Zalantzazkoa da oraindik Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak zein neurritan behartuko dituen streaming plataformak edukiak euskaraz ematera. Baina legea tramitazio bidean dela, Amazon Prime Videoko plataformak hau iragarri du: «Amazonen Espainiako film eta telesail original berriak euskarara, katalanera eta galegora azpidatzi edota bikoiztuko dira». Orain arte ez du halakorik egin ordainpeko plataformak.
Koro Castellano Amazon Prime Videoko Espainiako zuzendariak beste hedabide batean esandakoa berretsi dio BERRIAri, hitza hauekin: «Espainian daukagun aberastasunik handienetakoa kultur eta hizkuntza dibertsitatea da, eta Amazon Prime Videon sustatu nahi dugu edukiak katalanez, euskaraz eta galegoz ikusi ahal izatea».
Kontraesankorra da adierazpena Amazon Prime Videok orain arte erakutsi duen bidearekin, ez baitu orain arte telesailik ekoitzi ez katalanez, ez galegoz, ez euskaraz. Esate baterako, Gipuzkoako zenbait herritan grabatu du El Internado: Las Cumbres suspentsezko telesaila, eta euskarazko hitz bakar bat ez da entzuten fikzio horretan.
Amazon Prime Videon 98 lan ikus daitezke katalanez. Euskarazko audioarekin eta azpidatziekin Dragoi Bola-ren bi film baino ez zeuden duela gutxira arte.
Pantailak Euskaraz ez da fio
Amazon Prime Videok asteon aurkeztutako proiektuen artean, Amaia Muruzabal (Iruñea, 1979) gidoilari eta ekoizle eragile duen Reina roja telesaila dago. Juan Gomez-Juradoren eleberrietan oinarritutako fikzio bat da, eta ezohiko adimena duen emakume baten gorabeherak kontatuko ditu. Los Farad telesaila, bestetik, 1980ko hamarkadako Marbellan (Espainia) girotuko dute. Sin huellas izeneko paella westerna, berriz, Bartzelonan eta Alacanten (Herrialde Katalanak) girotuko dute, eta zuzendarien artean Koldo Serra (Bilbo, 1975) egongo da.
Aurkeztu dituzten filmen artean —eta euskaraz ere ikusi ahalko direnen artean— honakoak daude: Awareness zientzia fikziozko pelikula eta Mañana es hoy komedia.
Ikusteko dago beste plataformek zer bide hartzen duten. Pantailak Euskaraz taldeak ontzat jo ditu Castellanok egindako adierazpenak, baina kezkaz ohartarazi du: «Ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hori ekinbide propioz egin duten ala 2022an tramitazio parlamentarioan dagoen, eta 2023rako indarrean egotea espero den Ikusentzunezko Lege Orokor berriak ezarri ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten». Talde euskaltzalearen aburuz, «borondate ona» erakusteko «aukera aparta» dute orain: «Euren katalogoan dituzten, euskarara bikoiztuta dauden, baina euskarazko audiorik gabe eskaintzen dituzten film eta telesail guztiak ere euskaraz ikusteko aukera txertatu dezatela». Adibidetzat jo dituzte Ballerina eta Playmobil filmak zein Dora esploratzailea eta Hirukiak marrazki bizidunetako telesailak. Euskarara bikoiztuta daude, baina ezin dira plataforman hizkuntza horretan ikusi.
Pantailak Euskaraz-ek «pozgarritzat» jo du enpresa pribatu handi batek euskararen bikoizketaren eta azpidatzien aldeko hautua egitea. «Baina ezin da euskararen presentzia euren hautuan soilik utzi. Legez bermarazi behar da, izan ere, aldeko hautua egin duten era berean egin dezakete bihar kontra. Euskal gizarteak eta euskarazko bikoizketa eta azpidatzien sektoreak egonkortasuna eta epe luzerako bermeak behar ditu kalitatezko zerbitzua eman eta jaso ahal izateko».
Euskararen Kontseiluarekin, Topagunearekin eta Hekimenekinelkarlanean jarraituko du Pantailak Euskaraz-ek Espainiako lege berrian jaso dadin plataformek hizkuntza gutxituetan behar dituztela izan edukien %6. Halaber, RTVEn edukiak euskaraz eskaintzeko eskaerarekin jarraituko dute. «Legeak bete daitezen, bestalde, beharrezkoak dira ikus-entzunezko kontseiluak sortzea EAEn eta Nafarroan».
Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu
Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu