ATZEKOZ AURRERA. Tytti Thusberg. Moda diseinatzailea

«Estiloa ez da inoiz modatik pasatzen»

Arropa erosi eta bota ordez, berrerabiltzearen aldekoa da Thusberg; horregatik, 'Slow fashion' motako jantziak sortzen ditu. Haren 'Azalehun' erakusketa ikusgai dago Donostiako Ekain aretoan.

Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Edertasuna begiratzen duenaren begietan dago». Kontsumoaren aroan, estiloa zer den definitzeko era propioa du Tytti Thusberg moda diseinatzaileak (Mikkeli, Finlandia, 1969). Donostian du estudioa, eta euskaraz ikasi du. Iraunkortasuna ardatz, slow fashion mugimenduarekin bat egiten dute haren diseinuek. Nazioarteko pasarela sonatuetan erakutsi dituzte.

Txikitatik izan duzu joera gauzak eskuekin egiteko...

Puntua egiten nuen; josteko makina bat ere banuen. Nire lehen sormen lanak horiek izan ziren.

Zaborretara botatzen diren gauzekin zerbait polit egin daiteke?

Noski. Hori ez da ezer berririk; imajinatu historian zer egin duten besteek. Agian ez zioten birziklapena edo berrerabilpena izena ematen, baina hori beti existitu da. Nik hiru lerrori jarraitzen diet. Autoko uhalekin poltsak egiten ditut; oso praktikoak dira. Bestalde, birziklatutako oihalekin jantziak egiten ditut; batzuk kalean erabiltzeko dira, eta beste batzuk, pasareletan. Eta hirugarren arloa artelanek osatzen dute. Baina dena iraunkortasunaren inguruan egiten dut.

Zer da slow fashion?

Indian, Marokon eta Bangladeshen, esaterako, oso lan baldintza txarrak dituzte. Ekoizte modu hori saihestuz, saiatzen gara Euskal Herriko materialak erabiltzen, hemen ekoizten eta dena modu justu batean egiten. Materialek ekologikoak edo iraunkorrak izan behar dute. Modak beti izan ditu ziklo azkarrak, eta horren aurka egiten dugu. Diseinuak arimarekin egitea da kontua, eta ez jarraitzea moda normalaren arauei. Ez dut denboraldietarako diseinatzen, motelago baizik.

Ez duzu egiten moda urtaroetan pentsatuta?

Niretzat ez dauka inolako zentzurik urte baterako eta denboraldi baterako sortzeak. Enpresan ni bakarrik nago, eta nik sortzen badut gauza bat, niretzat katastrofe bat izango litzateke hori ez erabiltzea hurrengo denboraldietan.

Beraz, zure sorkariak ez dira behin jantzi eta botatzeko.

Ikuspuntu sakonagoa eta zentzudunagoa landu nahi dut. Izan ere, badago jendea beti erosten, erosten eta erosten dabilena. Saiatzen ari dira bereziki estiloa zaintzen. Eta ez dago gurpil horretan joan beharrik.

Modan egoteko ez da beharrezkoa etengabe gauza berriak soinean eramatea?

Ez; estiloa ez da inoiz modatik pasatzen.

Emozio iraunkorra. Hori da zure filosofia.

Emozioak piztu nahi ditut nire diseinuekin, eta emozio horiek iraunkorrak izatea nahiko nuke. Nire nahia izango litzateke bizitza guztirako izatea jantzi horiek.

Kalitatea garrantzitsuagoa da kantitatea baino?

Bai, noski. Gutxiago gehiago da. Diseinuan ere bai. Inoiz ez ditut gauzak asko nahasten. Materialaren edertasun hori errespetatzen saiatzen naiz, diseinuak materialaren arabera egiten, eta ez aurka.

Jendeak gero eta gehiago birziklatzen du materiala?

Sare sozialetan sartzen bazara, egunero zerbait berri sortzen ari dira, eta horrek poza ematen dit. Ez da arraroa eta berezia gaur egun. Kontinente guztietan egiten dute.

Baina zu hasi zinenean berria zen, ezta?

Bazegoen mugimendua, baina oso txikia. Ez naiz mugimenduaren sortzaileetako bat, e... [barrez].

Emakumeentzat bakarrik sortzen duzu arropa?

Jantziak bai, baina poltsak gizonezkoentzat ere bai. Donostiako kaleetan erabiltzen ditu jendeak.

Erakusketa bat ere zabaldu duzu.

Serie bat daukat ebakuntzetarako maskekin egindakoa. Kortse batekin hasi, eta bularretako eta tanga batean bukatzen da. Bere mezua dauka: emakumeen gorputza beti moldatu izan da; lehen, kortseak moldatzen zuen emakumearen forma, eta egun kirurgialari baten zizta. Orduan, non dago benetako eboluzioa? Iraultza nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.