Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II). Espiguete, Palentzia.

Espiguete

Udako asteburu bat Palentziako mendietan. Ibilaldien eta ibileren kronika.

Espigueteko jaitsiera, Iparraldeko bidetik. PAULO ALBERDI SOLOLUZE.
Paulo Alberdi Sololuze.
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Kañaren prezioa 1'25 euro da Vidrieros auzuneko tabernan. Bigarren erronda eskatu genuenean, saltxitxoia atera zigun tabernariak, musu truk. Hirugarrenarekin, saiheski errea. STOP. Biharamunean hitzordua genuen Palentziako mendirik garaienarekin. Hain justu, tabernako terrazatik parez pare genekusan Pico Curavacas.

Pandemia dela-eta urrutira joaterik izan ez dugun uda honetan, aukera ona iruditu zitzaigun Palentziako mendialdera gerturatzea. Egun batetik bestera antolatutako plana izan zen, egiari zor. Anbotoko igoera bertikala egitea zen gure hasierako asmoa, Arrazolatik gora artez-artez, baina abuztuko lehen egunetan Euskal Herrian eguraldi txarra izango genuela ikusirik, ideiaz aldatu eta hegorako bidea hartu genuen, mesetarakoa, eguzki bila.

Lehenengo geldialdia Cervera de Pisuergan egin genuen, inguruetako herri handienean. Hango turismo-bulegoan eskuratu genuen zonaldeko mapa, Fuentes Carrionas deritzonarena, eta bertako langileak azaldu zigun zer zen herrian ikusi beharrekoa. Halatan bisitatu genituen leku kurioso askoak: Erdi Aroko eremita baten bizilekua izandakoa, edadeko andre batek bere etxean sortutako museo etnografikoa eta txinatar arteari dedikaturiko eraikina.

Bazkalostean, terraza bateko eguzki epeletan ginela, Donostiako Klasikoa ipini zuten telebistan, eta pozarren ikusi genuen euria goian behean zutela txirrindulariek. Sinesgaitza da zelan aldatzen den eguraldia horren distantzia laburrean, hiru ordu eta erdi baino ez baikenuen egin hara heltzeko, itsasoa lagun Torrelavegaraino, eta gero handik behera Gaztelara, edo handik gora Gaztelara, kontua zelan ikusten den.

Cervera de Pisuergatik hamabost bat kilometro besterik ez dago Vidrierosa, eta, hala ere, ingurua erabat aldatzen da: bien arteko herrietan apenas ikusten den jenderik. Horrexegatik, atzera itzuli beharrik ez izateko, komenigarria da Cerveran gelditzea eta ondo hornitzea supermerkatuko gauzez, gasolinaz eta bestelakoez. Bata zela eta bestea zela, iluntzea zen Vidrierosa heldu ginenerako.

Abuztua izanagatik, eta egunez bero eginagatik, ilunabarrak hotzak dira inguru hartan. Eguzkia ezkutatzen denean, tenperatura bat-batean jaisten da, eta hotz izugarria egiten du. Gu, kontatu dut arestian, bertako taberna bakarrean sartu ginen. Kanpoaldean kamera bat dute, tontorrera begira, eta Interneten ipintzen dituzte grabatutako irudiak, zuzenean. Horri esker, mendira joateko asmoa duenak etxetik ikus dezake goialdeko egoera, eta auzunera bertaratu beharrik gabe erabaki joan edo ez joan. Antzera egiten dute itsasoarekin Zumaiako Itzurun hondartzan, eta dirudienez, arrakasta handi samarra du, bisitaldi-kopuruari erreparatuz gero.

Zerbezak, saltxitxoia eta saiheskia. Hurrengo egunerako erregaiari nahikoa iritzi genionean, furgonetara erretiratu ginen, eta, biharamunean, 08:00etarako prest geunden bideari ekiteko. Bost gradu markatzen zuen termometroak, baina igartzen zen eguzkiak gogor joko zuela eta egunean zehar bero egingo zuela.

Bost kilometroko distantzia eta 1.100 metroko desnibela dago Vidrierostik gailurrera. Ibilbideak ez du aparteko zailtasunik. Kolokan dauden harri koskorragoak ere badiren arren, igoera gehien-gehiena hartxintxar artean egitekoa da, eta, kontuz ibiliz gero, sasoian dagoen edonork egin dezake. Ikusi genuen, dena den, badaezpada ere kaskoa zeramanik.

Gailurretik, iparraldera, Europako mendiak ikusteko aukera dago, eta, mendebaldera, Espiguete mendia. Guk ez genuen zorte oso handirik izan, eta tarteka baino ez genituen ikusi bata eta bestea. Peña Prieta aldera joaterik ere badago, Palentziako mendien itzuli zirkularra egiteko. Bide horrek, alabaina, zati konplikatuak ditu, eta, horrenbestez, igoerako bide beretik egin genuen jaitsiera. Bost ordu pasatxoren ostean, berriro ere Vidrierosen ginen, berriro ere hango tabernan.

Bertako mendizaleekin hizketan, erabaki genuen hurrengo egunean Pico Espiguete igoko genuela. Curavacas baino zertxobait txikiagoa da Espiguete, baina ingurukoen esanetan huraxe da Palentziako mendialdearen benetako ikurra. Tabernan bertan mapa hobea eskuratu genuen, inguruko mendien igoera-bide guztiak zailtasunaren arabera markaturik dituena, eta haren bila abiatu ginen. Ez daude elkarrengandik oso aparte, ordu erdi baino lehen iritsi ginen Espigueteren magalera. Ikusgarri ematen zuen behetik begiratuta. Harri zuriko mendilerro zorrotza, eskala handiko Anboto iruditu zitzaigun.

Cardaño de Abajo eta Cardaño de Arriba, bi herrixka zaintzen ditu altueratik mendiak. Lehenengora hurbildu ginen eta hango gizon xelebre batek inguru hartako otsoez eta hartzez hitz egin zigun. Askoz gehiago izan ziren, dozena erdi bat, baina hiru pasadizo gogoratzen ditugu. Aurreko urtean otsoek herriko cocker txakur bat hil zutenekoa, eta burua ez beste guztia jan. Umeen izuarena plazatik etxera bakarrik joateko, gauetan uluak entzutea ohikoa omen da eta. Harrigarriena, goizalde batean autorako bidean hartz batekin topo egin eta ezer gertatu ez balitz bezala aurrera jarraitu zuenekoa. A ze fantasma, pentsatu genuen gure kolkorako.

Espiguetera badago zuzen igotzerik, Curavacasera bezalatsu, hegoaldeko hartxintxar bidean gora. Guk, ordea, mendilerroa alde batetik bestera egitea erabaki genuen, ekialdetik mendebaldera, Anbototik Alluitzera egingo genukeen bezalatsu. Horixe zen ezbairik gabe asteburu hartako gure patua, altueratan ibiltzea. Anboton ez bazen posible, Espigueten izango zen.

Aparkalekua dago ekialdeko bidearen hasieran, Pino Llano izeneko tokian, goiko eta beheko Cardaño artean. Erraza da lekua topatzea, Mazobre ur-jauzia bisitatzeko bideak ere leku horretantxe baitu hasiera. Adi ibili behar da, eta aparkalekutik 50 metro ingurura ezkerretara hartu. Mugarri txiki batek markatzen du bidegurutzea.

Bertikala da oso ekialdeko igoera: lau kilometroan 1.100 metro igo genituen. Benetan da ederra, eta bista izugarriak ditu: behe-behean, gero eta txikiago, aparkalekua; goian, betiere urrun, tontorra; eta, albo bietara, amildegia. Curavacas baino arriskutsuagoa da eta horren berri ematen dute bertan hildakoen omenezko plaka oroigarriek, gailurrean.

Asko dira han hildakoak. Tartean, xafletako batean irakurri genuen hiru euskal mendizale hil zirela 1991. urtean. Gaur egun, Internetek edozertarako balio du, eta hantxe bertan jakin genuen Algortakoak zirela eta lur-jausi baten ondorioz hil zirela. Ez dira bakarrak; negu aldean nahiko arriskutsua da mendia.

