Musikaren eguna, baina, ez zen izan jaialdia antolatzen duen Ametx erakundearen aitzakia bakarra Haizetara sortzeko. Udako solstizioak kalean sortzen duen giroak, urteko egunik luzeenak izateak eta opor usaina areagotzeak kalean jende andana batzen duela baliatu zuten antolatzeko.
Oholtzarik ez du Haizetara jaialdiak, eta lehiaketa formatukoa da. Kalea da musikarien agertokia, bozgorailu eta argiztapen berezirik gabe. Aurtengo edizioari dagokionez, estilo eta jatorri askotako bederatzi talde arituko dira lehian. Hirurogei eskaera jaso ostean, Beningo (Afrika) Eyo'Nle Brass Band, hainbat herrialdetako kideak dituzten Jingle Django eta Orquesta de Ermesinde, Frantziako Sopa Loca, Erresuma Batuko Flat Cap Brass taldea eta Espainiako Los Muchachos Brass eta Befunkbop taldeak aukeratu dituzte lehian aritzeko. Horiez gain, Biflats taldea arduratuko da Herrialde Katalanetako musikaz, eta 3indarrok Elektrotxaranga izango da Euskal Herria ordezkatzen. Haizetara jaialdian, garrantzi handia ematen diote musika aniztasuna bermatzeari. Bestalde, lehiaketan hiru sari nagusi banatzen dituzte, 10.000 eta 1.000 euro bitartekoak.
Musikaz gain, beste hainbat ekintza ere izango dira asteburuan Zornotzan; hasteko, jaialdiak iraun bitartean, Katxarrismos musika tresnen erakusketa ikusgai egongo da.
Bestalde, bihar, musika eta birziklatzea uztartzen dituen Trakamatraka egitasmoak umeentzako kontzertu didaktiko bat emango du, 12:00etan, Zelaieta parkean, eta Swing Side Bilbao dantza konpainiak ere emanaldia egingo du. Hori gutxi ez, eta bakoitzak barnean duen musikaria atera eta inprobisazioa lantzeko jam session bat antolatu dute. Interesa duenak izena ematea besterik ez du.
Dabid Murillo antolatzaileetako batek dio Euskal Herrian halako formatua duen «jaialdi bakarra» dela Haizetara. Eta bakantasun horrek festibala «berezi» bihurtzen duela azpimarratu du. «Kaleak bide ematen du musikariak eta ikusleak elkarrengandik oso gertu egoteko». Antolatzaileek beste herrialde batzuetatik hartu zuten jaialdia egiteko ideia: Zornotzan, baina, Frantzian edo Alemanian ez bezala, kontzertu denak doakoak izaten dira. Halaber, antolatzaileek aitortu dute jaialdi formatu hori Europa hegoaldean zabaltzen ari dela.
Haizetara jaialdia
Gaur eta bihar Zornotzan (Bizkaia).