Demagun Baiona eta Miarritze (Lapurdi) bisitatzekotan direla Getariako (Gipuzkoa) Saiaz hotelean ostatu hartu duten lagun batzuk. Mikel Muñoa hotelaren jabeak plana zabaldu nahiko lieke: «Denbora eta gogoa baldin badaukazue, sartu barrurago; joan Sarara, Azkainera, Ainhoara... Gero, Baztandik jaitsi, eta, Bortzirietatik, Lesaka eta Etxalar dauzkazue». Ibilbide polita litzatekeela dio Muñoak, baina turismo bulegotik iristen zaien materialarekin, «eromena» zaie bisitariei hori azaltzea. Gipuzkoako mapa beharko lukete, batetik; Lapurdikoa, bestetik; eta baita Nafarroakoa ere. Horrela ibili beharrean, zuzenean Google Maps erabiltzen dute askotan, harrerara hurbiltzen diren bezeroei azalpenak emateko.
Eguneroko trabak ikusita, Euskal Herria osorik hartzen duen argitalpen baten beharra sumatu zuen Muñoak, eta, behar hori betetzeko asmoz, hain zuzen, Euskal Herriko mapa turistikoa sortu du Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak. Imanol Esnaola koordinatzaileak azaldu duenez, helburua da atzerritik datorrenak ostatuetan, museoetan edo turismo bulegoetan jasoko duen dokumentazioaren artean, Euskal Herriaren mapa jaso dezala.
Bisitariek «Euskal Herria bilatzen dute, eta guk ez diegu Euskal Herririk eskaintzen», Esnaolaren arabera. Beraz, argitalpen berriarekin, «Ongietorri bat Euskal Herrira» egin nahi diete atzerritik iristen direnei. «Gure ustez, oso garrantzitsua da herri gisa gure herrira datorrenari esatea: 'Hemen herri bat duzu, eta ongietorria egiten dizu. Herri bat da, ez zuk kontsumitzeko eta zure txanponak uzteko toki bat bakarrik'».
Gaindegiak zenbait urte daramatza Euskalgeo.eus webgunean hainbat informazio espazial argitaratzen, eta aukera interesgarria ikusi zuten, Euskalgeo-ren barruan, atzerritik zetozen turistei Euskal Herria zertan zen azaltzeko tresna bat sortzeko. Dagoeneko zirkulazioan jarri dute mapa, doan banatuko da, eta laster sarean ere deskargatzeko egongo da. Aurrerago, webgune bat egin asmo dute, non udalerriez gain, entitate txikiagoak ere lokalizatu ahalko diren, baita hotelak, kanpinak eta nekazaritza etxeak ere.
Muñoak bezala, Esnaolak ere orain arte zegoen gabezia eta beharra aipatu ditu, mapa egiteko arrazoien artean. «Gaur egun atzerritarra datorrenean, ez dago Interneten —ez gauza handirik behintzat—, eta are gutxiago paperean eta formatu erabilgarri batean, Euskal Herria bere osoan aurkezten duen edo bisitaldia orientatzen duen argitalpenik». Esnaolaren iritziz, bidaia prestatzen hasten denean bisitariak badu buruan «euskal kontzeptu bat», baina gero kontzeptu hori agertzen zaionean «beti agertzen zaio euskal dela Miarritze, edo Donostia, edo Bilbo».
Euskal Herria osorik aurkezteko ahaleginak, ordea, badira. Ezpeletako (Lapurdi) kasua da. Panpi Dirassar hautetsi eta turismo bulegoko ordezkariak azaldu duenez, hori da haien hautua: «Bada eskas bat baliabideetan, eta guk biltzen ditugu; turismo bulegoko langileak joaten dira Hegoaldera, eta hartzen dituzte Donostia aldeko gidak, Baztango turismo bulegokoak... Aurkezten dugu Euskal Herria herri ofizial bat balitz bezala, bere hizkuntza eta abar». Gainera, turismo bulegoko lehen hizkuntza euskara da, kanpotik doazenek ikus dezaten. «Turismo bulegotik pasatzen diren gehienak frantsesak dira, %80, eta batzuetan ez dira ohartzen ere beste herri batean daudela».
