Telesailak

Espioitzaren barne gatazkak

Michael Fassbender aktorea protagonista duen espioitza telesaila da ‘The Agency’, eta ‘Le Bureau des Legendes’ Frantziako telesailean oinarritua dago. Martian izeneko pertsonaiaren rola jokatuko du; CIAko agente ezkutua da.

'The Agency' telesailaren fotograma bat. SKYSHOWTIME
'The Agency' telesailaren fotograma bat. SKYSHOWTIME
gaizka izagirre
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Londres hiriko irudi, telesaileko pertsonaien silueta eta espioitzaren munduarekin lotzen diren hainbat objektu Jack Whiten Love is blindess abestiarekin uztartuko dira; hasierako tituluen osagaiak dira horiek eta bete-betean murgilduko dute ikuslea telesailaren tonuan eta giroan.

Hangar bateko ate handi bat irekitzen den bitartean, gizonezko bat agertuko da hegazkin pribatu batetik jaisten. Kirol poltsa bat eskuan, serio, arduratsu, baina aldi berean seguru, apurka kamerara gerturatuko da. Ikusiko den lehen sekuentzia da hori. Michael Fassbenderrek antzeztuko duen CIAko agente ezkutua da, Brandon Martian; Etiopian sei urtez infiltratuta egon ostean, bere bizitza sekretua atzean utzi eta Londresko egoitzara itzultzen ari da. Bertan, iraganeko maitasun erlazio bat ezustean berragertu (Jodie Turner-Smith) eta harremana berpiztu egingo da; biak ala biak intrigazko eta nazioarteko espioitzako joko hilgarri batean nahasiko dira.

Fassbender ez da aurpegi ezagun bakarra izango: Jeffrey Wrightek Henry Ogletree gorpuztuko du, aholkularia eta zuzendariordea; Jodie Turner-Smith Samia Zahir doktorea izango da, Sudango antropologo bat; eta Richard Gere, aldiz, James Bradley, CIAk Londresen duen estazioko burua.

Nazioarteko espioitza genero zirraragarrian barneratuko den proposamena da, nahiko kutsu klasikoa duena, baina, batez ere, gatazka psikologiko eta pertsonaletan jarriko du arreta. Bereziki, infiltratu gisa —ezkutuko espioiak edo agente bikoitzak direnak— luzaroan atzerrian bizi eta urteetan fikziozko nortasuna mantendu behar izan duten horiengan.

Atalen garapena patxadatsua da: ez da akziozko sekuentzia frenetikoekin hasiko. Pertsonaiak jarriko dira erdigunean, eta, plano dotore eta iradokitzaileen bitartez, horien aurkezpenaren eta eboluzioaren testigu izango da ikuslea. Generoaren klixez gainezka dago, baina ez dute enbarazurik egiten, pertsonaien ekintzak elikatzen dituztelako.

Smokehouse Pictures-ek ekoiztu du, George Clooney eta Grant Hesloven ekoiztetxeak, eta zuzendaritza taldean izen nabarmen bat dago: Joe Wright sortzaile ingelesa. Pride and Prejudice (2005), Atonement (2007) eta Anna Karenina (2012) film ezagunen zuzendaria da, eta laster Benito Mussoliniren bizitzari buruzko M. Il figlio del secolo (2025) telesaila estreinatuko du.

Espioitza thriller entretenigarrien bila dabiltzan ikusleek gozatuko duten proposamena da.

Le Bureau des Legendes’-en moldaketa

The Agency-ren gidoia ehuntzeko, Le Bureau des Legendes telesail frantziarra izan dute oinarri. Osagaiak antzekoak dira, baina testuingurua, pertsonaiak eta tonua nahiko desberdinak. Gainera, jatorrizko telesailaren mamia askoz ere sakonagoa da, eta garapena zabalagoa; bost denboraldi eta 50 atal izan zituen guztira. Azaltzen duena honakoa da: Frantziako zerbitzu sekretuetako agente bat herrialdera itzularazi dute, Sirian sei urte ezkutuan egon ostean. Atzerriko Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian sartuko dute, nazioartean infiltratuta dauden agenteak entrenatzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen den departamentuan.

FITXA

  • Sortzaileak. Zetna Fuentes, Grant Heslov, Philip Martin eta Joe Wright. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Aktoreak. Michael Fassbender, Jeffrey Wright, Jodie Turner-Smith eta Richard Gere.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. SkyShowtime.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Espioitza, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.