Gogotsu dago Lide Hernando musikaria (Donostia, 1991) Donostiako Piraten Flamenka gunean gaur emango duten kontzerturako. Izan ere, emanaldi «berezia» prestatzen aritu da Liher taldea. Tenpluak erre bigarren lanaren azken kontzertuekin ari dira, eta, aldi berean, hurrengorako material berria sortzen.
Liher eta The Baboon Show leku eta gau berean: suhiltzaileak gertu egotea komeni?
[Barreak] Gure aldetik, nahiko berezia izango da: egurra emango dugu, eta The Baboon Showk, zer esanik ez. Bi rock talde gara, baina oso desberdinak.
Zuei dagokizuenez, zertan izango da berezia, esan badaiteke?
Hiru lagun igoko dira eszenatokira: Ainhoa Egiguren, Lidia Insausti eta Olatz Otxoa; bik gure azken diskoan koroak egiten kolaboratu zuten. Donostian bada eszena bat euskal musikarena, eta badago beste bat bluesarena, indartsua, eta hortik ezagutzen ditut. Ahotsak oso indartsu egongo dira kontzertuan.
Etxean jokatzeak presioa areagotzen du?
Bai, bai. Normalean, eta ez dut txarrera esaten, etxean ez zaituzte kanpoan bezainbeste baloratzen. Ez dakit nola esan: adibidez, hiruzpalau aldiz joan gara Gasteiza, eta beroago hartu izan gaituztela sentitu dugu. Denok daukagu joera hori: exotikoagotzat hartzen ditugu beti kanpokoak. Espero dut jendeak ezustekoa hartuko duela gaurko kontzertuan, eta ikusiko duela lan asko egiten duen talde bat garela. Kontzertu polita izan dadin nahi dugu.
Nola bizi ohi duzu Donostiako Aste Nagusia?
Haurra nintzenean, kanpora joaten ginen beti gurasoekin. Nerabezaroan, hemen gelditzeko eskatzen hasi nintzen [barreak]. Baina, adibidez, ez naiz inoiz kofradia bateko parte izan; Sardiñeretan sartzear egon nintzen, baina, azkenean, ezetz erabaki nuen. Beti atera izan naiz batekin edo bestearekin, hiriak eta kofradiek eskaintzen dituzten aukeren artean libreki aukeratuz.
Pena ematen dizu kofradia bateko parte ez izateak?
Bai, baina garai hartan ez neukan nire kuadrillakorik edo gertukorik inongo kofradiatan, eta horrek atzera eginarazi zidan. Pena hori daukat, baina, orain musikarekin nagoenez, ezin dut Aste Nagusian buru-belarri egon. Dena den, asko gozatu dut piratek antolatzen dituzten ekintzetan: abordatzean, Sardiñerraian... Pila batetan.
Zer moduzkoa iruditzen zaizu, orokorrean, Aste Nagusiko musika eskaintza?
Donostiako Piratek antolatzen dituztenak, orokorrean, asko gustatzen zaizkit, batez ere gainerakoan egoten diren kontzertuekin konparatuta. Beharbada, izen gehiago izango dute Saguesen jotzen dutenek, baina piraten musika eskaintza autentikoagoa iruditzen zait. Esango nuke orokorrean nahiko ondo egiten dutela.
Zure esku balego, Donostiako festetako zer aldatuko zenuke?
Udalaren jarrera [barreak]. Hori aldatuko balitz, arazo gutxiago egongo lirateke.
ATZEKOZ AURRERA. Lide Hernando. Musikaria
«Espero dut jendeak ezustekoa hartzea»
Liher taldea The Baboon Show taldearekin arituko da gaur Donostiako Piraten Flamenkan. Saio «berezia» prestatu dute: «egurra» emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu