David Barbero. Idazlea

«Espainiako monarkia erreformatzeko ahalegina berandu dator»

'El secreto de Letizia O.' liburua aurkeztuko du bihar David Barberok, Bilbon. Espainiako errege familian giroturiko eleberria da, eta aurkezpenera borboitarrez mozorroturik joateko eskatu du idazleak.

MARISOL RAMIREZ / ARP.
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Aurkezpen bitxia egingo du bihar David Barberok (Burgos, Espainia, 1944), Bilboko Larruz jatetxean (Uribitarte, 24), 20:00etan. El secreto de Letizia O. eleberria aurketuko du idazleak, eta bertara joaten direnei Espainiako erregearen familiako kideez mozorrotzeko edo «haien bereizgarriren bat» eramateko eskatu die.

Nolatan bururatu zaizu horrelako aurkezpen xelebrea?

Ez dugu nahi liburua ikerketa analitiko soil baten antzera aurkeztu, edota eleberriaren ezaugarrietara bakarrik mugatu. Tonu atsegin eta lasai bat eman nahi izan diogu, eta norbaitek Espainiako erregearen familiako bereizgarriren bat eramaten badu, asko eskertuko dugu. Hala ere, ez da hori berrikuntza bakarra. Ekitaldian Banarte antzerki taldeko aktoreak egongo dira, eta irakurketa dramatikoa egingo dute.

Liburuen aurkezpen tipikoekin hausteko modua ere bada, ezta?

Bai. Esperientzia badut beste liburuen aurkezpenetan, eta, oro har, nahiko aspergarriak egiten ditugula esango nuke. Diskurtsoa prestatzen dugu, analisi sakonak egin ohi ditugu, seriotasuna mantentzen dugu... Uste dugu ezaugarri horiekin guztiekin jende gehiago erakartzen dugula, baina oker gabiltza. Sinpletasunean oinarritzen bagara eta helburu gisa jendearengan irribarreak sortzea badugu, aurkezpen on bat egin dezakegu. Jendeak ongi pasatzea nahi dugu.

Argumentu aldetik, zer aurkituko dugu liburuan?

Intriga eleberria da. Hasieran pertsonaia batek xantaia egingo dio Letizia printzesari, eta baldintzak betetzen ez baditu, bere sekretu bat lau haizetara zabalduko du. Horixe da bukaera arte mantenduko den misterioa. Istorioan fikziozko pertsonaiak daude, baina baita erregearen familiako, gobernuko eta kazetaritza alorreko pertsonaiak ere. 2007an girotuta dagoenez, orduko pertsonaiak agertzen dira: gobernu presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero, Mariano Rajoy, Alfredo Perez Rubalcaba... Kazetariak ere agertuko dira. Adibidez, Pedro J. Ramirez eta Juan Luis Cebrian. Nire izena daraman pertsonaia bat ere badago. Izan ere, lizunegia iruditzen zitzaidan beste pertsonen izenak erabiltzea eta ni bertan ez agertzea. Berezitasun handia duen pertsonaia da nirea.

2007an ba al zegoen gaur egun dagoen eztabaida Espainiako errege familiaren inguruan?

Bai, uste baino gehiago. Adibidez, 2007an, Iñaki Urdangarin lehenengoz urrundu zuten New Yorkera [AEB]. Hara bidaltzeko, zerbait egingo zuen. Oso berandu izan dugu gertakari horren berri, baina orain hilabete gutxi jakin dugun guztiaren prozesua uste baino luzeagoa izan da. Espainiako errege Juan Carlos I.ak elefante dezente hilko zituen ordurako ere. Orain bost urte horrelako gertakariak estaltzeko joera zegoen gizartean.

Gaur Espainiako errege familiak duen egoera ez da samurrena, ezta?

Ez. Koroaren aurkako haizea dabil joka, eta oso indar handiarekin gainera. Oso begi bistakoa da. Luze gabe ezustekoak egon daitezkeela esango nuke. Oinordekotzan oinarritzen den sistema hori XXI. mendean erreformatzeko ahalegina berandu dator. Dena den, egungo gizarteak politikarekiko duen pentsamendua ez da monarkiara edo errepublikaren arteko eztabaidara soilik mugatzen; sistema demokratiko osoa jarri du zalantzan jendeak. Egungo egiturak hutsune asko ditu, gehiegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.