Astronomia

Esne Bidearen erdiko zulo beltzaren irudia erakutsi dute

Sagittarius A* izena du eta Lurretik 27.000 argi urtera dago. Erraldoia da, lau milioi Eguzkiren parekoa.

jarraia213300.jpg
jakes goikoetxea
2022ko maiatzaren 12a
17:10
Entzun

Esne Bidearen bihotza erakutsi dute gaur: galaxiaren erdian dagoen zulo beltza. Sagittarius A* du izena (Sgr A*). Berez, zulo beltza ezin da ikusi, guztiz iluna baita —argia ere irentsi egiten du—, baina haren inguruko gas distiratsuak zulo beltzaren egituraren eta itxuraren berri ematen du: eremu ilun bat erdian eta eraztun distiratsu bat inguruan. Sagittarius A* erraldoia da: lau milioi Eguzkiren parekoa, eta 44 milioi kilometroko diametrokoa. Lurretik 27.000 argi urte ingurura dago. Gaurko aurkezpenean alderaketa bat egin dute: Lurretik Ilargian legokeen CD bat ikustearen parekoa da. 

EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopio taldeak egin du aurkikuntza, eta munduko hainbat lekutan aurkeztu du, aldi berean. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak. Ez da teleskopio bakar batek ateratako irudia, munduko zortzi erradioteleskopioko sare batek lortutako datuekin osatutako irudia baizik. Zortzi erradioteleskopioen ahalmenak batu eta teleskopio birtual bat sortu zuten, nolabait esateko. 2017ko hainbat gautan behatu zuten Sagittarius A*, eta datuak pilatu zituzten. Munduko 80 ikerketa institututako 300 ikertzailek parte hartu dute. Aurtengo martxoan beste behaketa kanpaina bat egin zuten, eta 2017koan baino teleskopio gehiagok parte hartu zuten.

Zientzialariek ikusten zuten izarrek zerbait trinkoaren eta handiaren inguruan orbitatzen zutela, baina ikusezina zen ikertzaileentzat. Orain baieztatu dute Esne Bidearen erdiko elementu hori zulo beltz bat dela. Uste dute, gainera, galaxia gehienen erdian dagoela zulo beltz bat.

«Harritu egin gintuen ikusteak eraztunaren neurria zein ondo bat datorren [Albert] Einsteinen erlatibitatearen teorirarekin», azaldu du Geoffrey Bower EHT proiektuko zientzialariak. «Behaketa hauekin askoz ere hobeto ulertzen dugu gure galaxiaren erdigunean gertatzen dena, eta gehiago ezagutzen dugu zulo beltz erraldoi horiek nola elkar eragiten duten haien inguruarekin».

2019an, M87*

EHTk 2019ko apirilean erakutsi zuen zulo beltz baten lehen irudia: M87*, Messier 87 galaxiaren erdian. Bi galaxien itxura oso antzekoa da, baina Sagittarius A* M87* baino mila aldiz txikiagoa da. «Bi galaxia motak guztiz ezberdinak dira, bi zulo beltzen masak oso ezberdinak dira, baina zulo beltzen ertzaren inguruak oso antzekoak dira», zehaztu du Sera Markoffek, EHTko Zientzia Batzordeko presidenteordeak.

Zailagoa izan da Sagittarius A*-ren irudia lortzea M87*-rena lortzea baino, Sagittarius A* Lurretik gertuago badago ere. Bi zulo beltzen inguruko gasa abiadura berean mugitzen da, ia argiaren abiaduran; baina M87*-n egunak eta asteak behar ditu zulo beltzak inguratzeko, eta minutuak, berriz, Sagittarius A*-ri itzuli bat emateko. «Ondorioz, Sagittarius A*-ren inguruko gasaren distira eta eredua oso azkar aldatzen ziren, EHTko ikertzaileek behatzen zuten bitartean», Chi-kwan Chan ikertzailearen arabera. Zailtasuna hobeto ulertzeko: «Bere isatsari segika ari den txakurrari argazki garbi bat ateratzen saiatzea bezala izan da». M87* errazagoa eta egonkorragoa zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.