Abuztuko lehen egunetako eguraldi aparta gorabehera, mendizale bakarrarekin egin genuen topo gailurrean. Huescakoa zen, baina familia Palentziakoa zuen, eta, kontatu zigunez, aspaldiko partez gurasoei bisita egitera joana zen. Umeak aitona-amonekin utzi eta mendira egin zuen, ez oso itxuroso, bakeroetan, galgo txakur baten konpainian. Luze egon ginen berarekin. Esan zigun aparkalekuan nahastu egin zela, ez zuela bidegurutzeko harri-meta ikusi eta iparraldeko bidetik zetorrela. Hango bidea pikoa bezain ikusgarria zela.

Ibilbide zirkularra egiteko, kasu egin eta iparraldetik jaistea erabaki genuen, Mazobre ur-jauzirantz. Hori da gutxien ibiltzen den bidea, badu-eta arriskua bai gora bai behera, baina eguraldia primerakoa zen eta bagenuen astia patxadaz jaisteko. Tipoak eta galgoak, berriz, gure bidea hartu zuten, mendilerrotik zuzen-zuzen aparkalekurantz. Elkarri agur esan, eta jaitsierako bideari ekin genion, berriketan.

Hartza kobazuloan

Orduan gertatu zen. Gorkak ikusi zuen lehendabizi, gero nik. Hogei bat metrora zegoen, kobazulo baten sakonean. Gu kobazuloaren kanpoaldean geunden, baina handik argi antzematen zen barruan etzanda zegoen piztia zein zen. Hartza.

Geldi geratu ginen, isilik. Horrelakoetan, aukera guztiak dira txarrak. Korrika hasiz gero, aise harrapatuko gintuzkeen harri-bide trakets hartan. Hari kontra egiteko, aldiz, mendiko makilak besterik ez genituen, karbonozkoak, eta ondo genekien horiekin ez genuela inolako aukerarik izango. Hantxe geratu ginen geldi. Hamar segundo. Minutu erdi. Minutua. Ez dakigu zenbat denbora izan zen.

Astiro, zarata handirik egin gabe, eta kobazuloa bistatik galdu gabe, beherako bidean jarraitu genuen. Ezer gertatu ez balitz bezala, guri ere hori baino deskribapen hoberik ez zaigu bururatzen. Denbora tarte bat pasatu arte ez ginen lasaitu, hala ere. Azkar egin genuen handik beherakoa, eta berandu baino lehen Mazobre ur-jauziko bidera iritsi ginen. Han jendea lasai zebilen, tropelean, handik gertu hartza zutela jakin gabe. Baretu gintuen ur-jauzirako erromeria txiki hark; Urkiola zirudien San Antonio egunean.

Aparkalekuan, tontorrean ikusi genuen Huescako gizonarekin topo egin genuen berriro ere. Beste tartetxo batean hitz egin genuen, zelan egin zuen jaitsiera, bidea nolakoa iruditu zitzaigun, eta abar. Hartza ikusi genuela kontatu genionean, zur eta lur geratu zen. Ez dakigu sinetsi zigun, ziurrenik ez. Ez dugu hartzaren argazkirik, eta agian askok ez digute sinetsiko hartza ikusi genuela, guk Cardaño de Abajo herriko gizonari sinetsi ez genion bezala. Baina hala izan zen. Gu ez gara fantasmak.

Hurrengo batean igotzeko geratu zitzaigun Palentziako hirugarren handia, Peña Prieta. Gutxien pentsatutakoan berriro itzuliko gara inguru hartara, pandemian segitu zein ez. Plana prestatua dugu: Cervera de Pisuergan bazkalduko dugu, Vidrierosen poteatu eta Cardaño de Abajon hartzaren istorioa kontatu. Badakigu, gainera, hurrengoan hartza ikusiz gero zer egin. Gorkak dioenez, hildakoarena egitea omen da onena egoera horretan: lurrean etzan, burua babestu eta zirkinik egin gabe gelditu. Interneten irakurri du.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III): Dolomitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.