Herri «ukatua»
Esnaolak argi du Euskal Herria «herri ukatua» dela, eta, batez ere, bertakoen partetik. Izan ere, haren ustetan, «mundutik hona» begiratzen dutenean Euskal Herria ikusten dute: «Ikusi besterik ez dago nazioarteko gida turistikoek Euskal Herria bere osoan aintzat hartzen dutela». Bertako ukazio horren ondorio bat da, hain justu, argitalpen turistikoetan Euskal Herria «desagertu» egiten zaiola atzerritarrari. Baina ukazio hori berria da neurri batean, Esnaolak dioenez; besteak beste, Euskal Herria bisitatu eta hartaz hitz egin duten Ernest Hemingway eta Orson Welles aipatu ditu.
Ukazioaz aparte, gaur egun gertatzen ari den beste fenomeno bat azaldu du Esnaolak: tokiko markak indartzea. «Inbertsio eta apustu handiak egiten ari dira, eta, beraz, nolabait euskal kontzeptu baten beharrik ez dute, eta esango genuke ordezkatu egiten dutela». Adibide argitzat ditu Bilbo eta Donostia. «Badago atzetik egitasmo handi bat, komertziala, haiek harrapatzeko bisitaria; lehen euskal zegoen tokian, orain Donostia daukagu, edo Bilbo, edo Miarritze».
Tokiko markak «aberasgarriak» diren arren, Esnaolak uste du horrela ezin dela Euskal Herri mailako marka bat garatu. «Ez dago Euskal Herririk, tokiko esperientziak daude». Muñoak «konpetentzia ziztrin bat» ikusten du norberak soilik bere ingurua aurkezteko erabakian; Gipuzkoako Diputazioaren mapa jarri du adibide: «Mutrikuren ondoan ez dakizu amildegia dagoen edo zer. Turismorako bada, zu jartzen bazara bisitari baten buruan, ez duzu hori egiten. Ari zara saltzen zure eremua, 'nirea aldamenekoa baino politagoa da' esanez».
Fenomeno horien atzean, ondorio modura, kulturaren potentziala galtzen dela uste du Esnaolak: «Turismoa emozioa da; bisitaria Euskal Herrira datorrenean, emozio jakin batzuen bila dator: ezagutzera herri bat, edo herri zahar bat, edo mahaiaren bueltan otordu eternoak egiten dituen herri bat, edo kirolean oso indartsu dabilen herri bat...». Esnaolak dio Euskal Herriak badaukala zer eskaini, baina batez ere atzerritarrari erakutsi behar zaiola «Euskal Herria ez dela soilik folklorea, herri bizi bat dela, eta bere bizitasun hori gure artean dagoen momentuari lotzen zaiola».
Maparen ezaugarriak
Mapa osorik editatu du Gaindegiak. «Boligrafoarekin markatzeko» mapa dela dio Esnaolak; ostalaritza eta turismo arloko profesionalek hartu, eta bisitariari aholkatzen dizkioten puntuak adierazteko. Udalerriak bakarrik jarri dituzte, izen ofizialekin. Horren arrazoiak argitu ditu Esnaolak. Batetik, Euskal Herriko herri denak jarriz gero, mapa ez litzatekeelako «funtzionala» izango. Eta, bestetik, gida turistikoak bisitaria «izen ofizialera bidaliko duen aldetik», izen ofizialak lehenetsi dituzte. Aldi berean, ekibalentzia taula bat jarri dute maparen atzealdean, izen ofizialekin eta euskarazkorik balego, dagokion izenarekin. «Beraz, bisitariak izena kontrasta dezake, eta jakin dezake euskarazkoa ere zein den. Ahaztu gabe halako xehetasunak bisitarien gehiengoarentzat ez direla garrantzitsuak».
