Biokimikan doktorea eta AZTIko ikerlaria

Naiara Rodriguez Ezpeleta: «Espezieek nola eboluzionatu duten ikertuz ikus dezakegu ozeanoaren bilakaera»

Itsasoko espezieen DNA ikertzen du Rodriguezek, ozeanoaren misterioa argitzeko asmoz: «Gehiena ezezaguna da, eta ez dakigu noraino iritsiko garen».

Naiara Rodriguez biokimikan doktorea eta AZTIko ikerlaria
Naiara Rodriguez, AZTIko ikerlaria. AZTI
itsaso jauregi 2
2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Ozeanoetako gune sakonenei dagokienez, ezezagutza handia da oraindik, baina arlo horretan zientziak egin dituen urratsak aztertzen ditu Naiara Rodriguez Ezpeleta biokimikan doktore eta AZTIko ikertzaileak (Durango, Bizkaia, 1978). Bere ibilbidean, Rodriguezek teknika genetikoak aplikatu ditu hainbat arlotan, hala nola zelula eukariotoaren eta fotosintesiaren jatorrian edo giza eboluzioan. Gaur egun, AZTIko ikertzailea da, eta ozeanoko laginen bitartez ekologian eta bilakaera molekularrean dituen ezagutzak aplikatzen ditu itsas ekosistemak eta haien baliabideak ulertzeko. Zientziaren Ertzetik zikloaren barnean, Itsasoko DNA irakurtzen: ozeanoen ekologia eta eboluzioa ulertzeko bidaia hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian.

Zergatik erabaki zenuen Biologia ikastea?

Beti eduki izan dut interesa bizitzak nola funtzionatzen duen jakiteko. Eboluzioaren ingurukoak jakitea nuen gustukoen: nondik gatozen eta zergatik azaltzen den biodibertsitatea. Naturari lotutako zerbait egin nahi nuen betidanik, baina ez neukan oso argi. 

Noiz piztu zitzaizun itsasoarekiko interesa?

Kasualitatea izan zen. CIC Biogunen hasi nintzen lanean, eta hor gizakiaren gaixotasunak eta eboluzioa ikertu nituen. Itsasoarekin ez zuen zerikusirik. Gero, AZTIn hasi nintzen lanean, eta hor hasi nintzen itsasoa sakon ikertzen. Beraz, genetika ikertzea izan da beti nire ikerlanaren oinarri nagusia.

Zer gordetzen du ozeanoak?

Gauza asko. Ehun zatiak edo arrainen giharren zatiak lortzen ditugu, eta analisi ebolutiboak egin. Bi litroko ur lagin batean, arrainen, ugaztunen eta hegaztien arrastoak aurki ditzakegu. Urarekin harremana izan badute, arrastoren bat uzten dute; aztarna horiek hartu, eta laborategira eramaten ditugu guk. Normalean, arrainen eta ugaztunen aztarnak interesatzen zaizkigu. Organismo horien DNA anplifikatu, eta ikerketa ebolutiboa egiten da. 

Nola egiten da analisi ebolutiboa?

Atungorriaren aldaketak ikertu ditugu, adibidez. Ikusi dugu atungorria beste leku batean ere ugaltzen dela orain. Lehen, leku hori ez zen ugaltzeko aproposa, eta orain, aldiz, bai; uste dugu klima aldaketaren ondorioz izan dela. Analisi genetikoen bidez ikusi dugu hori; baliagarria da eboluzioa ikusteko, espezieak nola aldatu diren ikusteko. Espezieek nola eboluzionatu duten ikertuz ikus dezakegu ozeanoaren bilakaera.

«Bi litroko ur lagin batean,  arrainen, ugaztunen eta hegaztien arrastoak aurki ditzakegu».

Klima aldaketak eragin nabarmena du espezieen eboluzioan, beraz?

Bai. Klima aldaketaren ondorioz, organismoek egokitu egin behar dute: hori izan daiteke lekuz edo joeraz aldatzea, baina hautespen genetikoa ere badago. Populazioaren genetika ikertuz, egokitzapen genetikoak identifikatu ahal dira eta ingurumeneko aldaketei organismoak zelan erantzungo duten aztertu.

Nolakoa da populazioaren genetika ikertzeko prozesua?

Espezie bereko zenbait populazio konparatzen ditugu, nola dauden aztertu. Prozesua nahiko zaila da migrazioa, kontuan hartu behar baitira mutazioa, zoria eta hautespen naturala. Horiek dira prozesuan parte hartzen duten lau indarrak. Hautespena da garrantzitsuena, eta, hori ikertzeko, espezie baten genomak analizatzen ditugu, eta hor ikusten dugu eboluzio bat egon dela: ikusi dugu zati batzuk aldatzen ari direla, baina modu arraroan. Abantaila selektiboa dela ematen du. 

