Zientzia

Esne Bidearen 'bihotz' beltza

Sagittarius A* Esne Bidearen erdiguneko zulo beltzaren lehen irudia aurkeztu dute. Lau milioi Eguzkiren parekoa da, eta 27.000 argi urtera dago. EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopio taldeak osatu du irudia, 2017ko behaketetan ateratako irudiekin eta lortutako datuekin.

Argazki oina argazki oi oina argaina argazki oina argazki oina. ARGAZKILARIA.
jakes goikoetxea
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Esne Bidea galaxiak badu bihotza: zulo bat da, zulo beltza, eta atzotik aurrera haren itxura ezaguna da. Erroskilla baten modukoa da: erdigunea beltza eta ingurua argitsua. Irudien arabera, zuloaren ingurua su kolorekoa da, baina tonu laranja, hori eta gorri horiek jatorrizko zuri-beltzeko irudiari gehitutakoak dira,koloretako munduan zuri-beltzekoak ez baitira hain ikusgarri, aurkeztutakoa Esne Bidearen erdigunean dagoen zulo beltzaren lehen irudia bada ere.

Esne Bidearen erdiko zulo beltzak Sagittarius A* du izena (Sgr A*). Berez, zulo beltza ezin da ikusi, guztiz iluna baita —argia ere irentsi egiten du—, baina haren egituraren eta itxuraren berri ematen du inguruko gas distiratsuak. Zulo beltzaren inguruan orbitatzen duen gasa da zuloaren inguruan ikusten den erroskilla. Zulo beltzak deformatu egiten du hara hurbiltzen den argia, haren grabitate indartsuagatik.

Zientzialariek ikusten zuten zulo beltzaren inguruko izarrek zerbait trinkoaren eta handiaren inguruan orbitatzen zutela, ibilbide eliptikoak eginez, baina orbita horien erdigunea ikusezina zen haientzat. Orain baieztatu dute Esne Bidearen erdiko elementu hori zulo beltz bat dela. Uste dute, gainera, galaxia gehienen erdian dagoela zulo beltz bat.

Sagittarius A* erraldoia da: lau milioi Eguzkiren parekoa, eta 44 milioi kilometroko diametrokoa. Lurretik 27.000 argi urte ingurura dago. Alegia, Lurretik jasotako datuek 27.000 argi urte behar izan dituzte Sagittarius A*-tik Lurrera iristeko. Eta datu horiek eta datuekin osatu den irudiak erakusten dute nolakoa zen Sagittarius A* duela 27.000 argi urte. Zehazki, Lurreko teleskopioek jasotzen dutena zulo beltzaren inguruan orbitatzen duten partikulen erradiazioa da, zulo beltzak partikula horiek irentsi aurretik.

Atzoko aurkezpenean alderaketa bat egin zuten, Lurretik zulo beltza ikusteak eskatzen duen ahalmena eta zehaztasuna irudikatzeko: Lurretik Ilargian legokeen CD bat ikustearen parekoa da.

EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopio taldeak osatu du Sagittarius A* zulo beltzaren irudia, eta atzo aurkeztu zuen munduko hainbat lekutan. Taldean egindako lanaren emaitza baita: munduko 80 ikerketa institututako 300 ikertzailek parte hartu dute. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.

Ez da teleskopio bakar batek ateratako irudia, munduko zortzi erradioteleskopioko sare batek lortutako datuekin osatutako irudia baizik. Zortzi erradioteleskopioen ahalmenak batu, eta teleskopio birtual bat sortu zuten, nolabait esateko. Proiektuaren arduradunek esan izan dute Lurraren neurriko teleskopio bat behar dela zulo beltz horiek behatu ahal izateko. 2017ko apirilaren 4tik 14ra bitartean, hainbat gautan behatu zuten Sagittar ius A*, eta datuak eta irudiak pilatu zituzten. Izugarri: teleskopio baten behaketa segundo batean 30 GB inguru pilatu daitezke. Atzo aurkeztutakoa ez da argazki bat. Zortzi teleskopioek eskuratutako milioika irudiekin osatutako irudia baizik. Aurtengo martxoan beste behaketa kanpaina bat egin zuten, eta 2017koan baino teleskopio gehiagok parte hartu zuten.

Sagittarius A*-ren itxurak ez ditu ikertzaileak harritu. Izan ere, aurretik lortu zuten beste zulo beltz baten irudiaren oso antzekoa da. Sagittarius A*-rena ez baita zulo beltz baten lehen irudia. EHTk 2019ko apirilean erakutsi zuen zulo beltz baten itxura lehen aldiz: M87* izan zen, Messier 87 galaxiaren erdiko zulo beltza.

Esne Bidearen eta Messier 87 galaxiaren itxura oso antzekoa da, baina M87* Sagittarius A* halako mila da. «Bi galaxia motak guztiz ezberdinak dira, bi zulo beltzen masak oso ezberdinak dira, baina zulo beltzen ertzaren inguruak oso antzekoak dira», zehaztu zuen atzo Sera Markoffek, astrofisikari eta EHTko Zientzia Batzordeko presidenteordeak.

Gas azkarra

Zailagoa izan da Sagittarius A*-ren irudia lortzea, M87*-rena lortzea baino, Esne Bideko zulo beltza Lurretik gertuago badago ere. Bi zulo beltzen inguruko gasa abiadura berean mugitzen da, ia argiaren abiaduran. Baina M87*-n, gasak egunak eta asteak behar ditu zulo beltza inguratzeko; Sagittarius A*-n, berriz, minutuak. Ondorioz, Sagittarius A*-ren inguruko gasaren distira eta eredua oso azkar aldatzen ziren, EHTko ikertzaileek behatzen zuten bitartean. Zailtasuna hobeto ulertzeko, alderaketa bat egin zuen Chi-kwan Chan ikertzaileak: «Bere isatsari segika ari den txakurrari argazki garbi bat ateratzen saiatzea bezala izan da».

«Harritu egin gintuen ikusteak eraztunaren neurria zein ondo datorren bat [Albert] Einsteinen erlatibitatearen teoriarekin», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Geoffrey Bower EHT proiektuko zientzialariak. «Behaketa hauekin askoz ere hobeto ulertzen dugu gure galaxiaren erdigunean zer gertatzen den, eta gehiago dakigu zulo beltz erraldoi horiek nola elkar eragiten duten haien inguruarekin».

Zulo beltzen inguruko elementuek, gehiegi gerturatuz gero, ezin dute haren grabitate indartsutik ihes egin, eta zuloak irentsi egiten ditu. Zulo beltzak espazioko Gargantua aseezinen moduan aurkeztu dira, unibertsoko izarrak, gas hodiak eta asteroideak irensten. «Sagittarius A*-n, ordea, materialaren tanta jario bat baino ez dugu ikusten zulo beltzeraino», Michael Johnson Harvardeko Unibertsitateko astrofisikariaren arabera. «Gizakiekin alderatuz gero, milioi bat urtean arroz ale bat bakarrik jatearen parekoa litzateke». Alde horretatik, Sagittarius A* ohiko zulo beltza da, «isila eta jardueragabea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.