Errepide nagusiak ere jarri dituzte mapan, baita orografiaren adierazle batzuk, ur isuriaren muga, hidrografiako elementu batzuk eta distantziak lokalizatzeko sistema bat ere. Atzeko aldean, herrien izendegiarekin batera, editorial bat idatzi dute, ingelesez. «Azaltzen diogu hitz gutxitan Euskal Herrira datorrela, zeintzuk diren gure errealitate administratiboak, hizkuntzarena, azaltzen diogu gure ekonomia eta kulturari buruzko hainbat ezaugarri». Horrekin batera, eremu administratibo nagusietako webgune turistikoetara jotzeko baliabide bat ipini dute, QR kode bitartez, baita nazioarteko gida batzuen erreferentziak ere.
Urteotan paperaren aldean sakelakoek eta GPSek lekua irabazi duten arren, Muñoarentzat beharrezkoa zen halako argitalpen bat. «Guri, Getarian, geografikoki Euskal Herriaren nahiko zentroan gaudenez, oso ondo datorkigu osotasun hori». Lurralde osoa paperean edukita, aldagai askoren arabera antola daiteke ibilbidea: eguraldia, agenda kulturala... Muñoaren arabera, primerakoa litzateke gailu eramangarrietarako app bat edukiko balute; maparekin batera, ostatuak eta agenda txertatuta lituzkeen aplikazio bat.
Mapa ahalik eta establezimendu gehienera eraman nahi du Gaindegiak. Behategiak dituen zailtasun ekonomiko handiak gogorarazi ditu Esnaolak; Euskal Herria «normalizatu gabeko espazio bat» izanik, normalizatu gabe baitago Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten aktibitateen finantzaketa ere. Hori hala, behategiaren finantzaketari lotutako egitasmo bat ere bada mapa: udaletan salgai jarri dute, udalek herriko establezimenduen eskuetan jar dezaten.
Udalen ekarpena
Gaindegiaren argitalpena eskuratu duen udaletako bat da Oiartzungoa (Gipuzkoa). Jexux Leonet alkatearentzat, oso interesgarria da Gaindegiak editatutako mapa, batik bat herrira doan bisitariak Euskal Herria bere osoan ikusi ahalko duelako. «Material oso garrantzitsua da. Atzerritik datorrenak jakin dezala herri bat badagoela, eta, haren ukazio guztien gainetik ere, ezagutzeko aukera daukala».
Dagoeneko mapak jaso ditu udalak, eta banaketa lanak egitea falta zaie, baita «establezimendu ezberdinekin pedagogia lan pixka bat ere», haiek ere mapa eskura jar dezaten. Ahalik eta zabalpen handiena egitea dute buruan: herriko turismo bulegoan jartzeko asmoa dute, eta, horretaz gain, Oiartzungo landa turismoetan eta hoteletan.
Errealitatea dena izanda, elkarlana bultzatzea ezinbestekoa du Muñoak. «Mugak badaude, eta, komertzialki, kaltegarriak dira. Sinergia komertzial izugarriak sor zitezkeen». Esaterako, hotel txikien artean. Relais du Silence proiektuaren barruan Iparraldekoekin izandako harremana gogoratu du. Azkaineko hotel bat jarri du adibide: «Muga administratiboa hamar kilometrora dauka, eta justu beste aldean, Lantzen, sare bereko hotel bat. Bada, webgunean sartu, eta bat zegoen Espainian, bestea Frantzian...».Muñoak dio sare egoki batosatuz gero, batak bestearen bezeroak erakar ditzakeela. «Frantzia osoan jai denean, haiek jaso ditzakete, eta, Espainian jai denean, nik ere jaso ditzaket».
Esperotako ongietorria egingo dien mapa
Euskal Herriko mapa turistikoa sortu du Gaindegia behategiak, atzerritik iristen direnei ongietorria egiteko. Turismo bulegoetan zein ostatuetan zabalduko dute, doan. Sektoreko ordezkariak bat datoz: baliabide falta dago bisitariari Euskal Herria osorik aurkeztu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu