamena egin zidan, eta gaia oso interesgarria egin zitzaidan.

Proiektura batu zinen zu geroago, Samara.

SAMARA VELTE: Bai. Josuren proposamena iritsi zitzaidanerako, proiektuaren asmoa nahiko mamitua zegoen. Erronka zen oso ezaguna den istorio bat nola kontatu begirada berri batetik edo zerbait berria eskainiz. Tripetara iritsi nahi genuen. Itxiera gertatu zenean, oso gaztetxoak ginen bai Josu, bai ni, eta, horrenbestez, gaiaz ondo busti ginen grabatzen hasi aurretik. Ez genuen hariek ihes egiterik nahi.

Josu, Twitterren aipatu duzu triste zaudela Joan Mari Torrealdaik ezingo duelako dokumentala ikusi —iaz zendu zen—.

J.M.: Hasieran, nahi genuen Torrealdai izatea filmaren haria edo eramalea. Lanketa handia egin genuen harekin: hiruzpalau aldiz egon ginen harekin, eta dokumentuak bidaltzen zizkigun. Torrealdai liburu bat idazten ari zen Egunkaria-ri buruz, amaitu ez zuena. Hil baino astebete lehenago, Joan Marirekin hitz egin nuen telefonoz, ahul zegoen, baina uste zuen buelta emango ziola. Eta uste zuen izango zuela aukera gurekin egon eta grabatzeko. Hil zenean, horrek ekarri zigun dokumentalaren egitura berriro planteatu behar izatea.

Samara, BERRIAn zortzi urtez aritu zara lanean, Euskaldunon Egunkaria-ren zenbait langile ohiren alboan. Nola murgildu zinen lanean emozionalki?

S.V.: Istorio honen oinordeko sentitzen naiz pixka bat. Egunkaria itxi eta zazpi urtera iritsi nintzen BERRIAra, baina erredakzio horretan itxieraren gertakaria oso bizi egon da. Aldiro entzuten nuen: «Egunkaria-ren garaian, hau eta bestea». Kazetari gazteok jaso dugu memoria horren zati bat. Niretzat garrantzitsua da istorio hau ondo kontatzea, ezagutzen ditudalako itxiera beren larruan sufritu zuten pertsonak. Eta galdera batzuk planteatu genituen: zer zegoen itxieraren atzean? Zein ziren botere harremanak hori egitea ahalbidetu zutenak?

Forma aldetik nolako estiloa du dokumentalak?

J.M.: Batez ere elkarrizketa dokumental bat da. Bestalde, Adur Larreak animazio batzuk egin ditu Torrealdairen itzala irudikatzeko haren lekukotza biltzen denean. Musika, berriz, Joserra Senperenarena da.

Itxieraren atzean zeudenengana ere jo duzue?

J.M.: Estoldetan barrena egindako bidaia bat izan nahi du dokumentalak. Estoldetan aurki ditzakegun zikinkeriekin eta itzalekin jolasten da. Zenbait ate, ordea, ez zaizkigu ireki: Juan del Olmo itxiera erabaki zuen epaileak eta Angel Acebes Espainiako Gobernuko ministro ohiak ezezkoa eman ziguten. Lortu dugu Guardia Zibilaren koronel batekin hitz egitea. Eta Javier Gomez Bermudez epaileak parte hartzen du. Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak bildu ditugu.

Belaunaldi gazteentzat zer neurritan da garrantzitsua horrelako dokumental bat?

S.V.: Historiako gertakari batzuk normalizatu egiten dira, eta, beharbada, gauzen larritasunaren dimentsioa galdu egiten da. Horrelako ariketak ondo daude berriro konturatzeko egunkari bat itxi zutela 2003. urtean, inolako oinarririk gabe. Dokumentala gure adineko jende askorentzat baliagarria izan daiteke historia horren oinordeko sentitzeko, haiena ere badela senti dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.