Datorren asteko estreinaldiak

«Estatu krimen baten historia»

Non dago Mikel? Galdera horri eta atzean ezkutatzen diren itzal eta ilun guztiei buruz mintzo da 'Non dago Mikel?' dokumentala. Ostiralean estreinatuko dute Hegoaldean

Mikel Zabalzaren desagerpenaren eta heriotzari buruz mintzo da Non dago Mikel? dokumentala. Irudian, Mikel Zabalzaren senideak. NON DAGO MIKEL?.
Nagore Arin.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«1985. Guardia Zibilak atxilotu ondoren, Mikel desagertua dago. Eta bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu bat adituko da gero eta ozenago: 'Non dago Mikel?'». Galdera horri buruz eta galdera horren atzean dauden itzal eta ilun guztiei buruz mintzo da Non dago Mikel? dokumentala. Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zinemagileen artean zuzendu dute, eta joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean.

1985. urtean Mikel Zabalzari gertatu zitzaiona kontatzen du: Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zuen, eta desagertuta eman zituen hogei egun. Desagerpenaren aurrean, erantzun bila jo zuen gizarteak, askotariko bertsioak baitzeuden gertatutakoaren inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen gazteak, Guardia Zibilari zulo baten berri ematera zihoala. Bidasoa ibaian agertu zen Mikelen hilotza, eta gertaera hark izugarrizko anabasa sortu zuen euskal gizartean: protesta ugari eta eztanda sozial handiak eragin zituen.

Gizartean, baina, beste bertsio bat nabarmendu zen: torturen ondorioz hil zela, torturatuta hil zutela Zabalza. Harekin batera atxilotutako lekukoek berretsi egin zuten bertsio hori, poltsa edo bainuontzia aplikatuta hil zutela; baina inoiz ez zuten inor epaitu. Azaroan 35 urte bete ziren Zabalza hil zenetik, eta haren familiak eta gertukoek egia jakin nahian jarraitzen dute oraindik.

Egiaren bila oraindik

Non dago Mikel? ekoizpenarekin, itzal eta ilun horiek guztiak argitu nahi izan dituzte: «Heriotzaren zergatiak jakiteko zailtasunak direla kausa, eta egiaren bila ari direnak Espainiako agintari eta epaileengandik jasaten ari diren utzikeria eta trabak direla eta, gaur egun ez dago jakiterik zer gertatu zen zehatz-mehatz, eta, ia 35 urte igaro badira ere, oraindik ez da inor ere epaitu Orbaizetako bizilagun horren heriotzagatik». Hala, testigantza ugarirekin ondu dute dokumentala, egia argitu nahian, eta, besteak bestek, Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Garbiñe Garate eta Zabalzaren senideak ageri dira ekoizpenean.

Amaia Merino eta Migel Angel Llamasek zuzendu dute, eta Izaskun Arandia izan da ekoizle. Amaia Merinoren kasuan, urte asko daramatza zinemagintzaren industrian lanean: muntatzaile lanetan aritu da bereziki, eta 25 film luze baino gehiago muntatu ditu. Asier eta biok dokumentalaren zuzendari ere bada, eta 2013an aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian.Miguel Angel Llamas, bestalde, ikus-entzunezkoen produkzioko goi mailako teknikaria da, eta gaur egun Ahotsa.info egunkari digitalean lan egiten du. Non dago Mikel? da zinemagintzaren alorrean egin duen lehen lana. Egileen esanetan, «estatu krimen baten historia» da dokumentala.

'NON DAGO MIKEL?'
Zuzendaria. Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas.
Elkarrizketatuak. Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Garbiñe Garate eta Mikel Zabalzaren senideak.
Urtea. 2020.
Iraupena. 80 minutu.
Generoa. Dokumentala.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.