«Haurra gure artera heldu zeneko unea sekula ahaztuko ez dugun une horietako bat da». Kafetegi atarian eserita, alaba batetik bestera korrika dabilen bitartean, telebistako berri emaileari zuzenduriko esaldi gozo bat da. Minutu eta erdi eskaseko argi printza, pantaila belztu, irudiak hoztu eta sei ataleko drama kriminal makurra martxan jarri aurreko arnasaldia.
El caso Asunta izenez eraman du Netflixek fikziora 2013an piztu eta gaurdaino oihartzuna duen auzia, Asunta Basterra 12 urteko neskato gaztearen hilketaren eta ostera haren gurasoak hemezortzi urteko kartzela zigorrera kondenatu zituen prozesu judizialaren inguruko istorioa.
Duela hamar urte, Asuntaren auziak ikaragarrizko jarraipen mediatikoa izan zuen, baina, aktualitatetik harago ere, haren inguruko ekarpen bereziak egin izan dira. Cruz Morcillo kazetariak El crimen de Asunta liburua argitaratu zuen 2014an, ABC egunkarirako eta Telecinco kateko Ana Rosaren saiorako Asuntaren auziaz egindako jarraipena laburbilduz. ETBk, berriz, El caso Asunta atala eman zuen 2016an El lector de huesos saio dokumentalean, Paco Etxeberria auzitegi medikuak autopsiaren inguruan egindako irakurketa bilduta.
Haien guztien gainetik dago krimen istorioetan trebaturiko Elias Leon Siminiani dokumentalgileak 2017an Atresmediarentzat egindako izen bereko lau ataleko telesaila. Siminianik krimenaren benetako agertokiko espazio hutsak baliatu zituen, indarkeriaren eta giza kondizioaren inguruko gogoeta iradokitzaileak plazaratzeko.
Orain, Fariña eta En el corredor de la muerte telesailetan Galiziako narkotrafikoa eta Pablo Ibarren auzia fikziora eraman dituzten sortzaileek egin diote kosk Asuntaren auziari. Planteamendua bera da haien ekarpen nagusietako bat; izan ere, fikzioaren bitartez iritsi dira orain arte plazaraturiko dozenaka dokumental ailegatu ez diren lurraldera. Alegia, telesailak familiaren unerik intimoenak esploratu ditu, albistegietako kamerek sekula erregistratu ezin izan dituztenak, baita polizia ikerketaren bilakaera xehatua ere.
Arte departamentuak egindako birsortze lana sekulakoa izan da, errealitateko sekuentzia jakinak zehatz-mehatz eraman dituzte pantailara, dokumentalaren eta fikzioaren arteko marra erabat lausotzeraino. Aparteko aipamena merezi du Candela Peñaren interpretazioak; Rosario Portoren azalean bete-betean barneratu da, eta ahoskera zein gorputz keinuak fideltasun osoz imitatu ditu.
Haren alboan ageri diren aktoreen zerrenda ere ez da nolanahikoa. Javier Gutierrez, Maria Leon, Raul Arevalo, Francesc Orella... Telesaila Espainiako lehen mailako antzezlez beteta dago, dozenaka sari eta puntako proiekturen protagonista izan dira haiek denak.
Akaso, Asunta Basterraren gurasoak hasiera-hasieratik moralki epaitu izana da telesailaren hanka sartze nagusia. Bikote protagonistaren konplexutasunean sakondu ordez, lehen minututik haien gainean laino beltz bat ezarri du. Ez dira gutxi Asuntaren auzian guztiz argitu gabe geratu ziren xehetasun esanguratsuak, eta horiek ere mereziko lukete bigarren irakurketa bat, fikzioaren betaurrekoak jantzita.
fitxa
- Sortzaileak. Ramon Campos, Gema R. Neira, Jon de la Cuesta eta David Orea.
- Aktoreak. Candela Peña, Tristan Ulloa, Javier Gutierrez, Maria Leon eta Carlos Blanco.
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama eta krimena.