Nola dakizue noren DNA lortu duzuen?

Erreferentzien datu baseei esker. Milioika sekuentzia daude hor jasota, baita zer organismori erreferentzia egiten dioten ere. Guztiak ez daude datu base horretan gordeta, oraindik ez baitira ezagunak: horixe gertatzen da ur hondoetan dauden arrainekin. Kasu horretan, saiatzen gara ezezagunak diren organismoen lagin batzuk identifikatzen: begiratzen dugu zer espezie izan daitekeen; arrain horren zati bat ematen digute, sekuentziatzen dugu, eta sekuentzia hori erreferentzien datu basean jartzen dugu, guztientzat eskuragarri egoteko lehen ezezaguna zen organismo hori.

Organismo ezezagunak ezagutzera eman dira?

Bai. Hartutako lagina sekuentziatu eta gero, ikus daiteke lagin horren zer ehuneko den ezezaguna, ez delako datu basean agertzen. Itsaso sakonean, ezezagunak diren organismoen ehunekoa handiagoa da, normala den bezala. 

Laginak hartzeko orduan, noraino iritsi zarete? 

Bizkaiko golkoan hartzen ditugu lagin gehienak. 2.000 metroko sakoneran dauden batzuk hartzea lortu dugu.

«Hartutako lagina sekuentziatu eta gero, ikus daiteke lagin horren zer ehuneko den ezezaguna, ez delako datu basean agertzen».

Animalien ohituren eta bizimoduaren berri jakiteko aukera dago?

Bai. Ikusi genuen arrain batzuek migrazio bertikala egiten dutela: egunez, ur sakonetan egoten dira, eta gauean, berriz, apur bat gorago joan, elikatzeko. Hainbat sakoneratatik hartutako laginen bidez deskubritu genuen hori; gauean, ur sakonetako arrainen DNA apur bat gehiago dago egunekoetan baino. Izokinei dagokienez, bizitzaren parte bat erreketan egiten dutenez eta beste bat ozeanoan, informazio tenporala ikusten ahal da: noiz joaten diren ibaietara.

Zer proiektu dituzu esku artean?

Ur laginak ekologiaren arlotik ikertzen ari gara, baita ugaztunak ere. Horretarako, haien DNA eskuratzen dugu, gorotzetatik askotan, haien elikadura nolakoa den ikertzeko. Atungorriaren inguruan ikerketa asko egiten ditugu, ikusi nahi dugulako nola dauden elkarren artean konektatuta, eta badakigulako espezie horren ugalketa ingurunea aldatu egin dela: lehen, Mexikoko golkoan eta Mediterraneoan ugaltzen zen, eta orain, berriz, Atlantikoan. Klima aldaketak espezieetan izango duen eragina ere aztertzen dugu, prest egoteko eta neurriak hartzeko. 

Erraza da ikerketan lan egiteko bidean segitzea?

Ez. Argi nuen eboluzioa aztertu nahi nuela, eta orduan ikusi nuen ikerketan aritu nahi nuela. Oso ondo atera zen, nahi gabe. Uste dut garrantzitsua dela malgua izatea: buruan gauza oso zehatzen bat baldin baduzu, etsipena handiagoa izan daiteke.

Uste duzu ozeanoaren misterio batzuk luze gabe argituko direla?

Bai. Aurrerapen teknologikoei esker, itsasoa lagintzeko prozesua azkartu eta garatu egin da: oso sakon dauden laginak lortzen ditugu. Ur laginak hartu eta bertan analizatzen dituzten ibilgailuak sortu dira, eta hori ere iraultzailea izango da. Datozen urteetan, agian, askoz gehiago jakingo dugu itsasoaren inguruan. Gehiena ezezaguna da oraindik, eta ez dakigu noraino iritsiko garen, baina aurrerapenak askoz azkarragoak izango dira.

Aurrerapen horiek zure laborategitik ikusiko dituzu?

Bai. Badakit biologo batzuentzat garrantzitsua dela laginketan parte hartzea eta kasu batzuetan hori izaten da biologian hasteko motibazioa. Nik ez neukan oso argi neure burua non ikusten nuen, eremuan laginak hartzen, laborategian edo ordenagailuaren aurrean, baina argi nuen eboluzioa ulertu nahi nuela. Beraz, niretzat, motibazio intelektuala zen gehiago, eta ordenagailuaren aurrean ez naiz aspertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.