San Bartolomeak Zegaman

Espartinak jantzita, dantzara

Tobera musika eta dantza eskolako dantzariek dantza emanaldia egingo dute gaur, Zegamako San Bartolome jaietan

Toberako dantzariak, Zegamako Dantzari Txikin. NAIA BEGIRISTAIN / GOIERRIKO-HITZA.
Zegama
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Laugarren eguna dute Zegamako (Gipuzkoa) San Bartolome jaietan, eta jaietako patroiaren eguna ospatuko dute gaur. Egitaraua ekitaldiz, ikuskizunez eta kontzertuz bete dute.

Tobera musika eta dantza eskolako dantzariek emanaldia prestatu dute, eta 13:30ean dantzaz beteko dute herriko plaza. Ainhoa Korta Tobera Musika eta Dantza Eskolako dantza irakasleak azaldu duenez, urtero gogo handiz prestatzen duten emanaldia da festetakoa: «Haur zegamarrek dantzatzen dute emanaldian, eta haientzako izugarria izaten da herriko agertokira igo eta familia guztiaren aurrean dantzatzea; txikienek batez ere, oholtzara igo eta guraso eta familiakoak bilatzen dituzte lehenbizi. Gehienek han izaten dituzte gurasoak, anai-arrebak, aitona-amonak, izebak, eta baita lehengusuak ere». Tobera eskolak musika eta dantza uztartzen ditu, eta urtean zehar bi arloak lantzen dituzte: «4 eta 11 urte bitarteko 50 bat haur dauzkagu gaur egun eskolan, eta bost taldetan banatzen ditugu, denak adinaren eta mailaren arabera. Txikiagoekin psikomotrizitatea lantzen dugu gehienbat, eta, pixkanaka, dantzak erakusten dizkiegu, maila igotzen duten heinean», esan du Kortak.

Ikasturtean zehar ematen dituzten emanaldi gehienak musikari lotutakoak izaten dira; zenbait kontzertu egiten dituzte. Dantzari dagokionez, Zegama eta Beasaingo Dantzari Txiki egunetan parte hartzen dute, baina Zegamako San Bartolome jaietakoa dute emanaldi nagusia. «Udako oporrak tartean gelditzen zaizkigu, eta entsegu gutxi egiten ditugu, zoritxarrez; hala ere, aurreko egunetan dantzak gogoratzeko elkartzen gara, eta ikasturtean zehar ikasi ditugun dantzak berrikusi, eta herriko plazan jendaurrean erakusteko prestatzen ditugu».

Nafarroako dantzak dira erakutsiko dituzten gehienak; Luzaidekoak, Jaurrietakoak eta Lantzekoak. Hala ere, beste lurraldeetako dantzaren bat ere dantzatuko dute.

Jarduera ugari oraindik

Egunean zehar, jarduera gehiago antolatu dituzte; prozesioa eta agintarien sokadantza, umeentzako apar jaia, erraldoi eta buruhandien kalejirak eta pilota partidak izango dira, besteak beste. Herri afaria egingo dute, eta Tximeleta taldeak girotuko du gaua.

Jaiak bihar amaituko dira, eta azken egunean ere ez dute etxean gelditzeko aitzakiarik izango zegamarrek. Andoni Egañak, Anjel Mari Peñagarikanok eta Iñaki Muruak bi bertso saio emango dituzte, Amaia Agirre gai jartzailearekin batera. Herri kirolak, txapelketak, buruhandien kalejirak eta Joselu Anaiak taldearen kontzertua ere izango dira. 23:00etan, Adio Beleari kantatu, eta «hurrengo urtera arte» esango diote zegamarrek San Bartolome jaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.