Eguneroko bizitzan ez da ohikoa oinezkoen seinaleek zer adierazten duten pentsatzea; hain ohikoak dira, ezen nekez antzemango dira. «Ikusiz gero, ordea, ohartu gabe barneratzen ditugu, eta, horren ondorioz, irudikatzen diren kodeak eta sinboloak normaltzat hartzen ditugu, generoen artezko ezberdintasuna auzitan jarri gabe». Arantza Gutierrez EHUko Ikus-Entzunezko Komunikazioko eta Publizitate graduko irakaslearen hitzak dira.
Kalean ikusten diren elementu komunikatiboek egungo errealitatea islatzen dute, eta seinaleek ere mezu hori helarazten dute, Gutierrezen esanetan. Hirietako bideak gizonezkoa irudikatzen duten seinalez josita daude: oinezkoak, gidariak, langileak, garraio erabiltzaileak... Gutierrezek azaldu duenez, «irudi maskulinoa gizakiaren irudia izan da, eta genero mota horrek orokorra dena ordezkatzen du».
Feminismoak, ordea, praktika kultural horiek kolokan jarri ditu, eta, horren ondorioz, Europako zenbait hiritan espazio publikoan generoen arteko berdintasunaren aldeko urratsak egin dira.
Geneva izan da kaleko seinaleak «feminizatu» dituen Suitzako lehen hiria. Urtarriletik, herriko seinale erdietan, hots 250etan, emakumeak ordezkatzen du gizonaren irudia, eta hiriko auzo guztietan jarri dituzte. Sandrine Salerno alkateak esan zuenez, seinaleetan emakumeei presentzia emateko aldaketa horrek gizartea eboluzionatzen ari dela erakusteko balio du, baita emakumeak espazio publikoan duen ikusgarritasunaren inguruko hausnarketa egiteko ere.
Dresdenen (Alemania), 2004tik oinezkoentzako hiriko pasabide batzuetako semaforoetan emakumezkoaren irudiak ageri dira, eta Vienan, esaterako, 2007an genero ikuspegia aintzatzat hartzeko sentsibilizazio kanpaina jarri zuten abian. Zaintza eremuetako seinaleetan, adibidez, haurrari pixoihala aldatzen zion helduaren irudia gizonezkoarena jarri zuten, baita garraio publikoetan umearekin agertzen zen seinaleetan ere.
Seinaleen aldaketaren gaia Euskal Herrira ere iritsi da. Bilboko Udalak, esaterako, 2019ko urte amaieran, Mugikortasuna genero-ikuspegitik izeneko plana abian jarri zuen, mugikortasunak eragiten dituen genero desberdintasunak identifikatzeko eta erantzuteko xedez. «Espazio publiko osoan berdintasun politikak ezarri eta ezartzen jarraitu nahi dugu, gizon zein emakumeentzat berdina den gizarte baten mezua kalean zabaltzeko», esan du Alfonso Gil Bilboko Hirigintza zinegotziak. Gauzak horrela, egitasmoa, besteren artean, seinaleztapenetara eraman dute.
Emakumearen irudia duten seinaleak ageri dira iazko urte bukaeratik Bizkaiko hiriburuko kaleetan, batez ere, leku entzutetsuetara —museoetara, eraikinetara, parkeetara...— bideratzen dituzten zutabe bertikaletan. Gilek azaldu duenez, lehen, seinaleen oinarria gizonezkoaren irudia zen, eta, orain, «berdintasunaren parametroetan» ezarri dute. Gainera, aurreratu du Bilboko Udala argiztapeneko seinaleekin ere lanketa bat egiten ari dela emakumeen irudia txertatzeko.
Gilek esan du herritargehienek «begi onez» ikusi dutela udalak martxan jarritako egitasmoa. «Berdintasuna egunerokotasunean dauden sinboloetan islatu behar da, eta benetakoa izan behar da».
Generoak nola bereizi
Genevak eta Bilbok seinaleetan genero ikuspegia aintzat hartzen hasi diren arren, zeresana eman dezakeen beste gai bat azaleratu da: generoa nola adierazi. Gutierrezek azaldu duenez, emakumezkoaren irudia janzkeraren arabera ezberdintzen da gizonezkoengandik. «Gona baten bitartez identifikatzen dugu seinalean dagoen irudia emakumea dela. Beraz, argi dago emakumeok seinaleztapenean ere modu estereotipatuan agertzen garela».
Bilboko seinale berrien kasua izan liteke egoera horren ispilu. Gilek esan du ez ziotela aurretik existitzen zen eredu bati jarraitu. «Batzorde bat sortu genuen, diseinuaren lanketa egiteaz arduratuko zena, eta lanketa prozesu horretan, emakume kolektibo baten laguntza izan du batzordeak». Gilek aitortu du barne eztabaida bat egon zela emakumea irudikatzeko garaian, esaterako, irudiari ea mototsa jarri behar zitzaion edota emakumea gona batez irudikatu behar zen.
Genevako seinaleztapenaren diseinu berriei dagokionez, berriz, emakumea irudikatzen duten piktogramak landuagoak eta modu askotara irudikatuak daude; batetik, arropa ezberdinekin ikus daitezke: prakekin, gona luze batekin, ilea jasota, solte... eta bestetik, seinale horietan emakume bakarra edota bi elkarri eskutik helduta agertzen dira, baita haurdun dagoen emakume bat ere. Salerno alkatearen arabera, seinale horiekin gizartean dagoen aniztasuna «islatu» nahi izan du udalak. «Espazio aberasgarri bat erakutsi nahi dugu, irudi estereotipatuak gutxitzeko eta estaltzeko».
Aniztasunaren aldeko keinuak Euskal Herrian seinaleen bidez asko egin ez diren arren, trafikoko beste elementuetan irudikatu dira. Gero eta banku eta zebra bide gehiago, esaterako, LGTBIren kolorez margotzen eta apaintzen dituzte. Gutierrezek nabarmendu du Genevan egindako aniztasunaren aldeko ekimena Euskal Herrian ere irudikatu behar dela, «kopuruz gehiago jartzera ekarriko lukeen arren».
«Betaurreko moreak jantzi»
Iraganeko praktika tradizional eta kultural horiek gizartean hain errotuta daudenez, Gutierrezek dio oraindik jende multzo handi bat dagoela ez dena gai estereotipoak identifikatzeko. «Betaurreko moreak jantzi behar ditugu». Egoera horri aurre egiteko, garrantzitsutzat jo ditu herri bakoitzean emakumeen etxeak edota jabekuntza eskolak egotea. «Espazio horietatik erakundeei presio egiten diete. Seinaleztapenena kasu bat izan liteke, ingurune soziokulturalarekin lotuak baitaude. Ikusten ez duzuna ez duzu eskatzen».
Gil Bilboko zinegotziak, berriz, nerabeengan jarri du arreta: «Gazteek jabetu behar dute espazio publikoa partekatua dela. Berdintasunezko seinaleztapenena berdintasunaren inguruko pedagogia egiteko tresna baliagarria dela uste dugu».
Espazio publikoa partekatua dela islatuz
Oinezkoen seinaleetan historikoki gizonenak diren piktogramak emakumearen irudiarekin ordezkatzen hasi dira Europako hainbat hiritan, azkenak Genevan. Halere, generoak janzkeraren arabera bereizten direnez, emakumea modu estereotipatuan agertzen dela esan du Arantza Gutierrez EHUko irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu