Pantxika Telleriari (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1972) dantza egiten dio Ziburuko Zokoako (Lapurdi) Artha harresi harroak, tai gabeko mugimenduan ikusten baitu dikea, Telleria lurpeko mineral ikusezinetan barrena errotua den ber. Errefera eman dio koreografoak: Artha ikuskizuna; isurkortasunen jauzi singularrak, koloreak bezain kategorizagaitza.
Arthak artatzen zaitu?
Nire ardatzean kokatuta gaude: Larhunen eta badiaren artean. Koreografo gisa Elirale konpainian ofizialki hasi naizenetik —2001ean—, ohartu naiz gazte eta helduen emanaldientzat gairen bat ematean, aldi oroz nire jestuen isurkortasuna ematen dudala. Urek dituzte lotzen gorputzak. Ardatz honetan errotua sentitzen naiz munduan: ama Urruñakoa [Lapurdi] eta aita Azkainekoa [Lapurdi]. Mendi eta arrantzale kulturak ditut, nahasiak.
Azkaine eta Urruña artean, Larhun izan zitekeen ardatz hori.
2015ean, behar izan nituen likidotasun horrekiko erabakiak hartu. Horretarako, Artha peko xurgatzeak sentituz oin zolan, poliki-poliki, egunero jinez, berriz zentratu naiz, eta alde egiteko behar hori ase dut.
Alta, Artha ez doa urrunerat.
Joan behar izan gabe, neure buruari baimena eman diot joateko, hau taulagain erraldoia baita.
Noraino duzu jauzi egin?
Artha emanaldia sortu dut 2017an: jauzien sistemari ikertu ondoan, garaikidetasuna eman diot.
Jauzi garaikideak sortu dituzu?
Itxialdian berrikertu ditut antzokietako tresnak, eta ohartu naiz herri kulturako jauziei arnasa moztu niela, behar artistikoagatik.
Arnasa mozterainoko tokia izan daiteke hau?
Azken finean, ohartu naiz bakoitzak baduela esperientzia bat espazio honekin, Maddi Zubeldiak BERRIAri berea kontatu zion bezala. Bi urtez lan egin dut espazio honetan, zeina oso neutroa baita eta kultura guzietan onartua: hurbil dudan lagun batek ez du baitezpada ni bezala biziko espazio hau, aldiz, mundu paraleloan bizi daitekeen batek bai. Irekidura ematen du leku honek.
Zenbat buru, hainbat aburu?
Itsasoak du leku hau aldatzen, mugimenduan ezartzen du; ondorioz, gu ere sartzen gara. Izan ere, korporalitatearen arabera ekintza batzuk egiten baititugu orekaren atzemateko, espazioa frogatzen ari gara. Itsasoak errespetua sortzen du. Hori dut maite: humanitatea birkokatzen dela bere esentzian.
Arthak berdintzen ditu handi eta ttipiak?
Espazio horiek trantsizioak dira, heriotzaren eta bizitzaren artekoak, eta bizi behar dugu.
Bizitzaren eta herioren dantza?
Egunerokotasunean eskas ditugu. Bizitzak eraman zaitzake lerratu eta erortzerat. Gorputzak dio gure burmuinari ikasten, eta ez alderantziz. Dena da bat. Hemen haur bat bezala sentitzen zara, hori da hartu behar, bat-batekotasunari utzi behar zaio lekua. Feldenkrais fisikariak ikertu zituen mugimenduaren posibilitateak, ireki zitezen haur batenak bezainbat. Filosofia bat da.
Dikeek itsasoa ixten duten bezala, helduaroak mugimendua ere bai?
Funtsean, sortzetik familiari eta kulturari mimetismoz ikasten dizkiegu mugimenduak eta izatea bera ere ixten. Hala, saiatu naiz jauzi sistemaren bidez gure konpainiako interprete bakoitzaren singularitatea berriz harrapatzen; garrantzitsua zait. Espazio honekin aitzinatu eta bizi izan naiz beti.
Gune honek haurretik zaitu hartu?
Urruñatik heldu ginen oinez otto eta biok. Hila da, baina badakit bere arima hemen barrena dabilela. Parisen ikasle nintzelarik, etxeratzen nintzen aldi oroz, amari galdatzen nion hona jin gintezen. Orain, semeak du hemendik salto egiten, lekua esperimentatzen du bere erara!
Haurtzarotik hona, salto handia?
Haurtzaro arras urosa izan dut, heldu zinez maitagarriz inguratua, zeintzuek, toki hau barne, gauza franko ireki baitidate. Gune airosa da hau. Bizitzak dakartzan zailtasunak gainditzeko espazio uros honi lotzen zara, baina preso sartu gabe. Ardatz honetatik at, ozeanoa eta mundua berriz irekitzen dira. Metaforikoki zoaz, askatzen zara.
Mimetismoa eta manikeismoa portuan uzten dituzu.
Gustatzen zait, gune honek ñabardurak baititu: eguraldiak dakartzan koloreak ez baitira kategorikoak, nahasiak baizik: arrosak, grisak... Artistikoki nahiz pertsonalki, neure burua berrabiatzeko eta lasaitzeko baimen bat izan da toki hau. Artha ikusgarria ere koloreak bezalakoa da: ñabarduraz betea, dantza garaikidea eta jauzien artean, ni bezala; joan-jinka doana. Harresia oin zolan sentitzen duzu. Minerala maite dut, gu bezala hauskorra baita, beherantz pusatzen duzu eta, grabitate legez, bertikaltasuna berez jartzen zaizu, eta burua zeruan duzu, unibertsoan.
MAITE DUT MAITE... ARTHA. Pantxika Telleria. Dantzaria eta koreografoa
«Espazio honekin bizi eta aitzinatu naiz»
Zokoako Artha dikeak berrabiatzen eta lasaitzen laguntzen dio Telleriari. Lekutzea metaforikoki badu egiten, han berean oinek peko indarra xurgatzen dute, 'Artha' ikusgarria taularatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu